GARA
DONOSTIA

Adimen artifiziala, enpresei lehiakorrago izaten laguntzeko

Elhuyarrek adimen artifizialeko langunea sortu du: Orai - NLP Teknologiak. Enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkie, eta industria-ehunaren lehiakortasuna eta pertsonen bizitza hobetzea izango du xede.

Enpresei zein industriari lehiakorrago izaten laguntzeko asmoz, adimen artifizialeko langune berria sortu du Elhuyarrek bere 50. urteurrenaren testuinguruan: Orai NLP Teknologiak. Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatutako langunea da, enpresei zein erakundeei zuzendua.

Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Josu Aztiria Urtaran Orai NLP Teknologiak languneko koordinatzaileak aurkeztu zuten atzo proiektu berria Donostiako Kursaalen, 60 gonbidatu eta kazetariren aurrean. Haiekin batera, ULMA Construction, Elhuyar, GNOSS eta Tecnaliako ordezkariak izan ziren, eta adimen artifizialak eta lengoaia naturalaren prozesamenduak euren arloan eragiten dituzten onurak azaldu zituzten.

Tresna berriak enpresei eta erakundeei goi mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkie, eta industria-ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzea izango du xede. Izan ere, lengoaia naturalaren prozesamenduak komunikazioa errazten du, ahotsaren eta testuaren bidez, enpresen eta erakundeen jarduera zein pertsonen bizitza hobetzeko. Horrez gain, tresna teknologiko adimendunak eta etikoak ekoitziko ditu, unibertsitate, ikerketa zentro eta enpresekin lankidetzan.

Ekitaldian azaldu zutenez, Elhuyar aitzindaria izan da hizkuntza teknologien eta adimen artifizialaren esparruan euskara txertatzen. Nolanahi ere, egungo gizarteak «erronka handiak» ditu digitalizazioaren eremuan, eta «erronka horiei erantzuteko beharrak, adimen artifizialeko proiektuen heldutasunak eta garapenak, eta 20 urteko esperientziak eta eskarmentuak abagunea eskaintzen dute euskaratik beste esparru eta hizkuntza batzuetara jauzia egiteko».

«50 urte aurrerago egiteko bokazioak eta lantalde baten pasioak eta sormenak sortu dute, hortaz, Orai NLP Teknologiak, industria eta enpresak lehiakorragoak izan daitezen laguntzeko», adierazi zuten.

Hogei urteko eskarmentua

Berria izan arren, Orai NLP Teknologiak languneak 20 urteko esperientzia du atzean, baita bermea ematen dioten hainbat lorpen ere. Horren adierazgarri da urte hauetan guztietan taldeko kideek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituztela zenbait aldizkari zientifikotan, eta aitzindari izan direla Euskal Herrian hizkuntza naturalaren prozesamenduan egin diren ikerketetan. Gainera, lantaldean zazpi doktore daude.

Ildo horretan, «asko eta ezagunak» dira Orai NLP Teknologiak languneko lantaldeak, bere ikerketaren emaitza gisa, aurretik mamitu dituen soluzio eta produktuak; ezagunenak Elia itzultzaile automatiko neuronala eta Aditu hizketa ezagutzailea badira ere, Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna eta Europako dirulaguntzekin Linguatec proiektuan baliabide urriko hizkuntza batzuetarako garatutako produktu eta tresnak ere badaude.