EDITORIALA
EDITORIALA

Irlandan, pausoz pauso, helburu estrategikoen bila

Sinn Feinek Stormonteko Batzarrerako hauteskundeetan lortutako garaipenak erabat aldatu du Ipar Irlandako egoera politikoa. Emaitzei esker, Michelle O 'Neill buruzagi errepublikanoa izango da buru, lehen aldiz, partekatutako erakundeetan. Hala ere, unionismoak, hauteskundeak galdu ondoren, gobernu berriaren eraketari boikota egitea erabaki du. Betoa kentzeko, aldaketak eskatu ditu Ostiral Santuko Hitzarmenean eta Ipar Irlandari buruzko Protokoloan. Boris Johnson lehen ministroak bere alderdiaren posizioa sendotzeko aukera ikusi du proposamen horretan. Era berean, boikot horren bidez, DUPeko unionistek Iparraldean galtzen ari ziren eragina nolabait berreskuratu nahi dute. Edozein kasutan, Sinn Feinek garbi adierazi du ez duela aldaketarik onartuko nazioarteko hitzarmen horietan. Gainera, Europar Batasuna eta AEBak –Europara ordezkaritza bidali dute– ere Irlandako bake-prozesuaren oinarri izandako nazioarteko akordioak aldatzearen aurka daude.

Presio, beto eta mehatxu koiunturalak gorabehera, Sinn Feinek ez ditu begien bistatik galtzen bere helburu estrategikoak. Atzo, Mary Lou McDonald Sinn Feineko presidenteak Londresko atzerriko prentsari gogorarazi zion bere apustu estrategikoarekin jarraitzen dutela, Irlanda bateratzeko aldaketa konstituzionalak prestatzen. Era berean, errepikatu zuen prestaketak eta eztabaida zabala behar dituela trantsizioak uharte osoan eta iritzi guztiak kontuan hartu behar direla. Azken helburuak ahaztu gabe, errepublikanoek aurrera jarraitzen dute, pausoz pauso, herritarren buruak eta bihotzak irabazten. Hori da, eta ez besterik, nazioarteko bake-akordioetan jasotako erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko indar nagusia.

Unionismoak eta Boris Johnsonek ur nahasietan arrantza egiten jarrai dezakete, baina alferrikakoa izango da. Errepublikanoen lidergo sendoak, herritarren babes zabalak eta nazioarteko konpromisoek euren lekuan jarriko dituzte abantailarekin jokatu nahi dutenak.