Osasun neurririk gabe baina motxila erronkaz beterik hasi da ikasturtea
Ikasturteari ekin zioten atzo Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako milaka haurrek. Azken bi eskola-sartzeetan ez bezala, maskararik gabe sartu ziren ikasgeletan. Hala ere, besteak beste, inflazioaren etengabeko hazkundeari eta hezkuntza-baliabide faltari loturiko beste hainbat zamaz eta erronkaz beterik abiatu da kurtso berria.

Udako oporraldia amaituta, Pirinio Atlantikoen departamenduan dauden 500 ikastetxe eta 87 kolegioetan ateak zabaldu zituzten atzo goizean.
Orotara 110.000 ikasle pasatxok egin zuten ikasgeletarako bidea Euskal Herria bere baitan hartzen duen departamenduan. Gutxi gorabehera Zuberoa, Nafarroa Behere eta Lapurdiko haurrek kopuru horren erdia osatzen dute.
Azken bi ikasturteekin alderatuta, atzoko egunak normaltasunerako itzulera irudikatu zuen. Osasun protokolo hertsirik gabe heldu ziren ikastetxeetara irakasle zein ikasleak. Ohiko urduritasuna alde batera utzita, askoz irudi lasaiagoa eskaini zuen, ondorioz, ikasturte hasierak.
Hala ere, bertze hainbat kezka badira kurtso hasiera honetan; irakasleei dagokienez, gehienbat hezkuntza baliabide eta lan baldintzekin lotutako arrangurak dira, eta, familien kasuan, ezin uka inflazioak are gehiago zamatu duela ikasturte hasierako aurrekontua. Egoera horretan, ikasturte sartzea eramangarriago egiteko ohiko laguntzak %4 emendatu ditu frantses Gobernuak.
Sare publikoan
egin dute eskola sartzea hiru ikasletik bik, hezkuntza arduradunen erranetan. Ñabardura merezi du aipaturiko datuak, halere, Ipar Euskal Herriko ikastolak ez baititu sare horretan sartzen frantses Gobernuak. Alta, bere ikasle kopurua urtetik urtera emendatzen duen Seaskako sarean 4.100 bat ikasle jardungo dira 2022-2023 ikasturtean. Adibidez, Etxepare lizeoan 50 bat ikasle gehiago izanen dira aurten. Erronkaz beterik heldu da, beraz, ikasturtea Ipar Euskal Herriko ikastolen arduradunentzat. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea lortzeko eta murgiltze ereduari berme juridikoa ematea lortzeko bilera garrantzitsua dute hilaren 14an, Parisko Hezkuntza Ministerioaren egoitzan, Parisen.
Murgiltze ereduan jarduten duten haurrei elebidunean ikasten dutenak gehituta, hiru ikasletik bat euskararekin harremanean izanen dela iradoki du kurtso hasierako aurreikuspen ofizialak, nahiz eta hizkuntza-gaitasuna oso bestelakoa izan batean edo bestean aritzean.
Euskarak toki handiagoa
hartuko duelako ikasgeletan kontent ziren, atzo, Irisarriko eskolako haur, irakasle zein gurasoak. Ama eskolan soilik ez, lehen mailan ere murgiltze eredua bermatu ahalko dute. Lehen aldiz da hori posible sare publikoan.
«Garaipen ederra da guretzat», aitortu dio Mediabask hedabideari Julie Pons Nafarroa Behereko herriko ikastetxeko zuzendariak. «Nire esperantza da sare publikoari dagokionez Irisarriko kasuak aldaketa ekarriko duela», gaineratu du. Larraineko zein Barkoxeko ikastetxe publikoetan ama eskolako sartzea euskaraz egin zuten atzo.
Bertze giro batekin hasiera eman zioten ikasturteari Beskoitzeko ikastolan. Gela prefabrikatuak baliatu behar izan dituzte sartze honetan ere 54 haur hartu dituen ikastolan.
Ikastetxea zabaltzeko egitasmoa ez atzera ez aurrera dago. Udalaren jarrera salatu zuten uztailean eginiko agerraldian. Atzo eskolako fatxadan banderola hau jarri zuten: «Beskoitzeko ikastola alarman».
Hezkuntza-azpiegiturak
hobetzeko eginiko ahalegina nabarmendu zuten ikasturte hasieraren karietara Iparraldeko udalek. Hala, Angeluko Herriko Etxeak jakitera eman zuenez, Evariste-Galois eta Justin-Larrebat ikastetxeen eraberritzean 1,72 milioi euro inbertitu ditu aurten. Bestalde, inflazioak familiengan duen eragina arintze aldera, udalak ez du emendatuko jangelak erabiltzeagatik ikasleek ordaintzen duten kuota, zerbitzuaren gainkostua (28.000 euro) bere gain hartuz.
Azpiegituren arloan, nabarmentzekoa da Ziburuko Marinela eskolaren eraberritze plana. Herriko hiru eskola bertan bildu ditu udalak, alde batetik, jarraitutasun pedagogikoa hobetzeko, eta, bestetik, trantsizio ekologikoari lehentasuna emateko.
Besteak beste, etxebizitza lortzeko arazoengatik familia gazte askok herritik alde egin behar izan dute azken urteetan. Bi hamarkadotan baliabideen erdiak galdu dituen eskolaren suspertzearen alde apustu egin du udalak. Marinelan, finean, eskolaz kanpoko zein zaintza jarduerak bermatuko dituzte, betiere 2015ean herrian abiatu zen murgiltze ereduari bultzada emanez.
1.047.928 euroko inbertsioa eskatu du Marinela ikastetxe eremua handitzeak eta egokitzeak. Kopuru horretatik 398.153 euro Herriko Etxeak jarri ditu (buxetaren %38).
Baionan 900.000 euro inbertitu ditu Udalak ikastetxeetan eginiko lanetan. Ikasturteak berrikuntza ekarri du Jean-Pierre Brana ikastetxean; autismoa duten ikasleen hezkuntza-prozesuari laguntzeko saila ireki dute.

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

Euskal Estatua helburu, egitekoa eta zuzendaritza eraberritu ditu Sortuk

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»
