Jake Daniels: «Prest nago ni neu izateko, aske izateko»

Jake Danielsek, Ingalaterrako bigarren mailan lehiatzen den Blackpool FC taldeko 17 urteko futbolariak, gay-a dela adierazi zuen Sky Sports hedabideari emandako elkarrizketa batean. 1990ean Justin Fashanuk homosexuala zela esan zuenetik, Europan jardunean dagoen lehen futbolaria da gay-a dela publikoki esaten duena.
Futbolariak azaldu zuenez, adierazpen horrekin espero duen bakarra da beste batzuentzako inspirazio iturri izatea eta beraien benetako izaera erakusteari beldurra galtzea. Bere taldekideek babesa erakutsi diotela esan zuen: «Orain da hori egiteko une egokia. Jendeari nire historia kontatzeko prest nagoela sentitzen dut. Jendeak nire benetako nia ezagutzea nahi dut. Denbora asko daramat nola egin nahi dudan, noiz egin nahi dudan pentsatzen. Badakit orain dela unea. Prest nago ni neu izateko, aske izateko eta edozertan konfiantza izateko».
«Ezin dizut datarik jarri, baina ziur aski bospasei urte nituen gay-a nintzela jakin nuenean. Aspaldi bizi naiz gezurrarekin. Adin horretan ez duzu uste futbola eta gay izatea ez direnik nahasten. Pentsatzen duzu egun batean, nagusi izatean, andregai bat izango duzula eta aldatu egingo zarela».
«Baina zahartu ahala ohartzen zara ezin zarela besterik gabe aldatu. Ez du horrela funtzionatzen. Iraganean neska-lagunak izan nituen, nire kide guztiek heterosexuala nintzela pentsa zezaten, baina egia estaltzea besterik ez zen. Eskolan jendeak galdetzen zidan: ‘Ziur zaude ez zarela gay-a?’. Eta nik erantzun: ‘Ez, ez naiz’».
«Ez nengoen prest eta borroka bat izan zen, baina ez dut gezur gehiagorik esan nahi. Denbora luzean pentsatu nuen nire egia ezkutatu beharko nuela futbolari profesionala izan nahi nuelako, orain naizen bezala».
«Neure buruari galdetu nion ea erretiratu arte itxaron beharko nuen kontatzeko. Futbol profesionalean ez du beste inongo jokalarik egin».
«Hala ere, banekien horrek denbora luzean gezurra esatera eramango ninduela, eta ezin izango nintzela ni neu izan, ezta nahi dudan bizitza eraman ere. Nire familiarekin, klubarekin eta taldekideekin armairutik irten nintzenetik, gauza guztietan gehiegi pentsatzeko tarte hori eta honek sortzen zuen estresa joan egin dira. Nire osasun mentala kaltetzen ari zen. Orain seguru eta pozik nago azkenean ni neu izanda».
«Lehenik amari eta arrebari esan nien, haiekin bizi bainaiz. ‘Bai, bagenekien’, erantzun zidaten. Gero familia osoari esan genion, eta une hartan nahiko beldurtuta nengoen, ez nekielako nola erantzungo zuen aurreko belaunaldiak. Ez nuen kezkatu behar. Hainbeste mezu jaso ditut esanez: ‘Harro gaude eta babesa ematen dugu’. Harrigarria izan da».
«Amari eta arrebari esan eta hurrengo egunean, Accringtonen aurka jokatu genuen [gazte mailako partida batean], eta lau gol sartu nituen; beraz, honek erakusten du gainetik zenbat pisu kendu nuen eta zer lasaitua hartu nuen».
«Eta Blackpool-ena ere sinestezina izan da. Egunero egoten naiz taldekoekin, eta seguru sentitzen nintzen. Nire taldekideek laguntza handia eman didate eta guztiek babestu naute. Galdera pila bat egin dizkidate, denak jakin-minez, eta haien erreakzioa bikaina izan da. Hori da eska nezakeen gauzarik onena».
«Jakina, denak harrituta zeuden nolabait, eta zergatik ez nien lehenago esan galdetzen zuten. Erreakzio ederra izan zen, axola zitzaiela erakutsi zuelako. Kapitaina izan zen kontatu nion pertsona nagusietako bat, eta galdera asko egin zizkidan. Azkenean esan zuen: ‘Oso harro nago zutaz’. Asko esan nahi du. Jendeak galderak egiten dituenean gustatzen zait. Dena atera nahi dut eta jendeak entzun dezala nire istorioa».

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa
