GARA
BILBO

Irailak 1.851 langabe gutxiago utzi ditu Hego Euskal Herrian

Irailaren amaieran 142.868 pertsona zeuden Hego Euskal Herriko enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.851 gutxiago, Gobernu espainiarraren eta Lakuakoren datuen arabera.

Lanbideren bulegoa, Barakaldon.
Lanbideren bulegoa, Barakaldon. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerio espainiarrak eta Lakuako Lan eta Enplegu Sailak atzo argitaratu zituzten datuek adierazten dutenez, langabezia erregistratuak behera egin zuen irailean Hego Euskal Herrian. Zehazki, irailaren amaieran 142.868 pertsona zeuden lau herrialdeetako enplegu bulegoetan izena emanda, aurreko hilabetean baino 1.851 gutxiago.

Herrialdeka, Nafarroan soilik egin zuen gora langabezia erregistratuak; joan den hilabeteko datuekin alderatuta 227 langabe gehiago zenbatu zituzten. 31.188 guztira, iaz baino 1.500 gutxiago.

Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez, 43 afiliatu gehiago izan ziren irailean Nafarroan, 300.199 orotara, eta iazko hil beraren aldean 6.090 gehiago.

Jaitsiera handiena, Bizkaian

EAEn zenbatu zituzten 111.680 langabeetatik 63.021 Bizkaian zeuden, 19.378 Araban eta 29.281 Gipuzkoan. Bizkaian 1.218 langabe gutxiago zeuden aurreko hilaren aldean, Gipuzkoan 592 gutxiago eta Araban 268 gutxiago. Jaitsiera are nabarmenagoa izan zen iazko datuei erreparatuta, batez ere Bizkaian, 4.909 langabe gutxiago baitzeuden, 2.146 gutxiago Gipuzkoan eta 757 gutxiago Araban.

Gizarte Segurantzak 6.956 afiliatu irabazi zituen batez beste EAEn irailean, abuztuan baino %0,68 gehiago, eta guztira 975.890 ziren. Urte arteko tasari dagokionez, kotizatzaile berriak 17.415 izan ziren, %1,82 gehiago, Gobernu espainiarrak argitaratutako datuen arabera.

Lakua eta Iruñea

Lakuak zehaztu zuenez, irailean 101 pertsona gutxiagok jaso zuten Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta. Gobernuak nabarmendu zuen «2008tik langabe gutxien dagoen unea» dela, eta «historiako iraileko afiliazio zifrarik altuenarekin» itxi zutela hilabetea. Era berean, kontratu mugagabea dutenen «kopuru handiena» zenbatu zuten.

Aldiz, datuak «anbibalenteak» direla adierazi zuen Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen sailburuak, baina azpimarratu zuenez, «egoera positiboagoa» erakusten dute «negatiboa baino». Oraingoz, enpleguak «egonkor» jarraitzen du.

LAB eta ELA

Bi sindikatu abertzaleek salatu zutenez, langabeziak «behera» egin bazuen, «prekaritatearen eta behin-behinekotasunaren hazkundearen kontura» izan zen.

LABek agertu zuen 2008tik hona «pobrezia nonahi» zabaldu dela, «dauden arrakaletan are gehiago sakonduz». Eta ELAk zehaztu zuen irailean sinatutako kontratuen %9,5 bakarrik izan zirela mugagabeak.