Ibai AZPARREN
IRUÑEA
BANKU ETA ENERGIA ENPRESEN GAINEKO ZERGAK

Zerga berriak ezarriko dituzte, baina Sanchezek negoziatu egin beharko du

Energia enpresen eta finantza erakundeen «ezohiko irabazien» gaineko aldi baterako zerga berriak ezartzeko lehenengo urratsa egin zuten atzo Kongresu espainolean. Neurriek EAJ eta EH Bilduren baiezko kritikoa jaso zuten, eta Sanchezek negoziatu egin beharko du aurrera ateratzeko.

Sanchezen Gobernuak aurkeztutako neurrien tramitazioaren bozketa, Kongresu espainolean.
Sanchezen Gobernuak aurkeztutako neurrien tramitazioaren bozketa, Kongresu espainolean. (EUROPA PRESS)

Kurtso politikoaren ohiko lehen osoko bilkura egin zen atzo Kongresu espainolean, banku eta energia enpresen aparteko irabazien gaineko zergak eztabaidatzeko. PSOEk eta Unidas Podemosek aurkeztutako neurriak tramitatzen hastea lortu zuten EAJ, EH Bildu, ERC, Mas Pais, BNG eta CUP alderdien babesari esker, baina Sanchezek negoziatu egin beharko duela ohartarazi zuten. Koalizioa osatzen duten alderdien lege-proposamenak lehen azterketa parlamentarioa gainditzea lortu zuen, PPk, VOXek eta Ciudadanosek aurkako botoa eman zuten arren.

EH Bildu eta EAJk baiezko «kritikoa» eman zieten neurriei, eta zuzenketak eskatu zituzten zerga berri horiek Arabako, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Nafarroako foru-ogasunek administra ditzaten. EH Bilduk, gainera, aldi baterako neurrien alde egitea aurpegiratu zion Sanchezi, eta egiturazko neurriak eskatu zituen.

Azken hamarkadetan, Mendebaldeko gobernuek gutxitan hartu dituzte horrelako neurriak, baina energiaren eta prezioen krisiak eragindako kostuek Europako Batzordea ere bultzatu dute erregai fosilen konpainien aparteko irabazien gaineko zerga bat edo konpainia elektrikoen diru sarrerak mugatzeko neurriak proposatzera. Bruselako haizeak alde ditu Pedro Sanchezek, eta, horren jakitun, uztailean iragarri zituen kargak, kontuan hartuta aldi baterakoak izango direla, eta ez iraunkorrak, atzo hainbat taldek eskatu zuten bezala.

Proposamenak energia enpresen diru sarreren gaineko %1,2ko aparteko karga ezarriko du, eta 2023an eta 2024an indarrean egongo da. Sanchezen Gobernuak aurreikusi du konpainia horien ezohiko etekinei aplikatutako zergetatik 2.000 milioi euro bilduko dituela urte horietan.

Zerga hori Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalak «operadore nagusitzat» jotzen dituen elektrizitate, gas eta petrolio enpresei aplikatuko zaie. Konpainia horiek, gainera, 1.000 milioi eurotik gorako diru sarrerak izan beharko dituzte urtean.

Halaber, ekimenak %4,8ko karga berri bat ezarriko die bankuei, 2022ko eta 2023ko urteetan komisio eta interes garbietan lortutako marjinaren gainean, eta kontuan hartuta joan den ostegunean Europako Banku Zentralaren interes tasen igoera historikoak, 0,75 puntukoak, bankuei mesede egin diela. Karga berri horrekin, hala eta guztiz ere, exekutiboak urtero 1.500 milioi euro biltzea bilatuko du.

Enpresek zergaren kostua bezeroei helarazteko aukerari dagokionez, Gobernuak erabiltzaileari helarazten zaion zenbatekoaren %150eko zehapena ezarri du proposamenean.

EAJ eta EH Bildu

PSOEk eta Unidas Podemosek Kongresuan aurkeztutako lege proposamena ondare prestazio publiko ez-tributarioa da, eta ez da, zehazki, zerga bat. Eragin bera izango du enpresengan, baina Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ogasunen kontroletik kanpo geratuko da.

Zentzu horretan, EAJ eta EH Bildu ekimena tramitatzen hastearen alde agertu ziren, baina zuzenketak eskatuko dituzte zerga berri horiek Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako foru ogasunek administra ditzaten.

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramailearen ustez, zergak «norabide onean egindako urratsa» dira, baina «eskumenen errespetu eskasa» kritikatu zuen, baita Gobernuak «gure ogasunak saihesteko» lege proposamena bezalako figura bat erabiltzea ere, eta ez dekretua. «Espero dugu akats horiek zuzentzea eta Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako foru ogasunen esku geratzea. Hala ez bada, ezin dugu aldeko botoa ziurtatu», adierazi zuen Aizpuruak.

Bankari eta energia enpresei eman nahi zaizkien prestazio berriak Euskal Autonomia Erkidegoarekin eta Nafarroako Foru Komunitatearekin adostu ezean, PSOEk eta Unidas Podemosek aurkeztutako ekimenak ez duela EAJ-PNVren baiezkoa jasoko nabarmendu zuen Idoia Sagastizabal EAJko kideak.

Ondoren, Patxi Lopez PSOEko bozeramaileak bi alderdien eskakizunak aztertzeko konpromisoa hartu zuen.

Eztabaida hasi baino lehen, EAJren taldeko bozeramaile Aitor Estebanek nabarmendu zuen «harrigarri» egin zaiola prestazioa negozioen kopuruaren arabera erabakitzea, enpresek izan dituzten aparteko mozkinen gainean egin beharrean. «EAJren beste zalantza bat da prestazio hau herritarrei egotziko ote zaien eta aplikatzeko orduan atzeraeraginarekin egingo ote den», gehitu zuen.

Izan ere, EH Bildu eta EAJ alde agertu diren arren, ñabardurak daude bi jarreren artean. EAJ mesfidati agertu da neurriekin iragarri zirenetik, eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere ulerkor agertu zen Josu Jon Imazekin, Repsoleko kontseilari delegatu eta EAJren aurreko presidenteak zergak gogor kritikatu ostean. «Guztioi agerikoa iruditzen zaigu enpresa bakar bat ere ez egotea zergak igotzearen alde. Denoi agerikoa iruditzen zaigu inor ez egotea zergak besterik gabe igotzearen alde», esan zuen lehendakariak. Bai Nafarroak bai EAEk eskumenak dituzte zergen bidez enpresei egiten zaien presio fiskala handitzeko, baina gobernuen aldetik ez da planteatu horrelako neurririk aztertzea.

EH Bilduren iritziz, ordea, neurriak ez dira nahikoak, eta, izatez, egiturazko bihurtzen ez diren bitartean, asea gaurko eta gosea biharko izango dira. Ildo horretan, Aizpuruak kritikatu zuen lehen seihilekoan enpresa elektrikoek 11.000 milioi euro baino gehiagoko irabaziak lortu izana eta, beraz, zerga berezi horren bidez urtero 2.000 milioi biltzea «motz» gelditzen dela.

Koalizioko bozeramailearen arabera, bankuei ezarritako zergarekin 1.500 milioi biltzea ere gutxiegi da, 2021ean horiek 20.000 milioi euro baino gehiago lortu baitzituzten eta interes tasen igoeraren ondorioz irabaziak handitu egingo baitituzte. «Erreskatean inoiz ordainduko ez dituzten 60.000 milioiak ahaztu gabe», gaineratu zuen.

Beraz, EH Bilduk eskatu zuen zerga iraunkorra izatea eta ez mugatzea 2023ko eta 2024ko aparteko onuretara, eta «egiturazko neurriak» exijitu zituen «eredu ekonomikoa errotik aldatzeko».

Kritikak eta nazioartea

Imazen kritikez gain, bankuek eta elektrikoek gogor egin dute zerga berrien aurka. Iberdrolako presidente Ignacio Sánchez Galanek ez du zalantzarik izan Sanchezen Gobernua kritikatzeko, exekutiboak haien ezohiko onuren aurkako kargaren bat proposatzen zuen bakoitzean. CEOEko presidente Antonio Garamendik, bestalde, Holokausto naziaren aurkako poema ospetsu bat erabili zuen elektrizitateen igoera arbuiatzeko.

Hala ere, Europako hainbat herrialde energiaren prezioen igoeraren aurkako neurriak hartzen ari dira. Italiak %25eko tasarekin zergapetu ditu konpainia horiek lortutako aparteko mozkinak. Ogasunak 11.000 milioi euro inguru biltzea espero du zerga horrekin: hasieran %10ean finkatu zen eta maiatzean %25era igotzea erabaki zuten.

Britainia Handiak, bestalde, beste formatu zehatzago bati heldu dio, petrolioaren eta gasaren sektoreko enpresei buruzkoa. Rishi Sunak Britainia Handiko Ekonomia ministroak aldi baterako %25eko zerga iragarri zuen petrolio enpresen irabazien gainean.

Estatu frantsesean, orain arte iragarritako neurri bakarra EDF elektrikoa erabat nazionalizatzea izan da, Estatuak kapitalaren %80 baino gehiago zuen arren.

Beste herrialde batzuk oldarkorragoak izan dira energia konpainien aparteko irabaziekin, Errumaniaren kasuan bezala, %80ko karga aplikatu baitzien irabazi horiei, edo Greziaren gobernu kontserbadorearen kasuan bezala, %90eko kargua ezarri baitu.