Desagertuentzat egia eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak
Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Egunean, Madrilen egiten ari diren Informazio Sailkatuaren Legea hobetu daitekeela nabarmendu zuen Foro Sozial Iraunkorrak. Horrekin batera, desagertuen inguruan egia jakitea ezinbestekotzat jo zuten.

Behartutako Desagertzeen Biktimen Nazioarteko Eguna dela eta, Foro Sozial Iraunkorrak agerraldia egin zuen atzo Donostian, urraketa larriak daudela nabarmentzeko. «Tamalez, beste urte bat igaro ondoren, ez da inolako aurrerapenik izan euskal kasuan indarkeria erabili duten hainbat eragileren eskuetan desagertu ziren eta oraindik desagertuta dauden zazpi kasu dokumentatuetan», adierazi zuten Agus Hernanek eta Nekane Alzelaik.
Honako kasuak dira: Coruñako Jose Humberto Fouz Escobero, Jorge Juan Garcia Carneiro eta Fernando Quiroga Veiga; Eduardo Moreno Bergaretxe “Pertur”; Tomas Hernandez; Jose Miguel Etxeberria Alvarez “Naparra” eta Jean-Louis Larre. Orotara, hamalau desagertze kasu izan ziren, baina zazpiren gorpuak topatu dituzte. Horien artean, Joxean Lasarena eta Joxi Zabalarena, familien urteetako ahaleginari esker.
Egoera horien aurrean bi premisa nagusi ditu Foro Sozialak. Batetik, biktima guztiek -«eta ‘guztiek’ kontzeptua azpimarratu nahi dugu»- egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela. Bestetik, giza eskubideen urraketak direnez, aitortza behar dutela.
«Kasu hauetan, egiarako eskubideak erabateko garrantzia hartzen du. Hori dela eta, egiarako eskubidea da, hain zuzen ere, agerraldi honen ardatza. Biktima askok adierazi dute egia elementu sendagarria izango litzatekeela haien minarentzat. Biktima hauek uste dute egiarako eskubidea elementu nuklearra dela, abiapuntua, justiziaren adierazlea, benetan behar dutena», esan zuten.
«ETAren biktimen kasuan, egia ezagutzeko hainbat tresna dituzte -adibide bat aipatzearren, Auzitegi Nazionaleko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko eta Informazioa emateko Bulegoa dute-, baina ezin dugu gauza bera esan Estatuaren biktimekin. Estatuaren biktimen kasuan, %38 dira argitu gabeko kasuak. Tamalez, haientzat ia ez dago egia ezagutzeko itxaropenik», azaldu zuten.
Hala ere, egia ezagutzeari dagokionez, argi pixka bat emateko hiru esparru daudela esan dute Foro Sozialeko kideek: «Lehena, 12/2016 Legearen Balorazio Batzordea egiten ari den lana. Egiten ari den kalitate handiko txostenei esker, Estatuko 81 biktima aitortu eta erreparatu ahal izan dira. Aurreko 107/2012 Dekretutik eratorritako 187ei gehituz gero, Estatuaren 268 biktimek lortu dute dagoeneko aitortza. Balorazio Batzordeko kideak baliabide mugatuekin egiten ari diren lana txalotu eta eskertu nahi dugu Foro Sozial Iraunkorretik. Zehazki, gure babesa adierazi nahi diegu Balorazio Batzordeak ekainaren 29an Eusko Legebiltzarrean egindako sei gomendioei».
Gomendio horien artean bi nabarmendu dituzte. Alde batetik, «joan den otsailean Foro Sozial Iraunkorrak proposatu bezala, espedienteak aurkezteko bigarren epe bat ireki baino lehen, Legearen beraren lege-erreforma egin behar da, eta, bereziki, ‘premiazko aldaketa’ bat egin behar da: Estatuaren biktimen kalte-ordainak ETAren biktimenekin parekatu behar dira».
Nafarroako Parlamentuan irailean antzeko legea abian jarriko dela da Foro Sozialak ildo honetan aipatu zuen bigarren esparrua.
Hirugarrena, berriz, etsigarritzat jo dute. Madrilgo Diputatuen Kongresuan Informazio Sailkatuari buruzko lege proiektuaz ari dira. «Aurreproiektua etsigarria da, eta ez die erantzuten, inola ere, GALen eta torturaren biktima batzuek artxibo sekretu horiek eskuratzeko dituzten itxaropenei. Hala ere, gure ustez, Diputatuen Kongresuko talde parlamentarioek adierazitako balorazioen arabera, nahikoa baldintza daude legearen eztabaidaren oraingo fasean akordio baten alde lan egiteko. Akordio horren oinarriak argia izan behar du: giza eskubideen urraketa larrien biktimek egia ezagutu ahal izatea. Ez da bidezkoa eta ez da humanoa biktimei egia ezagutzeko eskubidea ukatzea, eta, alde horretatik, pozten gara Espainiako Estatuko hainbat eragilek legeari egindako dozenaka alegazioengatik. Horien bitartez aurreproiektu hau hobetzea espero dugu», nabarmendu zuten.

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«Quiero que no siga explotando a la gente inmigrante»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
