Babes gunetzat hartzen den elizan Polizia sartu izana salatu dute Urruñan
Etorkinen aurka egindako azkeneko operazioak kezka eragin du Ipar Euskal Herrian. Hamar migratzaile atxilotzeko San Bixintxo elizan sartu ziren ostiralean poliziak. Horietarik zortzi berehala kanporatu zituzten, eta bertze bi atxiki egin zituzten, adingabeak direlako. 300 bat herritar bildu ziren atzo arratsaldean egindako elkarretaratzean.

Mugatik gertu izanik, iraganean ere etorkinak atxilotzeko hainbat polizia operazio izan dira Urruñan. Martxoan, herriko bi emazte gelditu zituzten poliziek autoan bost migratzaile zeramatzatela eta biharamunean PAF Aire eta Mugetako Poliziak Hendaian duen egoitzara deklaratzera deituak izan ziren.
Alta, ostiralean 13.45ak aldera eginiko operazioaren bidez, Poliziak «jauzi salagarria» egin zuela iradoki zuen GARArekin mintzatu zen Filipe Aramendi Urruñako auzapezak. Izan ere, San Bixintxo elizan babes bila sartu ziren migratzaile gazteak atxilo hartzeko tenpluan sartu zen Polizia. Horrek sinbolismo berezia eman dio operazioari. Hala nabarmendu zuten atzo migratzaileen alde jarduten duten elkarteek Urruñan egin zuten protesta ekimenean.
Diakite eta Bidasoa Etorkinekin elkarteek eginiko deialdiari erantzunez 300 bat herritar bildu ziren «elkartasuna ez da delitua» aldarrikatzeko. San Bixintxo elizaren aitzinean iragan zen elkarretaratzera bertaratu ziren, besteak beste, Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, Euskal Elkargoan mugaz gaindiko harremanen ardura duen Joseba Erremundegi eta baita migranteekiko elkartasunean jarduten duten elkarteetako kideekin batera deialdiko banderola atxiki zuen Filipe Aramendi Urruñako auzapeza ere.
«Poliziak otoitz egiteko lekuan sartu ziren hainbat lekukoren zein elkarteetako boluntarioen begien aurrean migratzaileak harrapatuz», salatu zuten bilkuraren antolatzaileek, elizak «bake eta babes lekuak» direla oroitaraziz. Migratzaileekiko elkartasunean jarduten duten taldeek zalantzak agertu zituzten polizia operazioaren legezkotasunari buruz lehen unetik bertatik. Urruñako auzapezak behin-behineko iritzia eman zuen ostiral arratsaldean bertan auziari buruz. Eliza ez dela toki pribatua, eraikina herriarena delako, mahaigaineratu zuen Aramendik. Irizpide horren arabera, poliziek eremu publikoan jardun zutela nabarmendu zuen abokatuak.
Ikuspegi juridikotik harago,
«ikuspegi humano zein etikotik» ere frantses Poliziak harturiko jokabidea guztiz arbuiagarria zela agerian jarri zuen agintari abertzaleak, operazioak elizari egotzitako hainbat baliorekin talka egiten duela ere agerian jarriz. Are, eliz komunitatean gertatutakoak gogoeta piztuko duela aditzera eman zuen auzapez urruñarrak. Atzoko elkarretaratzean presente izan zen Mikel Epalza ere. Arrantzaleen apaizak zinez larritzat jo zuen «jende armatuak elizan sartzea». Epalzak gehitu zuen Elizak defendatzen duen anaitasun balioekin bat egiten duela «Afrikatik heltzen diren gazteei babesa ematea eta beraien bidean jarraitzen laguntzea».
«Horrelako egoeretan inpunitatea agerikoa da, baita poliziek erakutsitako errespetu falta ere», salatu zuen, bestalde, polizia operazioa bertatik bertara ikusi zuen Sebastien Irazoki Bidasoa Etorkinekin elkarteko kideak. Operazioa aurrera eramaten ari ziren poliziekin mintzatu zen, baina agenteak, ironiaz, bere aurrean gertatzen ari zena gezurtatzera ausartu ziren. Bi furgonetetan migratzaileak nola sartzen zituzten ikusi zuen boluntarioak. Atzo herritarrek operazioari emandako erantzuna txalotu zuen eta elkartasuna areagotzera deitu zuen.
Amaieran, Amaia Fontang Etorkinekin federazioko kideak Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren aldetik jasotako azalpenak partekatu zituen bildutakoekin. Bertsio horren arabera, ez estatu ordezkaritzak ez PAFeko buruak ez zuten polizia operazioa aurrera eramateko agindurik eman. «Beraien kasa» erabaki zutela poliziek etorkinak atxilotzea defendatu zuen Eric Spitz buru duen erakundeak. Elizaren ataritik jardun zutela poliziek eta migratzaileak «era baketsuan kanpora atera zirenean» atxilotu zituztela gaineratu zuen prefetak. Hamar migrante horietarik zortzi berehala kanporatu zituzten. Bi zaintzapean gelditu dira adingabeak direlako Prefeturaren arabera.
Maluruski, ostiralean gertaturiko pasadizo larria ez dela salbuespena deitoratu zuten atzoko protestaren karietara elkartetako ordezkariek. Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugan frantses poliziek egiten dituzten kontrol arrazistak edota migratzaileak kanporatzeko gauzatzen dituzten prozedura azkarrak ere salatu zituzten. «Horrelako jokabideak ez ditugu inondik inora ontzat emanen gure lurraldean», ohartarazi zuten, beste behin ere migratzaileentzako bide seguruak irekitzeko premia mahaigainean jarriz.
Mugan performance bat
iraganen da gaurtik migratzaileek pairatzen duten egoera salatzea xede. Eguerditik hasita. Frantses Poliziak zelatatzen duen Santiagoko mugan, zehazki oinezkoentzako pasabidean (Avenida zubian) hitzordua eman du Imanol Espinazok. Tenore horretan abiatuko da Melilla eta Hendaia arteko distantzia -1.099 kilometro- egiteko finkatu duen erronka. Beltzez jantzita eta isilik 9.812 bider eginen du zubiaren luzera. Bere performanceari “Bidegurutzea” izena eman dion artistak gonbidapena egin die herritarrei berarekin batera oinez ibiltzeko.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
