Txikizioa eta geroko pizkundea oroituz

Aurreko bi urteetan behar bezala egin gabe geratu ostean, 1813ko abuztuaren 31ko gertaerak gogorarazi dituzte berriz ere Donostian

Arratsaldean desfilea egin zuten Donostiako Parte Zaharrean barrena.
Arratsaldean desfilea egin zuten Donostiako Parte Zaharrean barrena. (Jon URBE | FOKU)

1813an tropa frantsesak garaituak izan ziren, eta aliatuek -ingelesek eta portugesek- Donostia erre eta arpilatu zuten abuztuaren 31n. Data oso berezia da donostiarrentzat, eta gertatu zena oroitzeko makina bat ekintza egin zituzten atzo. «Hiriaren suntsiketa eta bertan sufritu zuten guztiak ekarri nahi ditugu gogora. Tamalgarria izan zen hiriarentzat, baina gero pizkundea etorri zen. Hiria berriz eraikitzeko indarra eta grina. Bi alde horiek uztartzen ditugu gaur», adierazi zuen Eneko Goia alkateak. Aurtengoa berezia zen, gainera. «Azken bi urteotan ezin izan dugu ekitaldia behar bezala egin eta oraingoan merezi bezala gogoratzeko aukera dugu. Pozgarria da», gogorarazi zuen. Goizean, alkateak eta udalbatzak Itsas Atean (Portaletasen) egindako lore eskaintzan parte hartu zuten, biktimen omenez, Parte Zaharreko danborradetako ordezkaritza batekin batera. Arratsaldean, berriz, desfile bat egin zuten. Parte Zaharreko hainbat elkartek eta inguruko antzerki talde historikoek 1813an gertatu zena antzeztu zuten: Zuloaga plazan hasi eta Abuztuaren 31 kalea, Nagusia, Bulebarra, Konstituzio plaza... zeharkatuta, Zuloagan amaitu zuten.