«Argi gelditu da edozer erabil dezaketela Jakes Esnal espetxean mantentzeko»
Ekainaren 9an emanen du ezagutzera Pariseko Dei Auzitegiak Jakes Esnalen baldintzapeko askatasun eskariaren inguruko erabakia. 31 urte kartzelan daramatzan euskal presoa hiru egoeraren aurrean aurki daiteke eta horiek aztertu zituen, atzo, Esnalen abokatu Maritxu Paulus Basurcok, NAIZ Irratiari emandako elkarrizketan.
Fiskaltza izan da orain arte, batik bat, euskal presoen baldintzapeko askatasunaren kontra agertu eta nolabait horien kaleratzea ekidin duena. Oraingoan, Segurtasun Neurrien Batzordeari (CPMS) galdetzea proposatu du.
Bai. Oroitu behar da auzitegiak berak ez zuela onartu 2020ko irailean baldintzapeko askatasunerako eskaera, Esnalen kasua ez zelako pasa Ebaluazio Zentro Nazionaletik (CNE). Horren aurrean, Frantziako Auzitegi Gorenera jo genuen eta honek esan du ebaluazio hori ez zela derrigorrezkoa. Berriz joan gara gorte beraren aurrera eta honek aurreikusten du berriz ere Segurtasun Neurrien Batzordeari iritzia eskatzea. Dagoeneko jaso dugu iritzi hori eta aldekoa da.
Batzorde horrek eman zion, beraz, oniritzia, eta berriz ere iritzia eskatzeko eskatu dizuete. Baina ez al dago erantzuna emanda jada?
Hori da azaldu duguna, badagoela, eta, harago, iritzi bat besterik ez dela azaldu dugu eta ezin dela hori izan azken erabakia, epaileek hartu behar dutela. Denbora galtze bat da, ez du ezer ekarriko. Auzitegi Gorenak hartu duen erabakiarekiko adostasunik eza erakusteko modu bat da. Ezin da ulertu denbora galtze hori eta guk ez dugu denborarik galtzeko.
Zer aurreikuspen duzue epaiari dagokionez?
Erabakia ekainaren 9an emanen dute eta hiru aukera daude: lehena, erabateko ezezkoa ematea baldintzapeko askatasun eskariari. Bigarren aukera, berriz ere Ebaluazio Zentro Nazionalaren iritzia eskatzea, ulertuko ez genukeen aukera. Hirugarrena, auzitegiak onartzea baldintzapeko askatasunerako eskaera.
Bigarren kasuaren alde egingo balute, prozedura urte batez edo bi urtez luzatu liteke. Lehen kasuaren alde egingo balute, dena zerotik hasi beharko genuke. Kontuan hartu behar da 71 urte dituela Jakesek, 31 urte egin dituela espetxean eta bere kondena espainiar Estatuan bete izan balu kalean egongo litzatekeela.
Zein da Fiskaltzaren jarrera une honetan?
Bat egin du Pariseko Dei Auzitegiak proposatutakoarekin, nola ez. Bat egin du azkenean kritikatuz erabat Gorenaren erabakia. Hori harrigarria da; legelariok errespetatu behar ditugu Gorenaren ebazpenak. Egoera benetan berezian gaude Ipar Euskal Herrian. Argi gelditu da edozer erabil dezaketela erabakia atzeratu eta Jakes Esnal espetxean mantentzeko.

La marcha de Tubilla destapa la enorme marejada en las filas del PNV

Grandes corporaciones han acogido a agentes de las «cloacas del Estado»

Ordenaron parar citas con casos de Iztieta y hubo peticiones de silencio

De la lucha anti-ETA a la UCO, un camino muy transitado
