Paula TRECET
GIPUZKOAKO IKASTOLEN FESTA

kmk 2022: Ibarra euskararen bihotza izan zenekoa

Eguzkipean eta festa giroan ospatu zen atzo Gipuzkoako ikastolen festaren egun handia. «Aro berri»-ko lehen Kilometroek ez dute egun bakarra ardatz izan, urteko oso bateko jarduna baizik. Atzoko eguna, alabaina, ederra izan zen oso.

Eguraldi ona lagun, jende andana bildu zen atzo Ibarran ikastolen eta euskararen alde. Ekitaldi ofizialez harago, giro aparta egon zen herrian zehar, jolaserako eta ondo jan eta edateko aukera ugarirekin.
Eguraldi ona lagun, jende andana bildu zen atzo Ibarran ikastolen eta euskararen alde. Ekitaldi ofizialez harago, giro aparta egon zen herrian zehar, jolaserako eta ondo jan eta edateko aukera ugarirekin. (Gorka RUBIO | FOKU)

Marokoar tea eta etxean egindako gozokiak, marokoarrak horiek ere. Keltoumek eta Najatek Uzturpe ikastolan dituzte seme-alabak, eta honelako otorduaz hartu nahi zituzten goizean goiz bertaratutakoak. Erakundeetako ordezkariak zeuden tartean, bai eta gizarte eragileak, ikasle, irakasle nahiz herritar xumeak… Herriaren txanda zen atzokoa, euskararen herriarena, hain zuzen.

Goizeko hamarretan ospatzekoa zen Kilometroak «egun handia»-ren hasiera ekitaldia; ordurako, makina bat postuk eta oholtzak hartuta zegoen Ibarra txikia. Ibartarra eta Uzturpeko ikasle ohia den Ohiane Mateos kazetariak gidatutako emanaldiak piztu zuen festa: dantza eta musika izan ziren (baita hitzaldiak ere). Lazo bat ez, soka bat moztu zen egun handiari hasiera emateko eta, aldi berean, festaren lekukoa eskuz aldatzeko. Ibarrak Errenteriari pasatu dio txanda. Ez da erronka makala. «Aro berri»-ko ikastolen festak egun bakar batean ez, urtean zeharreko askotan jarri baitu fokua.

Atzokoa «egun handia» izan arren, makina bat ekitaldi antolatu dira urtebetean: herri kirolak eta bertso saioak; eskultura erakusketa bat (41 euskal eskultorek hartu dute parte); nazioarteko gastronomiaren inguruko aire zabaleko azoka, munduan zehar digitalki zabaldutako ekimena… «Pandemia zela eta, 2020an Amasa-Villabona-Zizurkilen antolatu nahi genuen eredu berrian oinarritutako jaia ez zen guztiz horrela izan. Gaurkoan, aldiz, bete-betean asmatu dugu», esan zuen atzo Kilometroak egitasmoaren koordinatzaile nagusi Mikel Egibarrek.

Bestelako aldaketak ere izan dira. Ibilbideko ohiko gunerik, esaterako, ez da izan Ibarran, eta esparru guztietan musikaz eta gastronomiaz berdin-berdin gozatu zuten bertakoek.

Inoiz baino parte-hartzaileagoa izan nahi zuen festan, Gipuzkoako 19 ikastolaren arteko jolas-joko topaketa burutu zen. Jarduera fisikoa edota asmakizunak ardatz zituzten probetan 300 gaztek hartu zuten parte. Unerik hunkigarrienetako bat eguerdiko 12.00etan bizi izan zen: gainezka zegoen herrian, milaka (edo hamarka mila) lagunek “Txoria txori” batera abestu zuten.

«Esateak lotsa ematen badit ere, ez nuen Ibarra ezagutzen. Egia esan, ez nuen uste halako giro polita izango zenik», zioen Maite Atutxa mundakarrak, abesbatza inprobisatuarekin bat egin ostean.

musika eta magia

Ezin ukatu eguraldia aliatu zutela atzo. Giza ilarek Ibarrarantz jo zuten egun osoan zehar, eta jende txiki andana ere sumatu zen Haurren Hiria eta Baso Magikoa izeneko guneetan. Bertan, hainbat ipuinetako pertsonaiekin egiten zuten topo eta, batzuetan, ipuinak entzun beren ahotsetatik. 30 txandatan sartzen ziren eta, bertako gidariek ziotenez, denak bete ziren.

Musika faltarik ere ez zen izan. Bizienea izeneko txokoan, hain zuzen, agertoki bat jarri zuten, lehen urratsak egiten ari diren bakarlari, trikitilari edo DJentzat. Bestalde, honako artisten zerrenda zen oholtzara igotzekoa: Xsakara, Batumore, Munduko Irribarrak Dantza, Itsas Lapurrak Dantza, Diablues, Bluezifer, Xiberoots, Dj Bull, Distopia elektrotxaranga, Gabezin erromeria, Andoni Ollokiegi, Nikotina… Goazen-eko lagunak 17:00etan igo ziren oholtzara; handik ordubetera, Dupla taldeak itxi zuen egitaraua.

Gazte ugari bildu zen, baina sasoi bateko “kilolitro”-en arrastorik ez. Larrialdietako taldeak parterik eman ez izanak inpresio hori indartu zuen. «Jendea lasai ikusi dut bere txandaren zain, dela otordua, dela tonbola edo hainbat gunetako sarrera… Badirudi pandemian hainbeste denbora ilaran igaro ostean hori ikasi dugula», esan zuen Uzturpe ikastolako zuzendari Aitor Bengoak.

Tolosarrak lekukoa hartu dio Usue Sukiari eta, urte trinko honetan zehar, biak ala biak izan dira ikastolako buru.

«Ohiko guneak desagerraraztea eta jendea mugiaraztea klabea izan dela uste dut. Jendea elkarrekin ikusi dut: familiak, gazteak eta helduak… denak. Huraxe zen, hain justu, gaur ikustea espero nuena», esan zuen Usue Sukiak, ikastolan jasotze lanetan ari zirela. Amaiera baino, hasiera bat delakoan zeuden denak.