Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Itxurazkoa

2014ko ekainaren 12an, aurreko bi hamarkadetan hiru kokaleku ezberdinetan ibili ostean, Kolonbiako Libertad herrira heldu zen Askatasunaren estatua. Ez gara New Yorken kokaturik dagoen monumentuaz ari, hiru metro eskaseko koloredun beira-zuntzezko erreplikaz baizik. Inguruko talde paramilitarrek eragindako sexu-indarkeriaren kontra protestan ari zen emakume beltz talde batek harrera beroa egin zion Askatasun andreari eta herriko parke nagusian kokatzea erabaki zuten. Une horretatik aurrera, Askatasunaren estatua beren panpin, zaindari eta marucha izatera igaro zen. Kolonbiako Libertad herriko hori ez da Askatasunaren estatuaren jatorrizko monumentuaren esanahi sinbolikoak ezkutatu edo desitxuratzen dituen historiak azalaratzeko erabiltzen dutena. Hego Amerikan bertan ohikoak dira maroonen itxurako (beren buruak esklabotzatik askatu zituzten afrikarrak) Askatasunaren estatuak. Eta bestelako monumentuek ere antzeko metamorfosia izan dute. Horren adibide dira Andeetako emakumeen arropekin jantzitako Isabel I.aren monumentuak zein mozorroturiko independentzia heroienak. “Mockument” edo itxurazko monumentu izendatzen ditu Paolo Vignolok halako egitasmoak: monumentuak iraganaren esanahia finkatu nahi duen bitartean, itxurazko monumentuak ahalegin hori bera irauli egiten du monumentuaren ustezko izaera sakratua baztertuta.