Iraitz MATEO

ZABORRA DEITZEN DIOGUN HORI

Kontsumoaren eta hondakinen gizartearen inguruko «Zaborra ez da existitzen» erakusketa antolatu du te Basurama kolektiboko Pablo Rey eta Ruben Lorenzok Donostiako Gladys Enea parkean.

Pablo Rey Basurama kolektiboaren azken erakusketaren aurkezpenean, Gladys Enean.Jon URBE  FOKU
Pablo Rey Basurama kolektiboaren azken erakusketaren aurkezpenean, Gladys Enean.Jon URBE FOKU

«Zaborra objektuei guk jartzen diegun etiketa bat baino ez da; izatez trantsizio egoeran dauden objektuak lirateke». Hala azaldu zuen erakusketaren leloa Pablo Reyk. Hiru espazio fisikotan banatu dute erakusketa. Kontsumitzen dugunak zabortegira edo berrerabilpenera iritsi arte egiten duen prozesua irudikatzen ahalegindu dira, ikus-entzunezkoen, egindako proiektuen argazkien eta pare bat eraikuntza errealen bidez. Bertan aurki ditzakegu munduko hainbat ikastetxetan eginiko jolas-parkeak, zenbait hiritan material berrerabiliarekin moldatutako espazio publikoak edota Euskal Herriko hondakinen eta zabortegien inguruko ikerketa labur bat.

Basurama kolektiboaren ustez, kontsumo eta hondakin gizartea da geurea. ‘Kontsumitu orain lasai, gero birziklatu egingo baita’ baieztapena sinetsiegi dugula salatu zuten, eta pentsaera horrek etengabeko kontsumora garamatzala.

Egileen ustez, beren proiektuetan landu bezala, egokiagoa da berrerabilpenaren ideia: «Berrerabilpenak espazio publikoa birpentsatzea dakar, daukagunarekin zer egin hausnartu eta modu kolektibo batean erabaki eta eraikitzea».