GARA
BILBO

Iker Casanova proposatu du EH Bilduk ahaldun nagusi izateko

Bizkaiko Mahai Politikoak 2023ko hauteskundeetan Iker Casanova zerrendaburu izateko proposamena aurkeztuko dio EH Bilduren oinarri sozialari.

Hautagaitzak aurkezteko barne prozesua ekainaren 5era arte egongo da zabalik. Datozen asteetan EH Bilduren oinarriek bozkatu egin beharko dute, koalizioaren barne araudian jasotzen den bezala.

Mahai Politikoak atzo azpimarratu zuenez, «Casanovak ibilbide politiko eta instituzional luzea du. Gaur egun, Eusko Legebiltzarreko kidea da eta oso ondo ezagutzen ditu Bizkaiko erakunde eremua eta errealitate soziopolitikoa».

Datorren urtean izango diren hauteskunde prozesuei begira, EH Bilduk dagoeneko jakinarazi ditu Arabako Aldundirako eta Gasteizko Udalerako proposatu dituen zerrendaburuak: Eva Lopez de Arroyabe eta Rocio Vitero dira, hurrenez hurren.

Nafarroan, berriz, dagoeneko prozesua itxita dago eta beste hautagaitzarik aurkeztu ez denez, Laura Aznal eta Joseba Asiron izango dira Legebiltzarrerako eta Iruñeko Udalerako hautagaiak.