Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Entrevista
LEIRE VILLANUEVA
ISEO

«Elkarri laguntzea oso ongi dago, baina ez mesede trukean aritzea»

2014an hasi ziren elkarrekin musika sortzen Iseo (Leire Villanueva) eta Dodosound (Alberto Iriarte) eta bide honetan atera duten hirugarren lan luzea da «Blossom». Bost urtez etxean landatu eta zaindutakoa loratu da eta jendaurrean aurkeztera doa orain Nafarroako bikotea.

Aurrekoan ere eguzkipean harrapatu zintugun, baina oraingoan beste goxotasun batekin hartzen da eguzkia, ezta? Udaberrikoaz gainera, disko berriaren loratzea etorri baita. Orkidea baten pare zaindu beharrekoa.

Orkidea bat, gustatzen zait, hemen bakoitzak nahi duen lorea aukera dezake. Gaurko eguzkiak diferente jo eta berotzen duela esan daiteke, bai.

«Blossom» kantuan gaueko loratzea aipatzen da eta badira, hain zuzen, gauez loratzen diren loreak. Zuk naturarekin daukazun konexio hori kontuan izanda, naturari begira dagoen pertsona bat ikusten dut abesti honetan.

Hori da, oso ondo deskribatu duzu momentua. Abestian dauden metafora guztiak naturarekin guztiz lotuta daude. Justu esan duzu gauean loratzen diren loreak existitzen direla eta justu diskoaren portadan agertzen diren loreetako batzuk horiek dira, ’trompetera’ deiturikoak, kantu hau bezala gauez loratzen direnak.

Ikusi duzu loratze hori sekula?

Lore horiena ez.

Zer loratzen da kantu honekin?

Nire kantua da loratzen dena kasu honetan, nire ahotsa. Baina modu orokorrean, disko honen loratzea eta proiektu honen loratzea da kantu honen arrazoia.

Kantu hau zer den galdetu behar dugu, duba, reggaea… Ze hainbat estilo gurutzatzen dira Iseo eta Dodosounden disko honetan.

Diskoa orokorrean dubez bustita dagoela esango nuke. Niretzat dub estiloa, bere ezaugarriak dituen arren, jazz estiloa bezala da, hau da, abesti bat eraikitzeko eta deseraikitzeko prozesu bat da. Gure kasuan Dodok egiten du batez ere duba kontzertuetan, baina disko honetan oso presente izan dugu. Nola errepikatzen diren elementuak delayarekin, oihartzunak, instrumentuak desagertu eta agertzea… Deseraikitze hori eta berreraikitzea dubaren %100a da eta diskoan oso presente dago. 

Reggaea eta duba oso lotuta joan dira historikoki eta disko hau oso reggae ikusten dugula aipatu behar dut. Beste estiloetako kutsu nahiko nabariak dauden arren, azkenean skunka, kontrara doazen gitarra edo teklatuak, abesti guztietan entzun daiteke. Hortaz, horiek biak, duba eta reggaea, egunero daude gure etxean.

Reggae klasikotik edaten duen kanturik bada diskoan, «Rootsy» kantua horren adibide. Baina kantuen hitzei erreparatuz, aipatzen duzue askotan zuhaitz bati begira ahaztu egiten dugula atzean baso bat badela. Elkar zaintzeaz hitz egiten duen kantua da, zerbaitek itsutzen gaituenean kanpoko laguntza behar izaten dugulako.

Disko honetan dauden letrek lagunen arteko erlazioa, bikoteen arteko erlazioa, amodioa, maitasuna aipatzen dituzte… Halako gaiak daude eta abesti honetan kontsolatzea eta babestea aipatzen dira. Horrela atera zaizkigu denbora luze honetan kantuen hitzak, akaso modu ez kontziente batean, baina guztiok modu batean edo bestean behar izan dugula uste dut gauza hauek entzutea, bizi izan dugun egoera oso arraroa delako. Orain, kantuak perspektiban entzutean, konturatzen naiz disko honek errefuxiatzeko tokia eta aukera ematen dituela. 

Norbaiti errepikakorra suertatzen bazaio estilo hau, xehetasunetan sar dadila eta jabetuko da ia ezer ez dela errepikatzen. Sortzen, zein instrumentutatik hasi zarete sortzen disko honetan?

Bada, Iker, hau oso interesgarria da, Dodo eta biok elkarrekin musika egiten hasi ginenean, 2014an, konposatzeko prozesua nahiko mekanizatua zelako. Bateria patroi bat, baxuaren linea gero eta atzetik armonia edo horrelako zerbait izaten zen. Ia-ia beti modu berean hasten ginen eta melodia eta letrekin bukatu. Denbora pasa den heinean, prozesu hori ere aldatzen joan da. Batzuetan horrela egiten ditugu abestiak, baina beste askotan ez. Baxu lineak hasieran lehendabiziko edo bigarren elementua izaten ziren eta gaur egun abestia osorik konposatuta dugula oraindik baxu linearik ez du izaten, ez zaigulako ezer etortzen burura. Hortaz, prozesua aldatzen joan da denboraren arabera.

Atentzioa jarrita, geruza bakoitzean efektua sartu, kendu, haien arteko gurutzaketak egin… Zenbat denbora dagoen eskainita, eta gero hara non datorren norbait atzetik esanez hainbeste denboraren ostean zortzi kantu «soilik» egin dituzuela.

Esan duzun horrek barrua ukitzen dit. Askotan komentatu dugun zerbait delako zeinen azkar ateratzen dituen jendeak abestiak. Hiru astetik behin edo hilabetero single berri bat, fabrika antzeko zerbaitean ariko balira bezala, eta guk ez dugu horrela egiten, abesti bakoitza asko, asko, asko lantzen dugulako. Eta horrek ez du esan nahi asko landu duzun abesti hori momentu batean sortzen duzuna baino hobea denik, e? Elementu garrantzitsuena, ingelesez ‘hook’ esaten zaiona, gantxoa alegia, gehienetan estribilloa dena, momentu batean etortzen da askotan. Kristalezko bola batean sartu eta gero gainerako guztia batean eraikitzen duzu.

Zure feminitatea eta singularitatea aipatzen dituzu «Infinity» abestian, eta horri 24/7 lana egitea gehitzen diozu, karitatearen beharrik ez dagoela. Norberaren feminitate eta singularitatetik lan egin eta sinisten duzun horren alde borrokatzeko deia egiten du abestiak, ezta?

Oso ongi deskribatuta. Emakume bezala ez dut mesederik nahi, ezta etorkortasunik ere, ez dut bide errazago bat hartu nahi emakume izateagatik eta ez dut bide zailagorik nahi, eta hori borrokatzen gabiltzan zerbait da. Horregatik estribilloan esaten dut infinituraino joango naizela nirearen alde borroka egiten energia onenarekin. Nik lana egingo dut eta nahi dudana lortzen saiatuko naiz musikan eta bizitzan, baina ez dut faborerik nahi. Horrela ibili gara hasieratik musika munduan eta uste dut hori dela bide bakarra, lan eta lan aritzea. Ez gara inoiz faboreen esperoan egon eta horrek ere esnatzen zaitu, inork ez dizulako ezer zor eta zuk ere ez, elkarri laguntzea oso ongi dago baina ez mesede trukean aritzea. Urte luzez aritu gara igandea zela konturatu gabe lanean eta hori kontatu nahi izan dugu, energia positibo batekin, ez da kexa bat.

«I wonder» maitasunari idatzitako kantu bat da, baina momentu konkretu batean. Gaur egun «crush» deitzen den horri, gustuko duzunari alegia, begira zauden une hori deskribatzen duzue. 

Ligoteo momentu hori, nola heldu beste horrengana. Nola hasi hizketan, zer galdetu, nola sortu elkarrizketa… Gauez garito batean zaude dantzan eta ez dakit nik nor sartzen da eta hor zintzilik geratzen zara, ‘What? Nor da pertsona hau?’ esanaz. Denoi gertatu zaigu eta guztiok izan dugu momentu hori harengana joan nahi izatea eta ez dakizula nola egin. Urduri jartzen zara, zenbakia eskatu nahi diozu edo hizketan hasi eta ea hari buruz zerbait jakiteko gertukoren batekin edo ezagunen batekin harremanik baduen… Amodioaren aurreko pausoa da, ze gero askotan momentu horretan geratuko da edo gau dibertigarri batean, edo pare batean. Baina hasierako tonteo-ligoteo momentu hori aipatzen da, beharrezkoa dena.