Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Auzolana

Munduan askok bezala, euskaldunek, auzoko edo herriko lanak egin behar zirenean –eta direnean–, bizilagunak elkartu eta dena delako lan komunitarioari ekin izan diote, auzolanean. Kaminoak konpondu, basoa garbitu, haurrentzat jolaslekua apaindu, artazuriketak, auzotar bati lagundu… Hamaika izango dira elkarrekin aritzeko lanak, elkarri laguntzekoak, herritarrentzat onura ekarriko dituztenak. Eta horrek guztiak kolektibitateari indarra ematen dio, norberekeria urrundu eta arazoak elkarlanean konpontzeko balorea goresten du. Leku askotan galdu da ohitura osasuntsu hori; beste batzuetan, ordea, bizirik mantentzen dute. Juankarrek dio Igeldon bizilagunen arteko batasuna eta elkar laguntza indartzen dituela, eta onurak baino ez dizkiola ekartzen herriko bizimoduari. Auzolana bizitza sozialera pasa izan da beste eredu batzuekin, herritarren antolakuntza hamaika elkartetan gauzatu izan baita. Elkartzearen kulturak auzolanaren tradizioari heltzen dio; eta arazoei, nahiei, egitasmoei elkarrekin heltzeko ekimen ederrak dira. Euskal Kontalaritzak ezinbestekoa du elkarlana, kontalaritza ezagutarazteko, formazioak bultzatzeko, zirkuitu duinak bultzatzeko, arte eszenikoetan txertatzeko, helduen ikuskariak hedatzeko, administrazioaren burokraziari aurre egiteko, fiskalitateaz aritzeko… Ez da ez bide erraza, euskal kulturan aritzen diren hainbeste sortzaile eta artistari gertatzen zaien bezala. Eta horrek guztiak estrategia bat eskatzen du. Auzolanaren estrategia. Kontalaritzaren auzolana.