GARA
DONOSTIA

Langileak gogoan Ategorrietako sarraskiaren 91. urteurrenean

Donostiako eta Pasaiako EH Bilduko zinegotziek, hainbat herritarrekin batera, lore eskaintza egin zuten atzo, Ategorrietako sarraskiaren 91. urteurrena oroitzeko. 1931n portuko zazpi langile hil zituen Guardia Zibilak, Ategorrietako erlojuaren parean, Donostiako erdialdera manifestazioan zihoazela, beren lan baldintza penagarriengatik protesta eginez.

Markel Ormazabal eta Iraitz Pazos zinegotzi subiranistek hartu zuten hitza, «Donostiako nahiz Pasaiako badiaren bilakaera historikoan langileen mugimenduak eta sindikatuek izan duten, eta duten, garrantzia» nabarmentzeko.

EH Bilduk gogora ekarri zuenez, iaz taldeak hainbat ekimen programatu eta sarraskiaren oroimena Donostiako hiriko eztabaida sozialera eraman zuen. «Era berean, Udal Gobernuari proposatu genion Ategorrietako sarraskia ofizialki oroitzea, eta, atzerapen askoren ondoren, azkenean, Udalak plaka ofizial bat jarri zuen bertan, eta errekonozimendu instituzionala emateko ekitaldia egin zuen 2021eko abenduaren 22an».