Idoia ERASO
BAIONA

Mendez mende, 90 urtez besta egiten karriketan

90. urteurrena ospatzen ari dira aurten Baionako Bestak. 1932an sortu zirenetik oihartzun handia lortu dute eta erreferente bilakatu dira. Lagun talde batek sortu zuen hitzordua milioi bat pertsona biltzera heldu da azkeneko edizioetan

Urteurrena kari antolaturiko kontzertuetako bat.
Urteurrena kari antolaturiko kontzertuetako bat. (Patxi BELTZAIZ)

90. urteurrena ospatzen ari dira aurten Baionako Bestak. 1932an sortu zirenetik oihartzun handia lortu dute eta erreferente bilakatu dira. Lagun talde batek sortu zuen hitzorduak milioi bat pertsona biltzen ditu orain. Urteetako bidea oroitzeko eta ospatzeko, erakusketa antolatu du Herriko Etxeak 90 egunez udaletxearen inguruan.

Hamarkadaz hamarkada, sortu zirenetik, aldatzen joan dira Lapurdiko hiriburuko jaiak. Hastapenean urdin ilunez janzteko ohitura nagusitu zen arren, azken hamarkadetan, beste gauza askorekin batera, egokitu egin da, eta Baionak senidetuta dagoen hiriko festetako jantzia hartu du orain: Iruñeko sanferminak. 1969az geroztik, ezaugarri saihetsezin bilakatu den zuri-gorria nagusi da gaur egun bost festa egunetan.

Justuki, Nafarroa Garaiko hiriburuari loturik dago hitzorduaren sorrera bera, bertara joateko ohitura zuten Aviron Bayonnais errugbi-taldeko lagun batzuei Lapurdiko hiriburuan espiritu bera izango zuen hitzordua sortzea bururatu baitzitzaien.

Urte haietako Besta Komiteak eta bertako presidentea zen Benjamin Gomezek egitasmoa Udalari proposatu ziotelarik abiatu zen. Abiapuntua Estatu mailako festa egun handia den uztailaren 14aren programazioa zabaltzearen bitartez izan zen. Lehen hitzordua uztailaren 13aren eta 17aren artean ospatu zen, eta komunikazio lan handia egin zen ezagutzera emateko, Ipar Euskal Herrian ez ezik, baita inguruko eskualdeetan ere. Autoz osatutako karabanak eta Paueko Abiazio Zentroa publizitatea egiteaz arduratu ziren eta ondoko 90 urteetan Estatu frantses osoan hedatu da ospea.

Erakusketa

Programan, hitzordu nagusietako bat Baiona Ttipiko karriketan egindako zezen-lasterketak izan ziren, Iruñeko ohitura inspirazio-iturri gisa hartuta. Gerora desagertu egin da ekimena, baina lehen edizio hartan abiatu ziren programako beste proposamenak oraindik ere egiten dira: pilota partidak, karrikaldiak, autoen korsoa, Benjamin Gomezek asmatutako erraldoiak... Bederatzi hamarkadetako historia gogorarazteko, eta beste batzuei ezagutarazteko, erakusketa ikusgai eman du Udalak 90 egunez, urriaren 23 arte.