Gurasoen baimenik gabe abortatu ahal izango dute 16 urtetik gorakoek
Gobernu espainolak Abortuaren Legearen erreforma onartu du. Aurrerantzean, 16 eta 17 urteko adingabeek haurdunaldia gurasoen baimenik gabe eteteko aukera izango dute orain Kongresura bidaliko den erreforman jasotzen denez. Doako biharamuneko pilula eta hileko mingarria dutenentzako baja medikoak ere jasotzen ditu.

Espainiar Gobernuak Ministroen Kontseiluan onartu zuen atzo Berdintasun Ministerioak sustatu duen Abortuaren Legearen erreforma. Erreforma horren baitan, besteak beste, 16 eta 17 urteko adingabeei gurasoen baimenik gabe haurdunaldia eteteko aukera emango zaie, eta biharamuneko pilula doan eskuratzeko aukera eta hileroko mingarrien ondorioz ezarritako baja medikoak izatea aurreikusten du, besteak beste.
Arauak Pedro Sanchezen Exekutiboaren onarpena jaso zuen iragan maiatzean, eta Fiskaltzaren, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren eta Estatu Kontseiluaren nahitaezko txostenak eta beste ministerio batzuen ekarpenak jaso ondoren, Ministroen Kontseilura itzuli zen tramitazioaren lehen fase hori amaitzeko, Parlamentura igaro aurretik.
Irene Montero Berdintasun ministroak ondo baloratu zuen erreforma, eta adierazi zuen «haur eta nerabe guztiek beren eskubideak, gorputzak eta sexu harremanak zein afektiboak» ezagutzea ezinbestekoa dela eta hutsune hori beteko duela erreformak.
Erreforma honen puntu nabarmenen artean 16 urtetik gorako adingabeei gurasoen baimenik gabe beren borondatez haurdunaldia eteteko aukera ematen dien neurria dago; gainera, hausnarketarako nahitaezko hiru egunak ezabatzen ditu, haurdunaldia borondatez eteteagatiko baja ezgaitzailea barne hartzen du, baita arreta- eta laguntza-zerbitzu integral eta espezializatua ere.
Horretaz gain, aborturik egin nahi ez duten medikuen kontzientzia-eragozpena bermatzen du, Eutanasiaren Legean bezala arautzen dena, haurdunaldia borondatez eteteko langileak beti prest egongo direla bermatzeko. Gainera, beren burua eragozletzat jotzen dutenen kasuan osasun publikoan zein pribatuan izango direla eragozle jasotzen du arauak.
Arau horrek jasotzen dituen neurrien artean dago, halaber, osasun-zentroek eta sexu- eta ugalketa-osasuneko zerbitzuek biharamuneko pilula doan bidaliko dutela.
Pobrezia menstruala
Abortuaren Legearen erreformak “pobrezia menstrual” delakoa ere jasotzen du. Horrela, azken belaunaldiko pilula antisorgailuak Gizarte Segurantzak finantzatuko ditu berriro, eta gizonezkoen metodo antikontzeptiboak sustatuko dira.
Bestalde, lege honek atal bat eskaintzen die bizitzako etapa guztietan emakumeen hilekoaren osasunaren inguruko eskubideei, eta horren barruan sartzen da oso hileko mingarriak eta ezgaitzaileak dituzten emakumeentzako baja mediko zehatza. Era berean, institutuetan, espetxeetan, emakumeen zentroetan, gizarte-etxeetan eta gizarte-zentroetan hilekorako higiene-produktuak doan banatzea jasotzen du erreformak, hala nola tanpoiak, konpresak edo kopa menstruala, “hilekoaren pobreziari” aurre egiteko.
Halaber, sexu-hezkuntzari buruzko kanpainekin lotuta, ikastetxeetan antisorgailuak doan banatuko dituzte.
Azkenik, arau berri honek haurdunaldiaren etapa guztietan ohitura egokiak sustatzeko neurriak jasotzen ditu, batez ere erditzean eta erditu ondorengo garaian; besteak beste, haurdunaldiaren 39. astetik aurrera erditze-aurreko baja hartzea, amatasun-baimeneko egunik agortu gabe.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
