GARA
BILBO

Langile batek istripu larria izan du Atxondoko Draxton-Fuchosan

Atxondon egoitza duen Draxton-Fuchosa enpresako langile batzordeak bezperan gertaturiko istripua salatu zuen atzo. Larri zaurituta, langile bat anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera. Lan istripuaren jatorrian prekaritatea jarri du langile batzordeak.

Otsaileko lan istripu baten aurkako protesta.
Otsaileko lan istripu baten aurkako protesta. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Draxton-Fuchosako langile batzordeak gogor salatu zuen atzo Atxondoko instalazioetan asteartean izandako lan istripua. ELAk komunikabideei bidalitako ohar batean adierazi zuenez, langile batek istripu larria izan zuen, eta anbulantzian eraman behar izan zuten ospitalera. Ertzaintza gertakarien atestatua egitera joan zen lantokira.

Hedabideei igorritako prentsa adierazpenean ELA sindikatuak nabarmendu zuenez, «Draxton-Fuchosa enpresan lan istripuak areagotzearen arrazoiak honako hauek direla azpimarratu du langile batzordeak: prekaritatea, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna, lan baldintzen eta instalazioen okertzea, gehiegizko lan erritmoak eta baita lan osasunaren arloko ez-betetze orokorrak ere».

Lan istripuaren larritasuna ikusita, elkarretaratzera deitu dute gaurko, 12.30ean hasi eta 14.30era arte, Draxton-Fuchosako atarian bertan.

Aste honetan Euskal Herrian gertatutako bigarren lan istripu larria da Atxondokoa: astelehenean 34 urteko behargin bat hil zen Markina-Xemeingo Zeleta harrobian (Amenabar taldeak ustiatzen du), harri handi batek harrapatuta. Azken horrekin, 52 langile zendu dira jada beren lanpostuetan Euskal Herrian urtea hasi zenetik; horietatik bost, abuztuan.

Markinakoaren salaketa

Bezperan LABek eta UGTk egin bezala, atzo CCOO-Euskadiko idazkari nagusi Loli Garciak salatu zuen Markinako harrobian izandako lan istripu hilgarria. Lantokietako ezbehar-tasaren joera «larriaren» atzean enpresa askok prebentzio neurriak «masiboki ez betetzea» dago, haren esanetan.

Garciaren arabera, EAEk «laneko arriskuen prebentzioaren gaineko lege bikaina» dauka, «baina enpresa askok ez dute betetzen». Gaineratu zuenez, orain «nabarmenagoa» da enpresak «epe laburreko etekinen eta prebentzioko kostuetan aurreztearen klabean» daudela. Horren aurrean, ohartarazi zuen ezin dela «langileen osasunarekin eta bizitzarekin jolasean aritu».

Lan Ikuskaritzaren esku hartzea ere eskatu zuen Garciak, «neurri guztiak» betetzen direla zaindu behar delako; bere ustez, «istripuen %100 saihets daitezke neurriak behar bezala aplikatuta».