Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA
BAXOKO «AHOZKO HANDIA» EUSKARAZ EGIN AHAL IZATEKO

Pauek heldu den astean erantzunen dio Seaskak ezarritako helegiteari

Seaskak ezarritako helegiteari buruzko erabakia heldu den aste hasieran plazaratuko du Administrazio Auzitegiak. Edonola ere, atzo arratsaldean Pauen iragan zen auziaren ostean, aukera bakarra ikusten dute Seaskako ordezkariek: «Justiziak baxoa eginen duten ikasle guztiek azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea babestea».

Seaskak Bordeleko Hezkuntza Akademiako Hezkuntza errektore Anne Bisagni-Fauren aurka helegitea ezarri zuen, eta atzo arratsaldean iragan zen, Paueko Administrazio Auzitegian, azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak hasitako prozedura horri buruzko auzia.

Azken asteetan errektorearekin izan zituzten bilerek emaitzarik eman ez zutela-eta erabaki zuten Seaskako ordezkariek auzitegian helegitea ezartzea. Hala azaldu zuten Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak eta Seaskako zuzendari Hur Gorostiagak, joan den ostiralean Baionan auziaren berri emateko eginiko agerraldian.

Atzo arratsaldean Pauen auzia nola iragan zen ikusita, baikor mintzatu zen GARArekin Hur Gorostiaga. Seaskako zuzendariak laburbildu zuenez, legea eskuetan, «gure ikasle guztiek baxo azterketako Ahozko Handia proba euskaraz egiteko duten eskubidea babestea, beste aukerarik ez dugu aurreikusten».

Auzi saioan Hezkuntza Ministerioaren defendatzaileak baliaturiko argudioak «bata bestearen atzetik erori» zirela nabarmendu zuen Gorostiagak.

Paueko Ikuskaritzako idazkaria, Hezkuntza Errektoretzako abokatuak emandako arrazoiak babestea egokitu zitzaiona, horiek aletzera mugatu zen auzian. Hala, lehenik eta behin zalantzan jarri zuen Euskararen Erakunde Publikoak (EEP), Seaskarekin bat eginez, azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatzen duen ituna sinatzeko duen zilegitasuna. Horren aurrean, Seaskako ordezkariek oroitarazi behar izan zuten Estatua bera dela EEPren baitan lankidetzan jarduten duen erakundeetako bat.

Hezkuntzako ordezkariak ezbaian jarri zuen azterketen gaineko afera presazko auzi gisara bideratu behar zenik ere. Alta, ikastoletako arduradunek baxoa proba heldu den hilabetean iraganen dela nabarmendu zuten. «Presazko auzibidea galdetu gabe ezin genuen bermatu epailearen erabakia garaiz helduko zela; hau da, azterketak egin aitzin», zehaztu zion horren harira egunkari honi Gorostiagak.

Finean, Bordeleko errektoreak berak Seaskako arduradunekin izaniko bileretan aipatu zuen oharra ekarri zuen eztabaidara Hezkuntzako ordezkariak. Bere erranetan, joan den uztailean plazaratu zen agiriak zehaztu zuen eskualde-hizkuntza berezitasun gisa hautatzen zuten ikasleek Ahozko Handiaren zati bat euskaraz egin zezaketela. 100 ikasletatik dozena bat dira horiek, Seaskak ohartarazi zuenez.

Seaskak, aldiz, erantzun zuen «ohar horretan ez zela preseski aipatzen beste ikasle guztiendako ezinezkoa zenik azterketa euskaraz egitea». Edonola ere, ohar horren gainetik bederen beste hiru arau badaudela defendatu zuten epaitegian.

Hala, 2019an, EEPren babesarekin, baxoa probaren zati bat euskaraz egiteko eskubidea jasotzen zuen hitzarmena lortu zuen Seaskak. Bestalde, bai hezkuntza kodeak, baita iazko abenduan Hezkuntzak plazaraturiko zirkularrak ere, aukera hori aintzat hartzen zuten. Hori dela-eta, legea eskuan, Justiziak Seaskari arrazoia eman behar diola erran zuen atzo Gorostiagak.