Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA

«Intra» lanarekin errealitate berrira eman du salto Mila Modu taldeak

Hor Konpon taldearen errautsetatik sortu zen Mila Modu 2019an, eta bigarren diskoa kaleratu dute aurten. Barruari begiratzeko hamar kantuz osatutako lana dakarte oñatiarrek, 90etako rock doinuz bustita. «MusikHaria» saioan izan da Xabier Yaniz, taldeko abeslari eta gitarra-jotzailea. Aurkezpen biratxo batean ari dira, kontzertu elektrikoak lotu nahian. Dena den, ekainaren 4an, Oñatiko Olarako jaietan izango dira «Intra» diskoa aurkezten.

“Intra” introspekzio lana egin ostean sorturiko eta hori egitera bultzatzen duen lana da. “Absurdoaren paradisu”-tik errealitate berrira egin du salto Mila Modu talde oñatiarrak. Oso disko rockeroa den arren, pausa batekin entzun eta patxada eskatzen du lanak. «Gustura egindako lana da, denbora izan dugu eta grabaketa atzeratzeak dena patxadaz hartzeko aukera eman digu», kontatu zigun Xabier Yaniz taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak.

Izena ematen dion abestiarekin hasten dute diskoa eta badu nolabaiteko single edo hit kutsu hori. «Bederatzi kantu geneuzkan eginda eta hau azken bi-hiru asteetan sortu zen, hamargarrena egiteko asmoz, zenbaki borobila izateko. Dena laburtu zezala nahi genuen, bai mezu aldetik eta baita musikalki ere, eta hasiera batean diskoa itxi behar bazuen ere, zabaltzen bukatu du», argitu zigun oñatiarrak.

Berriz Elkar estudiora

Grabatu, berriz ere Elkarren grabatu dute oraingo lan hau, baina prozesua oso bestelakoa izan da: «2020ko maiatzeko itxialditik atera eta ekainean sartu ginen aurreko diskoan. Denek batera grabatu genuen eta horrek muga batzuk jarri zizkigun. Prozesua oso desberdina izan da oraingoan; bateria eta baxua egun batean grabatu genituen, baina gitarrak handik hilabetera, ahotsak beste hilabete batera eta koroak azkeneko hilabetera pasa ostean.

Hortaz, gauzak ondo pentsatu, neurtu eta soinu aldetik behar izan dugun denbora hartu dugu. Kutxa desberdin bat erabili dugu abesti bakoitzarekin, reamp teknikarekin grabatu ditugu gitarrak… Exekuzioan baino soinu bilaketan pasatu dugu denbora gehiago».

“19 kolpe” kantua boxeoarekin lotu badaiteke ere, boxeoan 19 kolpe baitaude, batere boxeozaleak ez direla kontatu digu Yanizek. «Covid-19a gora eta behera genbiltzan garaian idatzitako kantua da, eta itxialdian jaso izan ditugun kolpeetako bakoitzari 19 zenbaki hori elkartzetik sortu da izenburua. Iñaki Olalderen letra gordina da eta momentu hartako egoera kontatzen du nabarmen. Dena ahaztu egiten zaigu, baina gobernuek ematen zituzten mezuak-eta gogora ekartzea ez dago gaizki, nola ginen jakiteko», nabarmendu zuen Yanizek.

90eko urteetan ibilitakoak dira eta garai haietako soinuak nabarmen ekarri dituzte disko berri honetara: «Soinu britainiarra ere ekarri dugu eta erabili ditugun distortsioekin-eta garai hartara egin dugu salto; ordukoak gara eta zer egingo diogu! Teknikari batek edo bestek esan izan digu 90etako soinua dugula lehen unetik, baina berezkoa da». Emakumezko ahotsak ere sartu dituzte: Maddi Arlanzon, Naia eta Eider Herraez eta Maddi Santa Cruz.

Memoriaren beharra

Memoria historikoaren zati bat ere berreskuratu dute “Inor ez da inor” abestian. «1967an Fraga Oñatira etorri zen. Teleferiko bat egitea aurreikusita zegoen Arantzazutik Urbiara eta ia-ia egin zuten. Fraga hura ikustera etorri zen, tokia alegia, eta mezetara joan zen Arantzazuko frantziskotarrekin. Aita Lasa zen orduko gidaria eta hari esan zioten Fragari ‘excelentísimo’ trataera eman behar ziola, Francoren ministroa zelako. Aita Lasak ezetz esan zuen, ez zegoela ados horrekin. Baina meza ordua iristean, zera esan omen zuen: ‘Excelentísimo señor ministro, excelentísimos pastores de Urbia’. Berdinetik berdinera tratatu nahi izan zituen Fraga eta Urbiako artzainak eta hori izan zen bere protesta egiteko modua. Hartara, inor ez dela inor baino gehiago esan nahi genuen kantuan eta hori gehitu nahi izan dugu».

Xehetasunez eta askotariko gaiez betetako lana da Mila Moduren disko berria. “Aingurak” kantuan esker onik jaso ez duen lanari buruz dihardute –«gaztea zarenean musikatik bizitzea amesten duzu, baina gero ikusten dugu ez dagoela denentzako tokirik. Auskalo zenbat mutil eta neska dauden egoera horretan, baina aingura askatu eta aurrera egitea baino ez da geratzen»–, eta “Denboraren morroi” izenekoan, esaterako, musikari batek musikari eskaintzen dion ordu kopuruaz: «Bideaz disfrutatzen ikasten ez baduzu, oso zaila da talde bezala bizirautea».

Eta disko formatuaren beraren aldeko aldarrikapena ere hor dago: «Nik uste diskoa bere osotasunean entzun behar dela eta hori gero eta gutxiago egiten da. Aplikazioak eta algoritmoak gauza berriak ezagutzeko erabiltzen ditut, baina zerbaitek atentzioa ematen badit, diskoan sakontzen dut beti, horrela uste dudalako ezagutzen dela artista baten lana».