Xenki eta Murgiren hilketaren egia agerian
1972ko irailaren 2an, Lekeitioko Dendari kalean tiroz hil zituen Guardia Zibilak Joxe Benito Mujika, ‘‘Xenki’’, eta Mikel Martinez de Murgia, ‘‘Murgi’’. Berrogeita hamar urte igaro ostean, «Exekuzio arbitrarioaren biktima» ofizialtzat aitortu ditu Lakuako Gobernuak, eta bertsio ofiziala gezurtatu du bere ikerketak.

Duela mende erdiko irailaren 2an, Lekeitioko Antzara Egunaren bezperan, Joxe Benito Mujika, Xenki, eta Mikel Martinez de Murgia, Murgi, tiroz hil zituen Guardia Zibilak, Lekeitioko Dendari kalean. Bertsio ofizialaren arabera, ETAko bi militanteak guardia zibilekin izandako tiroketa batean hil ziren. Baina Xenkik eta Murgik ez zuten tiro bakar bat ere egin. Frankotiratzaile baten tiroetako bat jaso zuen eztarrian lehenak, leihora begiratzean, eta bigarrenak, bere burua entregatzeko negoziatzen saiatu eta arma askatu zuenean, 20 bala baino gehiago jaso zituen bizkarretik. Lakuako Gobernuaren ikerketak ondorioztatu du hori eta giza eskubideen urraketen biktimatzat jo ditu. Hildakoak omentzeko ekitaldi bat antolatu dute gaurko.
Hilketa gertatu eta hurrengo egunean jaiak bertan behera gelditu ziren 1972ko irail horretan. Hala eskatu zuten Santi Brouardek eta atsekabetuta zegoen herriak. Familiek ikusi edo identifikatu gabe lurperatu zituzten bi gorpuak. Agintari bat ere ez zen senideekin harremanetan jarri heriotzen berri emateko. Bai, ordea, Guardia Zibila: Mujika familiaren atea jo eta Xenkiren argazkia erakutsi zieten, haren arreba Pilik Egiari Zor fundazioak 2015ean antolatutako hitzaldi batean azaldu zuenez. Hala ere, azkenean, zarauztarra etxera eramatea lortu zuten. «Amak ikusi egin nahi zuen gorpua berea zen jakiteko eta kutxa zabaldu eta bere burua ikusi genuen». Murgiren senideek, ordea, ezin izan zuten senitartekoa ikusi.
Berrogeita hamar urteren ondoren, Xenki eta Murgiren heriotzak «exekuzio arbitrariotzat» edo «judizioz kanpoko exekuziotzat» jo ditu Balorazio Batzordearen Bigarren Txostenak (EAEn 1978 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeria egoeran giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko ardura du batzorde horrek).
Txostenean jasota dago Juan Bengoetxearen testigantza, gorpuak aztertu zituzten bi medikuetako batena. Haren testigantza beheko lerroetan irakur daiteke.
Ikerketak dioenez, Guardia Zibilak une oro kontrolatu zuen etxebizitzarako sarbidea, eta ez dago jasota bertan epailerik izan zenik. Ordu batzuk geroago, Guardia Zibilak medikuei gorpuak ikuskatzeko eskatu zienean, horiek manipulatu egin zituztela ikusi zuten. Izan ere, bi gazteak hil zirenetik medikuak iritsi ziren arte ordu batzuk igaro ziren, eta denbora horretan, Bengoetxea doktoreak dioenez, Guardia Zibilak etxebizitza garbitu zuen. Ez zuten jaurtigairik aurkitu, bi gorpu soilik: Xenkirena, balaren marka oso zehatz batekin, frankotiratzaile batek egingo zukeena bezalakoa, eta, Murgirena, 20 bala-zulo baino gehiagorekin, gerrialdean eta bizkarraldean; hots, konfrontazio baten ondoriozko markekin bat ez datorren autopsia.
Balorazio Batzordearen esanetan, polizia-abusuen legearen 2. artikuluan jasotako «giza eskubideen urraketekin bateragarriak» diren heriotzak dira Xenki eta Murgiena. Estatu espainolak ez zituen, txostenean zehazten denez, beharrezkotasun- eta proportzionaltasun-irizpideak errespetatu, eta inpunitate osoz jardun zuen Guardia Zibilak, beste kasu askotan bezala.
Hori nahikoa ez eta, hurrengo urteetan, bi hildakoen senideak atxilotu, torturatu eta kartzelatu zituzten, eta Estatu espainoleko errepresioak gertatutakoa argitzeko ahalegin oro eragotzi zuen.
Lekeitioko Udalak duela zazpi urte kasu hau ikertzeko eskatu zion Gogora Institutuari. Ondoren, familiek Lakuako Gobernuarengana jo zuten, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimentzako legearen bidez. Batzordearen erabakia joan den ekainean iritsi zitzaien senideei, eta Gasteizko Legebiltzarrera bidalitako zerrendan dago.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
