GARA
GASTEIZ

Joko arriskutsua atzemateko gida kaleratu du Lakuako Gobernuak

Nerabe eta gazteen artean joko patologikoa eta arriskutsua atzemateko gida kaleratu du Lakuako Gobernuak. Gazteen kopuru handi batek, %31,8ak, jokoan adingabe zela hasi zela onartu du, nahiz eta 18 urte bete gabe horretan aritzea legez kontrakoa den.

Gasteizko joko-areto bat.
Gasteizko joko-areto bat. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lakuako Gobernuko Segurtasun, Hezkuntza, Osasun eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailak joko patologikoari buruzko informazioa eta nerabeen eta gazteen arrisku-jokoa goiz detektatzeko eta prebenitzeko jarraibideak biltzen dituen gida bateratua argitaratzeko elkartu dira.

«Gida praktiko honek arduratsua ez den jokoaren arriskuak aztertzen ditu, diagnostiko tresnak eskaintzen ditu eta prebentzioko eta tratamenduko baliabideak azaltzen ditu. Adin tarte horretako gazteei eta horiekin harremanik handiena dutenei zuzenduta dago: hezkuntza komunitatea (irakasleak, begiraleak, gurasoak eta 12 urtetik gorako ikasleak), gizarte eragileak, osasun arloko eta arlo soziosanitarioko langileak eta familiak, bai eta gazteak eta nerabeak ere», azaldu zuen Lakuako Gobernuak.

Egitasmo honen helburua ondorengoa da: «Informazio baliagarria eta eguneratua ematea kolektibo zaurgarri horretan jokoarekiko portaera adiktiboen alarma seinaleak interpretatu ahal izateko. Horrez gainera, aholkuak ematen dira eta ausazko jokoak eta materialak eskaintzen dira, bai eta gazteak prozesu adiktiboetara edo ludopatietara eramaten dituzten mekanismoak ere», gaineratu zuen Lakuak.

Jokoaren EAEko Behatokiak aurten egin duen “Gazteria eta jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan 2021” txostenaren arabera, gazteen %24,9ak aitortu du ausazko jokoetan aritu dela eta apustuak egin dituela azken urtean, eta, jokatzeko eta apustuak egiteko legezko adina 18 urte den arren, askok (%31,8) aitortu dute jokoan adingabe zirenean hasi zirela. Jokoarekin lehenengo kontaktu hori norbaitekin izaten dute; kasurik gehienetan, familiako norbaitekin. Gainera, gazte gehienek (%78,6k) adierazi dute familiartekoak ikusi izan dituztela ausazko jokoetan haurrak zirenean, baita etxean ere.

Txostenaren arabera, ohikoena da aurrez aurre jokatzea (%69,1), baina online jokoa hazi egin da (%10,1). %20,8ak bi joko modalitateak konbinatzen ditu. Gazteek gehien aukeratzen dituzten aurrez aurreko jokoak loteria (%27,1), kirol-apustuak (%17,5), kasinoko jokoak (%16,9) eta B motako makinak (%12,1) dira. Online jokoetan kirol-apustuak (%57,9), Primitiva (%9,9) eta kasinoa (%8,9) dira hedatuenak.