Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Garaiak lausoak direnean sortzen diren gogoetarako aukerak

Itxialdian idatzitako testu asko jasotzen ditu Jose Luis Otamendiren «Landura» poemarioak, baina horrek ez du esan nahi pandemiaren inguruan soilik mintzatzen denik. Izan ere, egun bizi dugun egoera nahasiaz ari da, gizartearengan izan dituen ondorioez eta norbanako bezala jasotzen dugunaz. 47 testutan zehar, etenik gabe, ibilbide bat egin dezakegu nitasun batetik kolektibora salto eginez.

Jose Luis Otamendi, atzo Donostian egin zuen aurkezpenean.
Jose Luis Otamendi, atzo Donostian egin zuen aurkezpenean. (Iñigo URIZ FOKU)

Pandemia, gerrak, krisi ekonomikoa... azken urteak etorkizuneko historia liburuak hornitzeko hainbat gertaera ematen ari zaizkigu, baina gizartean eragina izaten ari dira horiek. Giroan lurruna nabari du Jose Luis Otamendi poetak. Uste du lauso dagoela dena, eta esanahi hori duen “Landura” (Susa) izena jarri dio bere liburu berriari. Azaleko irudiak ere erreferentzia egiten dio sentimendu horri: eraikin bat ageri da, kanpoan sare bat duena, segurtasun faltsuaren sentsazioa iradokitzen duena. «Bizi dugun garaia ez da batere segurua, hain justu kontrakoa: nahasmena nagusi da», adierazi zuen.

Nahasmen hori irudikatzeko moduan bere poemarioak ez du atalik, baizik eta 47 testuak bata bestearen atzetik kokatu ditu. Baina nolabaiteko ordena bat badago irakurtzen ari garenean. «Nitasun intimo batetik abiatuz, bizi naizen garaiaz gogoeta egitera nator. Objektuek, makinek, espazioek eta paisaiek garrantzia dute, eta horiek gerturatu eta humanizatzeko ahalegina egin dut», esan zuen idazleak.

Itxialdian idatzitako testuak asko dira, baina inondik ere ez da pandemiaren inguruko liburua. Testuingurua horixe da, baina ez da muina. Hainbat egoeraren aurrean norbera bakartzearen arriskuen inguruan aritzea izan du helburu.

Gai nagusi batzuk ere

nabari dira, nahiz eta Otamendik ez dituen sailkatu. Alde batetik, garai baten amaiera eta beste baten hasieraren arteko trantsizioa aipatzen da; mundu zahar bat amiltzearen eta hasi berri baten lehen pausoen artean noraezean sentitzen den gizarte bat deskribatzen du. Bestetik, beldurra eta ziurtasun eza zabaltzen direnean barrurako dugun joera ere testu batzuetako gaia da. Poetaren ustez, oskol batean sartu ohi gara, eta horrek klaustrofobia sortzen du, baina baita agorafobia ere, kontraesana dirudien arren.

Aurreko lanetan eta aspalditik konstante bat izan den beste gai bat ere landu du Jose Luis Otamendik: alderdi pertsonala eta kolektiboa uztartzeko eta elkartzeko zailtasunak. Eta azkenik, kontzientzia hartzearen garrantzia ere aipatu zuen Otamendik, «denboran zehar galtzen joan garenaren kontzientzia», alegia. Ondo esaten baita batek ez dakiela zer zuen hura galtzen duen arte. Aurretik genuenak balioa irabaziko balu bezala galtzen dugunean, hain zuzen.

Bizi dugun egoeraren eta testuetan iradokitzen denaren alderdi positiboa gauzak egiteko eta asmatzeko ematen dituen aukerak dira. Hala, Otamendik uste du une honetan garrantzitsua dela «elkartasuna eta hainbat borrokari eustea».

Bere aldetik, objektu poetiko bat egin nahi zuen gizarteari emateko. «Poeta banaiz eta poesia gai autoinmune bat bada, ahalik eta modurik zuzenean eta ederrenean eman nahi nion neure komunitateari», argitu zuen. Eta horrela sortu zen “Landura”.

Testu labur horietan pandemiaz ere hitz egiten du, baina baita «ikusten ditugun mundu mailako gatazken arriskuaz, bortxa matxistaren igoeraz, joera autoritario eta sekurokratez, ekonomiaren norabideaz...» ere. Horrek guztiak ziurgabetasunera garamatza. «Gizarte bezala gure onenean ez gaudela dirudi; ikaratzera eta ihes egitera eramaten gaitu», aipatu zuen.

Azken gogoeta moduan, errealitatea pantailetan ikusteko joera aipatu zuen Jose Luis Otamendik. «Sakelakoa izan, ordenagailua, tableta edo telebista. Ematen du errealitatea kristal baten beste aldetik ikusten dela bakarrik», adierazi zuen.