Ez ote da ipuina errealitateari erantzuteko erarik zintzoena?
Iban Zaldua Gonzalezen “Ipuina engainua da” Elkarrekin plazaratutako bilduma berriko kontakizunak gezurrek eta beldurrek zeharkatzen dituzte. Protagonistak sinetsita daude planta eginez ihes egingo dietela horiei, baina garbi ikusten da egunero ematen dituzten pauso txiki horiek amildegira eramanen dituztela. Euskal ipuingintzaren gorazarrea izan nahi du obrak, baita literaturaren zeregin kritikoarena ere.

«Ez ote da fikzioa hainbeste ertz dituen errealitate honi erantzuteko erarik zintzo eta eraginkorrena?». Gogoeta hori jasotzen du Iban Zaldua Gonzalezen “Ipuina engainua da” (Elkar) obra berriak. Ipuin-bilduma honek badu hainbat berezitasun. Donostiarraren aurreko lanen aldean ipuin luzeagoz osatuta dago, eta «etapa berri baten hasiera» markatzen du egilearentzat.
Bertzetik, gutxitasun sentimendu bat izan du idazleak; «estilorik gabekoa» zela pentsatu izan du, eta 25 urteren buruan, ahots ezagun bat topatu du, baita euskaraz ere (gaztelaniaz hasi zen idazten). «Nire buruarekin bakeak egitea suposatu du liburuak zentzu honetan», erran zuen atzo Donostiako Udal Liburutegian egindako aurkezpenean.
Lehenengo ideiarekin hasita, lan «mardula» da honako hau; aitzinekoak ere halakoak ziren, baina tamaina antzekoa izan arren, aurrekoek 38 ipuin bazituzten, honek 16 baino ez ditu. Azkenaldian gustukoen izan dituen ipuinek espazio handiagoa hartu dute, eta istorioari eustea izan du erronka, dentsitatearekin -astuntasunarekin nahasi gabe-, bizkortasunez.
Estiloari dagokionez, berau da liburua batzen duena, gaiak askotarikoak baitira. «Ipuinlari petoak askotarikoa izan behar du», defendatu zuen.
Liburuaren ikur izatea nahi luke fikzioak duen bertute nagusia: «Norberetik idaztea ahalbidetzen dizu egozentrismoan erori gabe, norberetik baina ez norberarentzat».
Eskerrak emanez
hasi zuen Zalduak hitzaldia. «Euskal idazle gazteen belaunaldiak» zerbait erakutsi badio, horixe da: lan kolektiboak direla liburuak, nahiz eta akatsak norberarenak izan. Elkar argitaletxea aipatu zuen, prentsaurrekoan eta liburua idazten lagun izan dituen Xabier Mendiguren editorea eta Pello Lizarralde idazlea ere bai, bere lehen irakurleak, ipuinak idazteko enkarguak egin dizkiotenak... Eta eskertza zabaldu zuen: euskal ipuingintzara, «konpetentzia baino akuilu» izan dituen idazleengana.
Izan ere, adierazi zuenez, «euskal ipuingintzaren gorazarre» izan nahi du liburu honek, zeharka eta zuzen. «Gauza onak eta txarrak produzitzen dira. Baina inguruko literaturekin alderatuta ipuingintza ekosistema bereziki oparoa dugula pentsatzen jarraitzen dut. Azken urteotan akuilu izan ditut Eider Rodriguez, Ana Malagon, Uxue Apaolaza, Santi Leone, Iñigo Astiz, Ur Zubiaurre, Aintzane Usandizaga, Garazi Arrula, Iñigo Aranbarri, Gotzon Hermosilla... Haien ipuinak irakurri bitartean idatzi ditut hauek».
Euskal ipuingintzarena bezala, «literaturaren zeregin kritikoaren» aldarri ere izan nahi du obrak, «galderak egiteko ipuinen ahalmenarena».
Gezurraren edo fikzioaren aldeko manifestu bat osatzen ari da sortzaile donostiarra. Halaxe dio puntu batek: «Fikzioa inportantea da egiatiagoak izaten laguntzen digulako».
Lizarraldek Zalduaz azpimarratu zuen beti izan dela «ausarta» eta «oso ondo» jakin izan duela zer bide jarraitu behar zuen. «Lan honek ederki erakusten du hori. Bilduma anitza da; ez dago genero edo estilo ariketarik, aniztasuna beste leku batetik heldu da. Literaturazale izateak duen ondorioetako bat dira ipuinok».
Erantsi zuenez, askotariko izateak baditu arriskuak, baina «ez dago kirrinka egiten duen ipuinik, koherentzia bat dago. Eta, batez ere, aurreiritzi gutxiko irakurle bat». «Bizio bat» saihesten duela azaldu zuen: «Irtenbideak emateko grina. Galderak eta zalantzak jartzen dizkigu; gainerakoak gure lanak dira».

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
