GARA
DONOSTIA

Pentsiodunen mugimenduak mobilizazioei ekingo die berriro

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioei ekingo die berriro irailaren 5ean eta 12an. Hiriburuei dagokienez, 5ean Bilbon eta Iruñean izango dira protestak, eta 12an, Donostian eta Gasteizen.

«Udan, gure mobilizazioak herri askotan mantendu dira, uztaileko eta abuztuko bero itogarriaren pean; milaka pertsonaren babesa jaso dugu ekainean Euskal Herri osoan zehar egindako Bizikleta Martxan, 70.000 pertsonak baino gehiagok sinatu dute pentsioak benetako KPIra egokitzeko eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen eskaera, eta abuztuaren 24an manifestazio indartsua antolatu genuen Bilboko Aste Nagusian», adierazi zuten ohar batean.

Kurtso berriari begira daude pentsiodunak, prezio igoera eta halako «mehatxuei» adi, langile eta pentsiodunen erosahalmena galtzeko arriskua ikusten baitute.