44 urteko langile bat hil da, eroriko baten ondorioz
Iturenen larunbatean izandako lan istripuaren ondorioz, 44 urteko langile bat hil zen igandean, sindikatuek atzo jakinarazi zutenez.

Larunbatean altueratik eroritako 44 urteko langilea hil zen igandean, zauri larrien ondorioz, atzo jakinarazi zutenez. LAB sindikatuak azaldu zuenez, Iturengo etxe bateko horman toldo bat jartzen ari zen langile autonomoa, eta baimendutako altuera bikoiztuz eskuko eskailera bat erabiltzen ari zela erorita gertatu zen ezbeharra.
«Behin eta berriz jarri dugu mahai gainean istripu hauek saihesgarriak direla, honen atzean ematen diren drama pertsonal eta sozialak ekidin daitezkeela prebentziorako neurriak betetzen badira», adierazi zuen sindikatu abertzaleak. Izan ere, 57 langile hil dira Euskal Herrian 2022an lan istripuz dagoeneko; 14, Nafarroan. «Bistan da benetako neurriak hartzen ez diren bitartean odol isuria ez dela etengo. Kasu honetan, gainera, langilea autonomoa izanda, lan osasuneko araudiak ez du babesten. Nola liteke autonomoek babes hori ez izatea? Zerk bultzatzen du langile bat beharrezkoak ez diren arriskuak hartu behar izatera, horiek ezagututa ere?», galdegin zuen LABek. Horregatik, dei egin zion Nafarroako Gobernuari autonomoak ere babesteko beharrezkoak diren neurriak har ditzan eta lan osasuneko protokoloetan langile horiek ere barnebildu ditzan.
Era berean, UGTk salatu zuen langileen bigarren heriotza dela astebetean. Aurrekoa Olaztin izan zen. «Kopuru kezkagarria da, erakundeek eta enpresek berek gaitz hori amaitzeko beharrezko prebentzio-neurri guztiak hartzen jarraitu behar dute».
ELAk ere salatu zuen gertatutakoa: «Datu ofizialek baieztatzen dute Nafarroan Laneko Arriskuen Prebentzioa ez dela egiten edo paperean geratzen dela. Enpresek lehentasuna ematen diote produkzioari arriskuak murrizteari baino, eta merkeago ateratzen zaie legea ez betetzea, prestakuntzan, segurtasun prozeduretan eta babes ekipamenduetan inbertitzea baino». Horren aurrean, patronalari eta Nafarroako Gobernuari galdetu zien «zer egingo duten».
ELA sindikatuaren iritziz, ezbehar tasa geldiaraztea «erantzukizun kontua izateaz gain, borondate kontua ere bada, eta, zoritxarrez, patronalak eta Gobernuak ez dute benetako borondaterik erakusten neurriak hartzeko eta egoera aldatzeko».

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda
