Arnaitz GORRITI
2022KO KONTXAKO BANDERA

Urdaibai eta Orio aurreneko saioan garaile, baina oraindik badute lanik

Zazpi segundo eta erdiko aldea atera die «Bou Bizkaiak» Hondarribiari eta Donostiarrari, eta hiru horien artean erabakiko da gizonezkoen Kontxako Bandera, itsasoa espero baita datorren igandean. Getaria izango dute lagun ohorezko txandan. Emakumeen artean, Orioren eta Arraun Lagunak-en artean bi segundo eskaseko tartea baino ez dago hilaren 11ko estropadari begira.

Oraindik emakumeen Kontxako Bandera erabaki gabe dagoen arren, atzo bederen Orioko neskek eraman zuten pozik handiena.
Oraindik emakumeen Kontxako Bandera erabaki gabe dagoen arren, atzo bederen Orioko neskek eraman zuten pozik handiena. (Jon URBE | FOKU)

Urdaibai eta Orio ez dira alferrik Eusko Label Ligako liderra eta Euskotren Ligako irabazlea, hurrenez hurren. Biek ala biek pronostikoak bete zituzten atzo, Kontxako Banderari zegokion aurreneko igandean eta, bada, hilaren 11ko estropadari begira, nahitaez trapurik preziatuena astintzeko faborito direla onartu behar da, Urdaibairen kasuan batez ere, Hondarribia eta Donostiarrarekiko zazpi segundo eta erditik gorako aldea ireki baitzuen Bermeoko taldeak. Emakumeen artean, berriz, bi segundo pasatxoko abantaila atera zuten mirotzek Arraun Lagunak taldearekiko.

Alabaina, ezin da inola ere erabakitzat jo ez gizonen 127. Bandera, ezta emakumeen hamabosgarrena ere. Emakumeen kasuan, "San Nikolas" eta "Lugañene"-ren arteko aldea oso txikia delako, ontzi betekoa baino gutxiago, eta gizonen estropadari begira, aldea nabarmenagoa izanagatik, itsaso mugitua espero da datorren iganderako eta hori beteko balitz, bi ontzi eta erdiko abantaila hori ez litzatekeelako gainditu ezinekoa izango, ezta gutxiagorik ere. Gainera, Urdaibai ezin da Hondarribiari bakarrik begira egon; Donostiarra ere kontrolpean izan behar du, eta bai «Ama Guadalupekoak» nola «Torrekua II.ak» ere aurten erakutsi dute badirela, estropada bakarrean, Bermeoko ontziari zortzi segundo ateratzeko gai.

Aurreneko kale «txar bikaina»

Ipar-mendebaldeko haizea aritu zen, ez oso indartsu -tarteka orduko 13 bat kilometroko abiaduraz, gehienera ere-, nahiz eta gizonen txandek aurrera egin ahala iparraldera jira egin zuen. Marea beherantz joanda, gainera, inork ere ez zuen aurreneko kaletik joan nahi, baina zer da kontua eta emakumeen bi txandetan aurreneko kaletik abiatu zirenek -Hondarribia eta Orio, hurrenez hurren- irabazi zuten. Gizonezkoetan, berriz, aurreneko kaletik abiatu zen Orioko traineruak poparean beherantz egin zuen eta ohorezko txandatik at geratu zen Getariaren mesedetan. Donostiarrak, ordea, Urdaibairen aurretik ziaboga ematea erdietsi zuen, nahiz eta bigarren luzean ezin izan zion "Bou Bizkaiari" eutsi.

Oro har, atzoko lau txandak nolabait esatearren «binaka» jokatu ziren. Emakumeen aurreneko txandan Tolosaldea arin nabarmendu zen, baina ETE Liga irabazi berritan maila asko hobetu duela erakutsi zuen Hondarribia inguruan izan zuen beti, Cabo eta Hibaika hirugarren posturako borrokatu ziren bitartean. Zeresanik ez Orio eta Arraun Lagunaken arteko bigarren txandako buruz burukoaz, nahiz eta kasu honetan ez zen hirugarren posturako lehiarik egon, Donostiarrak “Chapela” atzean laga baitzuen.

Datorren urtean zortzi ontzik osatuko duten Euskotren Ligan zer ikusiko dugun ezin da oraindik jakin, baina bistan geratu zen emakumeek arraunean gero eta hobeto egiten dutela; hau da, atzo aurreneko postutik urrun samar geratu ziren taldeek ere gero eta lan egokiagoa egiten dutela.

Hala, Orioren eta Arraun Lagunaken artean 2,16 segundo baldin badaude, hirugarren izan zen Hondarribiaren eta bosgarren amaitu zuen Tolosaldearen artean 2,44 segundo daude, zazpigarren egin zuen Cabo erabat ahaztu gabe -hemen ere itsasoa petraltzen bada, alde handiak ikustea ez delako harritzekoa izango-.

Alabaina, Orioren eta Arraun Lagunaken arteko azken txanpak beste behin erakarri zituen argiak eta titularrak. Ziabogan Oriok segundo bakarreko aldea ateratzen zuen eta, ia azkenera arte, biek ala biek branka besteari sartzen sekulakoak eta bi egin zituzten. Ez zen harritzekoa izan tarteka “Lugañene” aurrea hartuta ikustea, nahiz eta gehienetan bigarren postuan joan. Santa Klara uhartetik aurrera bakarrik atera zuten alde apur bat mirotzek, egon zen hondoko itsasoari etekina aterata. Hala ere, ez zuten ontzi beteko alderik zabaltzerik lortu. Bada, datorren astean ikusiko da Arraun Lagunakek iazko garaipena errepikatzen duen ala Oriok berriz ere Grand Slama eskuratzen duen.

Urdaibai, aztietan aztiena

Erreferentziarik gabe arraun egitea egokitu zitzaion Hondarribiari gizonezkoen aurreneko txandan. Orio, Getaria eta Kaiku baino indartsuagoa izanik denboraldi osoan zehar, “Ama Guadalupekoak” Urdaibai eta Donostiarra izan zituen jomugan bere lanean. Hondarribiko bikingoek lan aparta egin zuten, zalantzarik gabe, eta horri esker 19 minutu eta erdiko langa ere botatzea lortu zuten, sekulako itzulerako luzea burutu ostean.

Aztietan aztiena gizonezkoen estropada honetan Urdaibai izan zen. Lan txarrak izan zituen Donostiarraren aurka, ziaboga "Torrekua II.ak" aurretik eman baitzuen eta uneren baten lau segundoko aldea ere ireki zuelako.

Bueltako luzean, ordea, dena aldatu zen. Bigarren kaletik abiatuta, “Bou Bizkaiak” berehala harrapatu zuen Donostiarra. Etxeko traineruak istriborrerantz jo nahi izan zuen, baina Bermeoko taldeak, bere kalea defendatuz, ez zion laga. Epailea tartean sartu zen eta, kanpotik harrigarria badirudi ere, istriborrera jotzeko agindu zion “Bou Bizkaiari”.

Baita honek agindua azkar asko bete ere. Ordurako Bermeok branka sartua zuen eta epaileen aginduak bere egoera hobetu baino ez zuen egin. Bizkaitarrek 11 segundorainoko aldea izan zuten Donostiarrarekiko eta Hondarribiarekiko. Azkenera itxuratu zuen desabantaila “Torrekua II.ak”, lau segundo errekuperatuta.

Bestetik, aipagarririk izatekotan, Getariak eta Oriok elkarrekin izan zuten buruz burukoa izan zen. Elkarri branka sartzen jardun zuten mirotzek» eta “Esperantza” ontziak. Hondarribiak estropada haustean, Unax Eizagirre Getariako patroiak Hondarribiaren uberan jarraitu zuen eta erabaki zuzena izan zen. “Esperantzak” laugarren denbora onena egin zuen eta Orio ohorezko txandatik atera zuen.

Horrez gain, epaileek aurreneko txandako lehenengo irteera ustel eman zuten, Kaikuk estatxa arinegi askatu zuelakoan. Azkenean ez “Bizkaitarrak” ez beste ontziek ez zuten zigorrik jaso.