GARA
DONOSTIA

Gipuzkoako enpresen %32k uste dute atzeraldi ekonomikoa etorriko dela

Covid-19ak eta Ukrainako gerrak ekarritako krisiek eragina daukate dagoeneko Gipuzkoako enpresetan. Okerrera egin dute eskariei eta salmentei dagozkien datuek, eta egoera gaizkiagotu egingo dela aurreikusten duten enpresen kopurua nabarmen handitu da. Adegik egindako galdeketa batek erakutsi ditu ondoriook.

Adegiko arduradunak -Ayerza, Junkera eta Sasigain-, datuak aurkezteko atzo eman zuten prentsaurrekoan.
Adegiko arduradunak -Ayerza, Junkera eta Sasigain-, datuak aurkezteko atzo eman zuten prentsaurrekoan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Adegik egindako galdeketa batean, Gipuzkoako enpresen %80k agertu dute egungo egoera ekonomikoa normaltasunekoa edo berraktibaziokoa dela. Aldarte hau duten enpresen zenbatekoa altua bada ere, zazpi puntu jaitsi da iaztik, eta lau joan den apiriletik. Etorkizunari begira, ezkorragoak dira: %32k uste dute datozen hilabeteetan atzeraldia etorriko dela, eta egoera normaltasunekoa edo berraktibaziokoa izango dela uste dutenen ehunekoa %68ra jaisten da, mailarik baxuenera 2021eko urtarrilaz geroztik (%62).

Aurreikuspenak ezkorrak dira, halaber, enpleguari dagokionez. 10,5 puntu jaitsi da plantilla handitzea espero duten enpresen ehunekoa apiriletik: soilik %15ek espero dute beharginak kontratatzea. Puntu horiek beste muturreko hautura mudatu dira; %17,5ek aurreikusten du plantillan murrizketak egingo dituela, apirilean baino %10 gehiagok.

Covid-19ak eragindako krisiari Ukrainako gerrarena batzeak kezkak eragin ditu Gipuzkoako enpresen artean. Lehengaien eta energiaren hornidurak nahiz prezioak kezkatzen ditu gehien, %78, eta, apirilarekiko hiru puntu jaitsi den arren, Adegik inoiz jasotako portzentaje altuena izan zen ordukoa. Atzetik kokatzen da lan-kostu handiei eta soldata igoerei lotutako kezka, hain zuzen, enpresen %42,5entzat dira arazo, eta hirugarren postuan da salmenten errentagarritasunaren jaitsierari buruzko artegatasuna, %37k aipatu du.

Eskariak eta salmentak

Aipatu dira, halaber, nazioarteko ekonomiaren ahultasunaren gaineko kezka (%33), Estatu espainiarrekoarena (%27,5) eta langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunari dagokiona (%25,5).

Enpresen kezkek badute euskarri errealik momentuko datu ekonomikoetan. Eskari maila altua dutela dioten enpresen kopurua, kasurako, 10,5 puntu jaitsi da apiriletik, %26,5ean kokatu arte. %3,5 gehiago dira, berriz, eskari maila baxua dutela diotenak, %31 guztira. Soilik %19k adierazi dute eskari maila handitu dutela (2020ko maiatzaz geroztiko daturik baxuena) eta %42,5ek diote maila «normala» mantentzen dutela.

Salmentei dagokienez, fakturazioek igotzen segitzen dute, baina apaldu egin da igoeraren erritmoa: soilik %0,8 hazi da aurreko hiruhilekoko datuaren aldean. Zerbitzuen sektoreari dagokio hazkuntzarik handiena, %2,9; atzetik dator eraikuntza (%1,1) eta industriaren sektorea ia geldirik dago, %0,2ko igoera apalarekin.

Gainera, azken hilabeteetan salmenten errentagarritasuna jaitsi egin da Gipuzkoako enpresen %52,5entzat; mantendu egin du %44k eta %3rentzat baino ez da hazi. Industriaren sektoreak (%59k antzeman dute jaitsiera) eta eraikuntzaren sektoreak (%58,5) pairatu dute beherakada gehien eta zerbitzuen sektoreko %34,5 enpresak adierazi dute errentagarritasunak behera egin duela.

Eskariak eta salmenten errentagarritasunak behera egin bezala, goranzko joera dute hornigaien kostuek. Kostua %10,5 igo da industria sektorean, %6,5 eraikuntzan eta %6 zerbitzuetan. Guztira, enpresen %71,5ek adierazi dute hornigaien prezioak garestitu direla eta igoera, batez beste, %9,5ekoa izan da.

«Okerrera egingo du»

Datuak ezagutarazteko Eduardo Junkera Adegiko presidentearekin eta Patxi Sasigain lehiakortadun eta berrikuntza arduradunarekin emandako prentsaurrekoan, Jose Miguel Ayerza zuzendari nagusiak adierazi zuen «egoeraren okertzea» jada iritsi dela Gipuzkoako enpresetara eta datorren egoera ekonomiko ziurgabearen inguruan ohartarazi zuen: «Denok galdetzen diogu geure buruari etorkizunak zer ekarriko digun. Ez dakigu. Ziurgabetasun handiko unea da, oso aldakorra. Oso zaila da aurreikuspenak egitea. Baina gauza bat ziur dakigu: gerrak jarraitzen duen bitartean, ekonomiaren eta enpresen egoerak okerrera egiten jarraituko du».