Bidasoko Komandantziaren historia ezezaguna, argitara
«Komandantzia, frankismo, nazismo eta faxismoaren babesleku» aldizkari monografikoa argitaratu du Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Behe Bidasoan frankismoak ezarritako botere faktiko bat izan zen Europako mugimendu totalitarioen entente hori, berezia bere ondorio eta funtzioengatik. 1937a izan zuen urte gorena. Faxistak Gernika bonbardatzen ari ziren bitartean, atzeguardian bete-betean ari zen lanean Komandantzia.

Urtebeteko lana borobilduz, Bidasoko Komandantzia Militarrari buruzko aldizkari monografikoa plazaratu du Bidasoko elkarte memorialistak, Kepa Ordokik. Koldo Salinas Aragon eta Peli Lekuona Arruabarrena kideek atzo Irungo Atsegina elkartean egindako aurkezpenean nabarmendu zutenez, Euskal Herri mailako auzi bat da, faxistak Gernika bonbardatzen ari ziren bitartean, atzeguardian bete-betean ari zelako lanean frankistek Behe Bidasoan ezarritako ententea, «lasaitasun eta inpunitate osoz».
Aldizkaria hagitz mamitsua da, serie bat osa daiteke jasotzen dituen hamaika istorioekin. Eta, Salinasek adierazi zuenez, urte bakarrean gertatu ziren kontatzen diren jazoera guztiak, 1937an. Irun «kontzentrazio esparru» bat zen, «nahiz eta inork ez duen horretaz hitz egiten». «Hori da arazoa. Tipula bat bezala da, kapak kentzen zoaz eta gutxien esperotako lekuetan agertzen da informazioa».
«Ez dugu inor epaitzen. Gure asmoa da argitara ateratzea, eta zeozer pedagogikoa izatea», argitu zuen artxiboak arakatzen jarraitzen duen lagunak. Ez da lan erraza, dokumentu ugari erre egiten zirelako.
«Irunek hamar urteko gerra bizi izan zuen. Ahaztu egiten zaigu», azpimarratu zuen. III. Reicheko naziak 1934an iritsi ziren. Eta Katalunia okupatu arte Abenida zubia izan zen frankisten Europako ate bakarra.
Komandantzia izeneko erakunde militarrean Europako mugimendu totalitarioak elkartzen ziren. Ofizialki, muga kontrolatzen zuten; estraofizialki, atentatuak eta espioitza egin. Lekuonak agertu zuenez, isiltasunaren araua ezarri zuten eta gerora ezagutu da Komandantzia. Horren adibide da egungo Iparralde kaleko 26. zenbakiko etxeari argazkiak ateratzeko debekua. Orain eskola bat dago Komandantzia zegoen lekuan.
Etxeak soto bat zeukan eta bertan jendea torturatzen zuten. Paco Perez Lusarreta Gernika Batailoiko gudariak, 2018an zendu zenak, kontatzen zuen Meliton Manzanasek torturatu zuela soto hartan.
Komandanteak
Irun eta Hondarribiko ardura militarrak zein mugako zuzendaritza Julian Troncoso komandanteak bateratu zituen. Eragin handia izan zuen SIM (Servicio de Información Militar) antolakundean. “Legión Negra” taldea sortu zuen, Ipar Euskal Herrian hainbat sabotaje gauzatu eta ontzi errepublikanoak bahitu zituena. C-2 urpekoaren bahiketa saiakeran harrapatu eta hainbat hilabetez atxilotua egon zen Frantzian, eta Komandantziatik kargugabetu zuten.
Troncoso espetxean zegoela, Luis Ochotorena Sanchez kapitainak hartu zituen Komandantziako ardurak. Ondotik, Antonio Sanz Aguerok. Eta gero, Ochotorenak bigarren aldiz. Aldi honetan jazo zen Ipar Euskal Herriko kostaren okupazio nazia. Berak egin zien harrera Irungo Abenida zubian.
Jarraian Julio Ortegak hartu zuen kargua, 31 urtez. Bi aldeekin jolasten zen: naziekin harreman onak izan zituen, eta aliatuekin ere bai.
Estatu kolpearen ondorioz, Irun 18.000 biztanletik 6.000ra igaro zen. Erregimen berriaren lehen hilabeteetan 2.000 lagun inguru itzuli ziren, Comisión de Admisión del Puente erakundearen baimenarekin. Honen erabakiaren arabera, Abenida zeharkatzen zuten pertsonak kontzentrazio gune ezberdinetara bideratzen zituzten.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
