GARA
DONOSTIA

Dendartean elkarteko saltoki txikiak kezkatuta daude Ticket Bai sistemarekin

Gipuzkoako saltoki txikiak «haserre» daude Foru Aldundiak Ticket Bai fakturazio-sistema berria ezartzeko erabili nahi duen moduagatik. Azken orduko aldaketarik ezean, sistema berriak milaka negozio txikiren fakturazioa burutzeko era aldatuko du azaroaren 1etik aurrera.

Kezkatuta dago Dendartean elkartea. Gipuzkoako 2.200 saltoki inguru ordezkatzen ditu taldeak eta, ohar bidez jakinarazi duenez, «hilabeteak» daramatza aldundiko Ogasun Sailarekin harremanetan, «sektorearen iritzia helarazteko, eta Ticket Bai ez ezartzeko edo gutxienez gauzatu nahi den forman aldaketak egiteko eskatzen».

«Haserrea» partekatzen duten establezimenduetako erakusleihoetan kartelen bidezko komunikazio-kanpaina egin ondoren, orain kalera salto egingo dute saltoki txikiek elkarretaratze batekin. Protesta ekitaldia maiatzaren 30ean izango da, 14.00etan, Foru Aldundiaren aurrean, Donostian.

“Ticket Bai, horrela ez” lemapean, ordu eta leku berean prentsaurrekoa ere emango dute protestaren arrazoiak azaltzeko. Agerraldiaren bidez erakutsi nahi dute «merkataritza sektorea Ticket Bai ezartzeko ezarritako moduarekin ados ez» dagoela; izan ere, Ticket Bairen prozesuak eta epeek negozio txikiei kalte handia egingo dietela aurreikusten dute.

«Sistema berriaren etorrera gero eta hurbilago dagoen honetan, eta erakunde arduradunek tokiko negozio txikiek behar duten erritmora egokitzeko asmorik agertu ez dutenez», Dendarteanek protestara deitu du, eta parte hartzera animatu ditu Ticket Bairen aplikazioak eragindako negozio guztiak.