Mikel Urdangarin eta BOS, urtemugako luxuzko opari klasikoa
Musikagintzan egindako 25. urteurrenaren baitan garatzen ari den proiektu nagusia aurkeztu zuen atzo Mikel Urdangarinek Bilbao Orkestra Sinfonikoarekin (BOS) batera: bi ospakizun –Orkestrak ere ehun urte bete baititu aurten– batzen dituzten diskoa eta kontzertuak. Bide batez, «zirkulu» bat itxiko du egitasmoak.

Mikel Urdangarinek ez zuen asmorik aurten betetzen duen urteurren biribil hau ospatzeko. Horrela aitortu izan du behin baino gehiagotan. Baina musikagintzan 25 urte betetzea, batez ere garai nahasi honetan, ospatzeko modukoa da. Bizitzak ezusteak ematen dizkigu, eta batzuetan –behar baino gutxiagotan, tamalez– atseginak suertatzen dira. 25. urteurren honek opari berezi bat ekarri diolako Zornotzakoari eta, bide batez, hainbeste urtetan mantendu eta zabaldu dituen jarraitzaileei.
Euskalduna Jauregian aurkeztu zuten “100/25 BOS- Mikel Urdangarin” egitasmoa. Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa duen proiektua izanik –«Bizkaiak munduan dituen bi enbaxadore bikain» direla gogorarazi zuen Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak–, Bilboko Aste Nagusian ohorezko lekua gorde diote: abuztuaren 20an, Aste Nagusiko lehenengo larunbatean, Abandoibarran, egingo baita estreinaldia, kontzertu batean. Ondoren beste zuzeneko batzuk egingo dira. Baieztaturik daudenen artean, Getxo eta Musikebarri daude.
Gasteizko gau haiek
Azken hamar hilabeteotan landu duten diskoa aurkeztuko da kontzertuetan: berezia hainbat ezaugarrirengatik. BOSentzat, Ibon Aranbarri Bilbao Orkestra Sinfonikoaren zuzendari nagusiak aipatu zuen legez, «mugarri nagusietako bat delako mendeurrenaren ospakizunetan». Gainera, orkestraren helburuarekin bat egiten du; hots, «musika klasikoko orkestra modernoa izatea, publiko desberdinetara iristeko gai dena».
Zornotzako kantariarentzat, zurrunbilo antzeko bat izaten ari da. «Ez nuen asmorik urteurrena ospatzeko, baina orkestrarekin lan egiteko gonbita jaso nuenean dena aldatu zen; agenda aldatu genuen».
Ezohiko aukera honi zukua ateratzen ari zaio, buru-belarri sartuta baitago “25 Tour” nazioarteko biran eta, era berean, proiektu “klasiko” honetan: «Kantariok egiten ditugu kantak, ahal bada transmisioaren parte izan daitezen: lehenengo emozioak transmititu nahi ditugu eta gero, kanta bera. Kanta batek irautea da nire ametsa, eta orkestrak bere gain hartzean kantutegi horren transmisioan ikaragarrizko bultzada da, horrek lagun dezakeelako kanta zenbaitek bizitza luzeago izaten».
Proiektu honekin, gainera, zirkulu bat ixten ari dela aitortu zuen Urdangarinek. Duela 25 urte Gasteizko gauetan egindako lagunak berriz bildu ditu: «Josu Zabalak elkartu gintuenetik, bere ‘istorio’ baterako, begira zenbat kilometro egin ditugun elkarrekin. Proiektu hau modu ederrena da egin dugunari begizta bat jartzeko».
Bingen Mendizabal konpositore arabarra zinemarako soinu banden egile ezaguna da –Montxo Armendariz edo Bajo Ulloaren filmen musikaren egilea da, besteak beste– eta Urdangarinen laguna. Haren kantutegia orkestrarako egokitu du: «Nire kantak beste leku batera eramango ditu orkestrazio horrek».
Motxilak eta kantak
Bidaia honetako gainontzeko kideak ere lagunak ditu. Koldo Uriartek ekoizpena hartu du bere gain –eta kanta bat orkestratu du–, eta Iker Sanchez Silvak orkestra zuzenduko du. «Zuzendariontzat, duela 100 urte egindako musika zuzentzea da ohikoena, baina kreazio berri bat beti da erronka. Gasteizko giro horretan elkar ezagutu genuenetik Mikelen musika eta ibilbidea nirekin egon dira beti; bere musika nire motxilan dago», zioen atzo.
Ez zuten diskoaren xehetasun askorik eman, jakin-mina piztu nahi dutelako zuzenekoetan. Baina zerbait aurreratu zuten: hamabost kantez osatuko da; horien artean obertura bat eta kanta berri bat, oraindik letrarik gabekoa. Kirmen Uribe, Gasteizko gauetako beste kide bat, ari da lan horretan. Beste guztiak kantutegi zaharretik hartutako hamahiru pieza dira. «Aukeraketa nik egin nuen, asko kostatu zitzaidan, ehundik gora kanta direlako eta erotu egin naiz. Oso argi nuen batzuk joango zirela, niri gustatu ala ez, eta batzuk sartu ditut apeta hutsagatik, orkestran pentsatuz. Oso presente izan baitut orkestra, kantak aukeratzerakoan. Bingenek barrura begiratzen du bere lana egiterakoan. Nik emozioa ikusten dut oso presente kanta guztietan, eta hori da inportanteena».

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete
