Udako jaiak ez dira amaitu
Euskal Herriko jaiak ez dira abuztuarekin amaitu. Irailean oraindik ere herri eta auzo askotan festak izango dituzte; horien artean dira Lekeitio eta bere Antzara Egun famatua eta Elorrixo eta bere Ferixa Nagusiak. Baita Plentzia, Santurtziko Mamariga auzoa, Zestoa edo Otsagabia ere, beste askoren artean.

Lekeition puntual hasi dituzte San Antolin jaiak, irailaren 1ean, kuadrillen jaitsiera eta jai batzordeko kide Pedro Zabalak botatako txupinazoarekin. Gaur, San Antolin edo «Alkondara zuri» eguna ospatuko dute, ohiko kalejira, prozesio, kirol txapelketa eta bertso saioekin.
Bihar «Tutiliklas» eguna izango da; domeka, paella eguna eta astelehena, herritarrentzat hain berezia den Antzara Eguna. Duela hiru mende eta erdi dago jaia dokumentatuta, baina segur aski askoz ere antzinagokoa da.
XX. mende amaieran utzi zioten antzara biziak erabiltzeari eta hildakoekin ordezkatzen, animaliak sufritu ez zezan. Urte batzuk beranduago, 2014an, txalupa batzuk Gaiker IK-4 zentro teknologikoak sortutako gomazko antzara berezia erabiltzen hasi ziren eta aurten, gomazkoak soilik erabiltzea erabaki du Udalak aho batez.
Astelehenean, beraz, eguerdiko hamabietan, antzara jaian parte hartuko duten txalupei zenbakia emateko zozketa egingo da plazan -2019an 95 txalupak hartu zuten parte-, eta antzara jaia 16.00etan hasiko da. Jarraian masta-puntakoa jokatuko da. Egun luze hau Skakeitan, Trikizio eta Oxabi taldeen musikarekin amaituko da.
Aurreko urteetan bezala, egun honetan jende kopuru handia espero da eta horren aurrean segurtasun neurri bereziak hartu ditu Udalak jaia ondo baino hobeto irten dadin. Aurtengo egitaraua, hala ere, datorren ostegunera arte luzatuko da (irailak 8).
Plentzian ere
San Antolin jaiak ospatzen ari dira aste osoan zehar. Egitaraua joan den martitzenean abiatu zen, Antolintxu eta Madalentxuri egindako harrerarekin, eta gaur txupinazoa botako dute goizeko hamarretan, asteburuko ekitaldiei hasiera emateko.
Bihar marmitako lehiaketa izango da goiz osoan zehar eta domekan tortilla- eta entsalada-lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute herriko haur eta gazteek. Arratsaldeko mozorro lehiaketaren ondoren, Antolintxu eta Madalentxu agurtzeko kalejira egingo dute eta zezensuzkoen entzierroarekin emango diete amaiera jaiei.
Santurtziko Mamariga auzoan
ere jaiak ospatuko dituzte bi urteko etenaldiaren ondoren. Jai hasierako pregoia gaur izango da, arratsaldeko zortzietan, aurten Itsasoko Ama eskolako ikasleen, Mamarigako Kultur Etxeko bertso eskolaren eta Baobat elkartearen eskutik.
Biharko hainbat ekitaldi berezi daude iragarrita, horien artean kuadrillen kantu poteoa, «bertso tupper» bazkari herrikoia, tortilla lehiaketa eta suzko sardinak. Domekan sardinera eta arrantzale eguna ospatuko dute marmitako lehiaketa eta itsas azokarekin, eta egitaraua datorren ostiraleko gazte egunean amaituko da (irailak 9).
Elorriok Ferixa Nausikoak
ospatuko ditu bi urte luzeren ondoren eta hamar egun luzez. Txosnagunearen irekiera gaur egingo bada ere, txupinazoa eta pregoia bihar arratsaldean izango dira, aurten Kainabera gobernuz kanpoko erakundearen eskutik.
Aurtengo egitaraua irailaren 12ra artekoa izango da eta aipatzekoa da domeka honetarako iragarrita dagoen abere, nekazaritza eta artisau azoka. Astelehenean kuadrillen bazkaria egingo da; datorren zapatuan (irailak 10), berriz, behi-okelaz egindako sukalki eguna; domekan (irailak 11) munduko-zaporeak ekitaldiaz, herri-kirol jaialdiaz eta bertso-saioaz gozatuko dute elorriarrek, eta astelehenean (irailak 12), idi-proba txapelketaz.
Musika arloari dagokionez, aurtengo “ferixetan” hainbat talde famaturen emanaldiak ikusteko aukera izango da, besteak beste, Aiaraldeko Sound System, Sonakay, Puro Relajo eta DJ Reimy-renak.
Zestoa eta Otsagabia
dira iraileko jaiak berreskuratuko dituzten beste herrietako batzuk. Zestoan, asteburu honetan gazte eguna eta txistularien alardea ospatu ondoren, txupinazoa datorren asteazkenean botako dute (irailak 7), Itxaropena Dantza Taldearen eskutik, eta hurrengo egunean (irailak 8) ospatuko dute jai egun nagusia. Meza nagusiaren ondoren, udal ordezkariek ohiko dantzaurrea eskainiko dute eta jarraian Zestoako Bandaren kontzertua izango da.
Egitarauak hurrengo igandera arte jarraituko du (irailak 11) eta ez dira faltako umeentzako ekitaldiak eta zekorketak eta zezen bolaztatuak, baita paella lehiaketa, kuadrillen arteko jolasak, txakolin dastaketa eta artzain txakurren Gipuzkoako Txapelketa ere.
Musika arloari dagokionez, honako taldeak arituko dira Zestoako jaietan: Zestoako batukada, Etxekalte, Rodeo, Vulk eta DJ Elba; Mugi Panderoa; Rudeska, Nikotina eta DJ Bull; Laket; eta DJ Davila (irailak 10).
Otsagabian, bestalde, jaiak aurreratzea erabaki zuten 2019an egindako herri-galdeketan, eta iraileko lehen asteburu honetan ospatuko dituzte, hilaren 1etik 5era, hain zuzen. Hala ere, irailak 7 eta 8an Muskildako Ama Birjinaren eguna ospatuko dute eta Otsagabiko dantzariek ohiko emanaldia egingo dute.
Osteguneko txupinazoaren ondoren, beraz, gaur, Atharratze herriarekin senidetze eguna ospatuko dute. Eguneko ekitaldi nagusia arratsaldeko dantza ikuskizuna izango da, non Jaurrieta, Atharratze eta Otsagabiko dantza taldeak arituko diren. Jarraian, Trikidantz taldea, gaitariak eta The Lio taldearen emanaldiak izango dira.
Biharko egitaraua txikientzako entzierro eta jolasekin hasiko da. Eguerdian kalderete eta paella lehiaketak izango dira, eta arratsaldez, herri kirol jaialdi bikaina izango da Ori frontoian Iker Vicente, Julen Alberdi, Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aizkolariekin eta Luis Errekondo eta Lierni Osa harri-jasotzaileekin. Daniel Vicente eta Eneko Saralegi aizkolariak australiar erara arituko dira. Eguna Mala Pekora, Bastardix eta DJ Semberen musikarekin amaituko da.
Igandea haurren eguna izango da, horientzako ekitaldi ugarirekin. Arratsaldeko esku pilota jaialdiaren ondoren, Puro Relajo eta Edelweis musika taldeen txanda izango da. Astelehenerako, azkenik, mus eta briska txapelketak, auzoetako bazkaria eta Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia daude iragarrita.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
