GARA
KANBO

Kanbo eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzuak etenda jarraitzen du

Iragan igandeaz geroztik tren zerbitzurik ez dago Kanbo eta Donibane Garazi artean. Lapurdi eta Nafarroa Behereko hiriburuak lotzen dituen TER sareko 54. linean sortu zen eragozpena, bezperan lur hondoratzea gertatu ondoren. SNCF tren konpainiako komunikazio bulegotik atzo GARAri azaldu ziotenez, «teknikariak arazoa konpontzeko lanean ari dira eta astea amaitu aitzin zehaztasun gehiagorekin jakin behar genuke zeintzuk diren egin beharreko lanak eta zenbat luzatuko diren konponketa horiek». Zerbitzua noiz berrabiarazi daitekeen ez zuten zehaztu aipatu iturriek.

Erran bezala, luizi batek eragin zuen, joan zen igandean, tren zerbitzua bertan behera uztea. Hastapenean Baiona eta Donibane Garazi arteko zirkulazioa eten zuten, baina, ordu batzuk igarota, Baiona eta Kanbo arteko tren zerbitzua berriz ere martxan jarri zuten. Kanbo eta Donibane Garazi arteko bidaia egin behar duten erabiltzaileentzat joan-etorriak bermatzea helburu, autobusak jarri ditu SCNFk.

Gogoratu behar denez, 2021eko abenduko uholdeek ere barnealdearen eta kostaren arteko tren zerbitzua bost hilabetez bertan behera uztea eragin zuten.