ZURUTUZA
DONOSTIA

Eskubideen atzerakada ekiditeko, atzera ere borrokara

Lortutako eskubideak ez dira behin-betiko zigilatzen eta, hortaz, urte luzeko borrokak behar izan dituzten aurrerapenak, abortatzeko eskubidea bezala, arriskuan jar ditzake sektore kontserbadoreenak.

Estatu espainiarreko 1985. urteko Abortuaren Legeak 20 urte bete zituenean sortu zuten Nafarroan Abortuaren Batzordea. Bertako kide Amaia Santestebanek NAIZ Irratian azaldu zuen mugimendu feministak lege berri baten aldeko mobilizazioa abiaraztea erabaki zuela «gaiari heltzeko» unea zela iritzita. Estatu mailan ekin zitzaion lanketari, baita Hego Euskal Herrian ere. Garai hartan «PSOE lege aldaketa bat planteatzen ari zen eta momentu erabakigarria zen kalera atzerako», esan zuen. Eta hala egin zuen mugimendu feministak, 2008an Iruñean eta 2009an Bilbon, abortatzeko eskubidearen aldeko bi manifestaziorekin.

2010ean onartu zuten azkenik gaur indarrean dagoen legea. «Paradigma aldaketa bat» izan zen Santestebanen hitzetan, «abortua zigor kodetik atera eta eskubide izatera pasatu baitzen».

Aurrerapauso haren ostean mehatxua iritsi zen, ordea. 2012an Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak «sektore ultrakontserbadoreari erantzuten zion» lege proposamena aurkeztu zuen abortatzeko eskubidea murriztu nahian. Berehala aktibatu ziren feministak. Lanketa sendoa egin zuen Abortuaren Batzordeak, Nafarroan barrena «inurri» lana eginez eta herriz herri egoeraren inguruko informazioa zabalduz.

Borrokak helburuak lortu zituen eta Gallardonek dimisioa aurkeztu zuen. «Ez zuten lortu gure gorputzak kontrolatzeko nahian aurrera egitea».

Lortutakoa arriskuan

Ameriketako Estatu Batuetan abortatzeko eskubidea bertan behera uzteko aukerak argi uzten du, Abortuaren Batzordeko kidearen hitzetan, «eskubideak lortzeko borroka egiten dugula, aurrerapausoak lortzen ditugula, baina bermatuta ditugun eskubideak kendu ahal dizkigutela». Arriskua «beti dago» hor, ohartarazi zuen. Estatu espainiarrean eskuin muturraren gorakadaren aurrean ere argi du eskubideak zalantzan jar daitezkeela: «Aurrera joan beharrean atzera joan gaitezke».

Antzekoa agertu zuen atzo Elena Beloki Iratzar Fundazioko kideak NAIZ Irratian. AEBetan abortatzeko eskubidea bertan behera uzteko aukera ulertzeko gako nagusia munduan zabaltzen ari den «eskuineratze-giroa» da, bere iritziz. «Mugimendu feministaren izugarrizko aurrerapenen» aurrean «emakumeak kontrolatzeko» nahi historikoak mendebaldeko jendarteetan jarrera atzerakoiak piztu dituela esan zuen. Eta horrek «mundu mailan kutsatze efektu bat» izan lezakeela.

Abortuaren aurkako zigorrak indargabetzeko nahiz haurdunaldiaren borondatezko etetea eskubide bilakatzeko, «munduko edozein txokotan» borroka izan da gakoa, Belokiren hitzetan, eta borrokan segitzeko beharra nabarmendu zuen, Ameriketako Estatu Batuetan gertatzen ari denak erakusten baitu eskubideak ez direla «betiko». Nabarmendu zuen «eskubideak bideratzeko» legea tresna bat dela, baina kontuan hartu behar dela nortzuk diren legeen egileak. AEBetan, esaterako, abortatzeko eskubidea bermatzen duen legearen inguruan erabakiko duten epaileen gehiengoa kontserbadorea da eta abortuaren aurka dago.

Oztopoak oztopo eta legeak lege, mugimendu feministarengan konfiantza du Belokik. Mugimendu honek «nazioartekotzeko duen ahizpatasuna» eta «agenda amankomunak martxan jartzeko» duen gaitasuna nabarmendu zituen. Abortuari dagokionez, garrantzitsutzat jo zuen «abortu libre, seguru eta publikoa» aldarrikatzen jarraitzea: «Borroka etengabe honen elementuak izan behar dira, emakume guztiak seguruago sentitzeko».