GARA
TEHERAN

Ingeniari bat hil da Irango ikerketa-gune militar batean gertatutako «istripuan»

Teherandik gertu dagoen Defentsa Ministerioko ikerketa-unitate batean ingeniari bat «istripuz» hil dela iragarri zuen atzo Iranek.

Guardia Iraultzaileko koronel bat atentatuan hil eta egun gutxira gertatu da. “New York Times” egunkariaren arabera, Israelek koronelaren erailketa bere gain hartu zuen Estatu Batuen aurrean. «Asteazken gauean, Parchin inguruko Defentsa Ministerioko ikerketa unitate batean izandako istripu batean, Ehsan Ghadbeigi ingeniaria martiri bihurtu zen eta bere lankideetako bat zauritu egin zen», esan zuen Ministerioak.

Nazio Batuen Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) 2015ean ikuskatu zuen gune militar hori susmopean dago energia nuklearrari aplika dakizkiokeen ohiko leherketa-saiakuntzak hartu dituelako. Islamiar Errepublikak, hala ere, behin eta berriz ukatu du hori. Agintariek ofizialki istripua aipatu bazuten ere, atzean eraso israeldarra dagoen susmoa dago. Hossein Salami jeneralak, Guardia Iraultzaileko komandanteak, adierazi zuen «etsaiek erantzun bat espero beharko luketela», ingeniaria hil ondoren. «Harrokeria ekintza hauek [atentatua/istripua] ez dute ezer aldatuko. Erantzukizuna beren gain hartzen duten ala ez, berdin gauzatuko ditugu gure planak eta gure lana egingo dugu», gaineratu zuen.

Bitartean, Irango Estatu Nagusi Bateratuak ikerketa abiatu du Guardia Iraultzaileko koronel Sayyad Khodairen hilketa argitzeko, eta haren heriotza «mendekatu» egingo duela zin egin du Ebrahim Raisi presidenteak.

AEBetako Inteligentzia arduradun baten arabera, Israelek hilketaren erantzukizuna bere gain hartu du eta hala onartu zien Washingtoneko agintariei.

2020ko azaroan Mohsen Fakhrizadeh fisikari nuklearra ere atentatu batean hil zen eta Iranek Israeli leporatu zion. Azken urteetan sabotaje kutsua zuten hainbat istripu gertatu dira Irango instalazio estrategikoetan.