Xole ARAMENDI
DONOSTIA

Hondamendi bikoitza

Zaldibarko zabortegiko gertaera eta pandemia denboran bat egin zuten bi hondamendi dira. Axut! eta Artedrama antzerki taldeek diziplina anitzeko obra sortu dute, hondamendi bikoitza abiapuntu hartuta. Eszena gainean zortzi aktore. Musika, dantza eta ikus-entzunezkoarekin osatu da lana. Badu dokumentaletik proiektuak, Eibarren eta Ermuan grabatutako irudiak ikusiko baititu ikusleak.

Manex Fusch-ek antzezten du Zaldibarko zabortegiko langileetariko baten papera.
Manex Fusch-ek antzezten du Zaldibarko zabortegiko langileetariko baten papera. (Guillaume FAUVEAU)

2020ko otsailetik 2022ko otsailera artekoa da “Hondamendia” lanaren kontakizuna. Zaldibarko gertakaritik hasi, handik hilabetera lehertu zen pandemiarekin jarraitu eta aurtengo neguan inauterien itzulerarekin amaitu.

Eszena gainean zortzi aktore: Ander Lipus, Maite Larburu, Manex Fuchs, Ruth Guimera, Eneko Gil, Ane Sagües eta Jon Ander Urresti. Zuzeneko musikaz, bideoz eta dantzaz osatutako ikuskizuna da “Hondamendia”. Denera, 23 pertsona lanean. «Eskura dugun tresneria guztia erabili dugu istorioa kontatzeko istorioak merezi zuelako gure onena eskaintzea», kontatu dio GARAri Ximun Fuchs zuzendariak.

Bidean sortuz

Axut! eta Artedrama konpainiek antzerkia ulertzeko eta bizitzeko duten moduarekin bat, gidoia ez da idatzita iritsi zuzendariarengana eta aktoreengana. Testua bizia da, bidea egin ahala haziz eta garatuz doa. Oraingoan Ximun Fusch eta Harkaitz Canoren artean idatzi dute. Ondoren, agertoki gaineko lanarekin osatuz eta eraldatuz joan da. Bizpahiru asteko egonaldiak egin dituzte Leitzan, Errenterian, Hendaian. «Berak idatzi, eta hortik oholtzara, eta berriz idaztera… joan-etorrian ibili da testua idazkera bera oholtzatik ahalik eta hurbilen izateko, aktoreengandik ahalik eta hurbilen, jostun handiek jantziak egiten dituzten bezala. Eta ahalik eta zehatzen izateko gaiarekiko, landutako gaiak gu baino handiagoak baitira. Eskaini ahal dioguna errespetua, lana eta gure izerdirik hoberena da», esan du.

Eta dezente izan du izerditik erditzeak. «Kristoren lana egin dute guztiek, ez sinestekoa!», esan du Canok, miresmenez. «Saio dezentetara joan naiz prozesuaren fase ezberdinetan. Besaulki batean eserita ilunpean nengoen eta guk biok idatzitako eszenaren gainean inprobisazio askeak egiten dituzte. Nire lana izan da antzezlana inprobisazio horietara moldatzea; oso aberasgarria izan da».

Luhuson ari dira azken asteotan lanean. «Momentuz ez dakigu sobera zer den eta nora goazen. Ez dugu ikusten non dagoen portua ere, baina ongi», aitortu du Fusch-ek barre artean.

Soildu

«Azken egunetan bi ordutik gorakoa zen istorioa ordutebete eta 45-50 minutura ekarri nahian ari gara. Hortik behera zaila izango da jaistea, bere tenpoa eskatzen du. Besaulkitik ikusten dituzu gauza asko sobera daudenak. Behar bada dramaturgo peto batek bere buruan egiten du hori dena, baina nik hori egiten dut antzokian, saioetan. Hor jabetzen naiz informazio asko ken daitekeela», adierazi du Canok.

Gozamena izan da idazlearentzat Fusch lanean ikustea. «Ikusi dut antzerki zuzendari baten idazmahaia -kasu honetan Ximunena- oholtza dela. Zu besaulkian zaudenean ikusten duzu berak ukondoa jartzen duenean bera ere idazten ari dela. Ari da hezur-haragizko pertsonaiekin, argiarekin, musikarekin, irudiekin… idazteko beste modu bat da, zailagoa zentzu askotan. Orri zurian dagoena abiapuntua da, errezeta, baina horrek mugimendua hartu behar du, gorputza, eta koreografikoa izan behar du. Niretzat oso polita izan da hori ikustea».

«Antzerkia ez da hasten hizketan hastean; lehendabiziko arnasarekin hasten da. Filosofia hori muturrera eramaten dute», jarraitu du. Dantzaria, irrati-esataria, Zaldibarko langileak, politikariak, enpresariak... ikusiko ditu ikusleak agertokian, hara-hona. «Garbi geneukan pertsonaien obra bat izan behar zuela, pertsonaiei bizitzan gainera etortzen zaienaren aurreko erreakzioa; nork bere bizitzatik, esperientzia afektibo, profesional eta sozialetik bizi behar zuela tragedia bikoitza. Ospitaleko giroa, giro domestikoa eta Zaldibarko gertaera ikus daitezke. Azken hau fikzioa da, baina oso garbi dago zertaz ari garen», azaldu du Canok.

Badu dokumentaletik. Eta katarsitik. «Ikusiko dira zuzenean irudiak Ermuan eta Eibarren grabatuak. Nire idazteko modua ere benetako gertaerei heltzea izan da, gainera. Baina badago desapegoa ere. Fikzioak ahalbidetzen dizu ez bakarrik pertsonaien bizitza domestiko-afektiboa kontatzea eta hori izatea zentrala, baita momentu batean hain grafikoa den inguruneari argi-printzak ematea eta, zergatik ez, une batean fartsa eta umorea ere egotea. Hor atzean dagoen kronikaz eta salaketaz gain, kontaketa fartsara eta katarsira eramateko ahalegin handia dago. Pasarte gogorrak dauden heinean badaude bestelakoak ere», aitortu du Canok.

Erronka izan da landutako gaien hari-muturrak eszenara eramatea. Nola eraman antzerkira, nola kontatu? Norbanakoari zein taldeari, biei jarri diete fokua. «Pandemia garaian konturatu ginen indibiduoa pixka bat fiktizioa dela. Izan ere, izaki banatuak garen uste hori oso erlatiboa da. Uste baino konektatuago gaude, azkenean», esan du Canok.

Sei-zazpi aldiz aritu dira elkarlanean Axut! eta Artedrama. Euskal eszenan bide propioa eta nabarmena egiten ari diren antzerkigileak dira. Ezin ahaztu “Zaldi urdina’” ekoizpena, esaterako. «Euskal Herrirako pentsatuak diren ikuskizunak sortzen ditugu. Saiatzen gara aktualitatearekin edo jendearen errealitatearekin bat egiten. Euskal jendartearentzat inportantea dela iruditzen zaiguna egiten saiatzen gara. Airearen zaporea kontatu eta jendearen kezkak oholtzan plazaratu nahi ditugu antzokian euskal komunitate bat egiteko», kontatu du Ximun Fuchs zuzendariak.

Euskaraz

«Jendea etortzen da horretarako ere, badaki guk kontatzen duguna beste hizkuntza batean ez duela aurkituko. Gehigarria da euskaraz ikustea antzerkia», esan du.

Badago gizakiak bere ardurei iskin egiteko daukan joeraren -maila politikoan ala intimoan- gaineko hausnarketa ere. «Eta indibiduoen arteko harremana nola gauzatu eta artikulatzen den. Eta ondoren, pandemia garaian, baita nola artikulatu eta desartikulatu zen. Pandemia garaiko leziorik esanguratsuena nik uste hori izan zela, bizimodu baten desartikulazioa eta beste bizimodu baten artikulazioa bideratu nahia. Eta gure borondatea non kokatzen da? Non kokatzen zara zu? Artikulatu behar dugu nahi duten moduan ala guk asmatu behar dugu modu berri bat? Oso abstraktua izan daiteke horrela esanda, baina askoz konkretuagoa da teatroan», esan du.

Luhuson ikusiko du argia lehen aldiz lanak, urriaren 14an. Markina-Xemein (urriak 16), Donostia (urriaren 21etik 30era), Eibar (azaroak 1), Arrasate (azaroak 6), Larresoro (azaroak 10), Hendaia (azaroak 18), Bilbo (azaroak 20-21), Hernani (azaroak 22), Santurtzi (azaroak 24), Lesaka (azaroak 27), Zarautz (abenduak 2), Gernika (abenduak 3) eta Leitzakoa dira (abenduak 11) momentuz lotuta dituzten emanaldiak.