Martxelo DIAZ
DONOSTIA

«Ardo» artefaktua eskaini diote adiskidantzari Morauk, Beñardok eta Mattinek

Musika, poemak eta irudiak dira, ardoarekin batera, Morauk, Beñardok eta Mattinek Gaztelupeko Hotsak ekoiztetxearekin atera duten «Ardo» artefaktuaren osagarriak. Ardoa aitzakia dela diote; helburua urte luzez pertsonekin izandako harremanak islatzea izan da.

Andoni Tolosa “Morau”-k atzo adierazi zuenez, “Ardo” «artefaktu»-arekin bi ilusio betetzea lortu dute. Alde batetik, diskoa, liburua eta ilustrazioak izango zituen lan bat sortzea, disko-liburua, alegia. Bestalde, euren izena daraman ardoa izatea. Hori ere lortu dute Villabuenako Candido Besa upategiari esker.

Ardoari buruzko lana ez den arren, ardoak presentzia garrantzitsua duela onartu dute, hitz hori ehun bat aldiz azaltzen baita. «Lana ez da ardoaz ari, baina ardozaleak gara. Ardoak konpartitzeko aukera ematen du. Besteekin egoteko abagunea da. Ez dugu ardoaren apologia egin, pertsonen apologia egin dugu», azaldu du. «Eguraldiaz edo trafikoaz egin genezake disko-liburu bat, baina ardoaz egin dugu», gaineratu zuen.

“Ardoa” ekoizteko prozesua luzea izan dela onartu zuen Morauk. «Urrats asko behar izan ditugu, denbora asko», esan du. Ohi duen bezala, idatziz hasi zuen prozesua. «Oso gustura izan naiz idazten», azaldu zuen. Idazki horietatik hamabi kanta bilakatu dira, prozesu propio bat bizi ondoren. Besteak poema bezala azaltzen dira liburuan. Artefaktuaren prozesuan hurrengo urratsa Iñaki Martiarena ‘Mattin’-ekin harremanetan jartzea izan zen, ilustrazioak egin zitzala eskatzeko. Lan horretatik erakusketa bat egiteko materiala sortu da. Josu Landak diseinuan egindako ekarpena ere nabarmendu dute. «Ez genuen disko bat eta kuadernillo bat nahi. Disko-liburua nahi genuen eta badugu».

Beñardo Goietxek azaldu zuenez, musika arloko lana 2020an hasi zuten, pandemia garaian, «ahal bezala». Egoera berezia bazen ere, betiko moduan egin dute lan. «Elkarlanean, urteetan egin dugun bezala», azaldu zuen.

Grabaketa abenduan egin zuten. Ereñotzun egin behar zuten, baina uholdeak izan ziren. Azkenean, Azkarateko Mamia estudioan egin dute, Jonan Ordorikarekin.

Disko «biluzia»

«Gustatzen zaigun estiloa lortu dugu», gaineratu du. Hau da, popa, folka eta rocka. Beharbada, rockak beste lanetan baino pisu handiagoa duela onartu du. Diskoa «biluzia» dela esan du; bi gitarra eta ahotsak dira nagusi. «Beharbada beste lan batzuk baino sendoagoa da», esan zuen.

Mattinek ere lanean gustura ibili dela azaldu du. «Erronka polita nuen aurrean, ederra. Goxotasunez egindako lana da», azpimarratu zuen. Morauren enkargua jaso zuenean ardoaren inguruko lanekin zebilen dagoeneko, etiketak eta horrelakoekin. Horrek prozesua erraztu zuen. Hasiera batean, eskuz marraztu zuen, boligrafoz. Gero digitalean, baina beti bi koloretan.

«Zaila da poesiari irudiak jartzea», onartu du. «Ez estropeatzea zen helburua. Ekarpen bat egitea, umorearen bidetik, adibidez», gaineratu zuen. Marrazkiekin bideoklipa ere egin dute. «Hori bai izan dela prozesu luzeagoa, ia-ia fotogramaz fotograma ibili garelako».

Ilustrazio lan osoan mahastizainak gogoan izan dituela nabarmendu du Mattinek. «Eta ardoa bezala, poliki dastatu beharko genuke», eskatu zuen. Moraurentzat Mattinek jauzi bat eman du estilismoan lan honekin. «Mattin helduago bat ikusten da, bai artistikoki bai gaiei buruz. Dramatismo gehiago dauka», azaldu zuen. Lan honekin bete duten bigarren ilusioari (ardoa) dagokionez, Arabako Errioxako Villabuenako Candido Besa bezalako upategiek egiten duten lana goraipatu du Morauk. Bere izenarekin atera dituzten 200 botilak «Errioxa» sor-marka dute. Etorkizunerako, bigarren ardo bati begira, «Arabako mahastiak» etiketa izatea espero duela nabarmendu zuen.

Prozesu honetan, Arturo Villanuevak zuzentzen duen Biba Ardoak kooperatibako kideekin izandako harremana ere azpimarratu du Morauk. Ardoaren kultura sanoago baten alde eta mundua beste modu batera ulertzeko ahalegina botila bakoitzaren alde daudela nabarmendu zuen.

“Morau eta Beñardo. Ardo” etiketa daraman ardoa «bizia, sendoa, azkarra, basati xamarra, oso zuzena» dela esan dute. Beraien estiloaren parekoa. «Erreserba eta kriantza ez da gure estiloa». Ardo gazteak, urtekoak, nahiago dituzte. Kantak, ardoa eta irudiak batera izateak ekitaldiak antolatzeko aukera zabalak irekitzen ditu. Dagoeneko formula batzuk probatu dituzte: kanta-poteoa; ardo dastaketa soila; ardo dastaketa eta kantak; erakusketa eta kontzertua. «Esperientzia polita izan da», onartu zuen Morauk.

Ekainaren 7an Gasteizko Parral tabernan jendaurrean aurkeztuko dute proiektua eta badute beste hitzorduren bat; Elgetan, esaterako. Dena den, uda igarotakoan ekingo diete emanaldiei.