Robles-Arangiz, kulturgile nekaezina
Ugutz Robles-Arangiz kulturgile eta euskaltzalea atzo hil zen, 83 urterekin. Atzean uzten ditu hamarkada ugaritara luzatzen diren hainbat kultur egitasmo, baita Ipar Euskal Herriko ikastolen alde erakutsitako konpromisoa ere. Antzerkigintzan lan oparoa egin zuen; Euskal Antzerkilarien Biltzarrean parte hartuz, esaterako.

Txiste kontalaria, antzerkigilea, dantzaria, abeslaria... Euskal Herria eta euskara erdigunean jarriz, oso bestelako kultur eta herri egitasmoetara lotu zen bere bizitzan Ugutz Robles-Arangiz zendu berria.
Frankismotik ihes egin behar izan zuen familia abertzale batean sortu zen Ugutz, 1939an, Bidarten. Aita, Manu Robles-Arangiz, ELA sindikatuko lehendakaria izan zen. Estitxu, arreba, goizegi zendutako kantari aparta; Irkus anaia, margolaria; Naia iloba, abeslaria; Ugutz bera, txiste kontalaria eta kantaria… Joseba Aurkenerena idazle urruñarrak esan bezala, «denak sendi honen adarretatik sorturiko artistak ditugu».
Ugutz Beskoitzeko eskolara joan zen 1944tik goiti. Gerla denboran, familia ahal bezala bizi zen laborantzaz, aita erresistentzian sartua zelarik. Robles-arangiztarrak 1952an itzuli ziren Bilbora eta Bizkaiko hiriburuan lau haizeetara zabaldu zuen Ugutz gazteak bere kulturzaletasuna.
Arte eta Ofizioen Eskolan ikasi zuen eta pintura, antzerki eta dantza alorretan jarduteko aukera baliatu zuen. Txinparta taldean aritu zen antzerkia egiten, eta dantzari gisa, berriz, Olaeta balletean. Tenore gisa ere aritu zen kantuan Soroak laukotearekin.
Bi anaia atxilotu zituztenean 60ko hamarkadan, 21 urte zituela, Ipar Euskal Herrira itzuli zen. Antzerkigintzaren aro oparoa bizi izan zuen. Beskoiztarrak taldearekin aritu zen eta Telesforo Monzon eta Piarres Larzabalen antzezlanak taularatu zituen. Daniel Landarten bultzadapean eratu zen Euskal Antzerkilarien Biltzarreko partaide izan zen. 1970eko hamarkadaz geroztik umorearen generoa bere egin zuen. Txiste kontalari jardun zuen hainbatetan.
Bizitza osoan zehar bultzatu zuen euskal kultura, betiere ikuspegi abertzalea txertatuz. Ikastolen aldeko zein bakegintza sustatzeko ekimenak babestu zituen.

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa
