GARA
DONOSTIA

Hamahiru preso Euskal Herriratuko dituela iragarri du Madrilek

Hamahiru preso aberriratuko dituztela iragarri du Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Lakuako Gobernuak erabakiko du nora eramango dituzten.

Ekaineko azken ostirala Iruñean.
Ekaineko azken ostirala Iruñean. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Orain arteko lekualdatze handiena iragarri zuen atzo Gobernu espainolaren Espetxe Zuzendaritzak, Lakuako Gobernuarekin adostuta. Hamahiru preso Euskal Herriratuko dituzte. Ohi bezala, ez zuten iragarri nora mugituko dituzten; Lakuak erabakiko du hori.

Xabier Garcia Gaztelu, Unai Parot, Ismael Berastegui, Manex Castro, Josean Zurutuza, Aitor Agirrebarrena, Oscar Zelarain, Jon Bienzobas, Juan Manuel Intziarte, Eider Perez, Jon Igor Solana, Jon Rubenach eta Alberto Lopez de Lacalle dira. Gehienek urte asko daramate preso.

Lekualdatzea gauzatzen denean, oraindik 40 preso inguru geratuko dira Euskal Herritik kanpo. Hala ere, erabaki honek berresten du Euskal Herriratze prozesuak aurrera egin duela berriz; izan ere, uztailaren 21ean hamaika lekualdatze iragarri ziren eta abuztuaren hasieran hamabi, azken hilabeteetako geldiunea gaindituz.

Madril, Zaragoza, Kantabria...

Madril, Zaragoza, Kantabria, Asturias... toki horietan daude gaur egun preso hauek. Zehazki, Madrilgo Estremeran da Xabier Garcia Gaztelu; Leongo Mansillan, Unai Parot; Kantabriako Dueson, Manex Castro, Juan Manuel Intziarte eta Jon Rubenach; Burgosen, Jose Antonio Zurutuza; Asturiaseko Villabonan, Aitor Agirrebarrena eta Alberto Lopez de Lacalle; Sorian, Oskar Zelarain; Palentziako Dueñasen, Jon Bienzobas; eta Zaragozako Zueran, Eider Perez eta Jon Igor Solana.