GARA
DONOSTIA

Fiskalitatea eta neurriak, politika orokorreko eztabaidetan

Gipuzkoak eta Bizkaiak politika orokorreko eztabaidak izan zituzten atzo, egoera ekonomikoa eta fiskaltza oinarrian jarrita. Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak fiskalitatea «inflazioa baretzeko» zerbitzura egongo dela adierazi zuen. Gaur egungo testuinguruan, Bizkaiko Ogasunaren ahalmen fiskala «guztien aliatu nagusia» dela adierazi zuen.

Bea Ilardia EH Bilduko bozeramaileak aberastasuna banatzen lagunduko duten neurri fiskalak eskatu zizkion Rementeriari, herritar guztientzako kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituen fiskalitate batekin, «bilketa justu eta progresibo baten bidez». Bestalde, Eneritz de Madariaga Elkarrekin Podemos-IU taldeko bozeramaileak «eskema zaharkituak alde batera uzteko eta murrizketen errezetatik aldentzeko» eskatu zion.

Egitasmoen talka

Gipuzkoako Politika Orokorreko eztabaidan EAJ eta EH Bilduren egitasmoen arteko ezberdintasuna geratu zen agerian. «Norabide onean» doan herrialdea deskribatu zuen Markel Olano ahaldun nagusiak, baina kontrakoa adierazten duten datuak mahaigaineratu zituen koalizio abertzaleko Juan Karlos Izagirrek.

Olanok Etorkizuna Eraikiz programaren garrantzia goraipatu zuen, «zailtasun eta zalantza ekonomikoz» beteriko agertokian «erronkei aurre egin eta eraldaketak garatzeko tresna eraginkorrak» dakartzalako, Gipuzkoa «aitzindari» bezala definituz.

«Ezin dugu erantzun koiunturalak ematearekin konformatu: neurri estrukturalak behar ditugu, eta ez aurrrepausorik gabekoak», erantzun zuen Izagirrek.