Amaia EREÑAGA
BILBO

Hertzainak, agur bira ezin bukatu eta bigarren kontzertu bat BEC-en

Ziztu bizian desagertu ziren atzo Hertzainak taldearen «Jaio eta bukatu» agur birako lehen kontzertuko sarrerak; guztira, 16.000 lagun elkartuko dituzte BECen abenduaren 16an. Ia edukiera osoa agortu ondoren, bigarren kontzertu baterako data iragarri zuten; abenduaren 17rako, hain zuzen ere. Hitzordu kulturalez lepo egongo da abendu erdiko asteburua. Urtarrilean, data eta tokia oraindik zehazteke, Gasteizen egingo dute itxiera kontzertua.

Josu, Gari eta Txanpi, lau hamarkadaren buruan.
Josu, Gari eta Txanpi, lau hamarkadaren buruan. (Ibai ARRIETA)

Hertzainak taldea berriz oholtzan ikusteko irrikaz dago jendea. Nostalgia garaiak al dira hauek? Atzo salgai jarri eta berehala agortu ziren BECen abenduaren 16an izango den kontzerturako sarrerak. Asteartean, urriaren 4an, aurre-salmenta abiatu zen Kutxabankeko bazkideentzat -Kutxa babeslea izanik, bere bezeroek lehentasuna zuten sarrerak erosterakoan; horrek askoren haserrea eragin zuen sare sozialetan-; eta atzo eguerdirako ia dena salduta zegoen.

Hori dela eta, hitzordu bikoitza izango da azkenean BECekoa: aurreneko kontzertua abenduaren 16an, ostiralean; bigarrena, abenduaren 17an, larunbatean. Arrazoia? «Ez dugulako inor kanpoan utzi nahi, ez dugulako inor agurtu barik utzi gura», argitu zuen taldeak. Sarrerak jada salgai daude beren web orrialdean (www.hertzainak.eus), 32 eta 48 euro artean. Pistan, esaterako, 43 euro. Hitzordu bietan ateak 19.00etan zabalduko dira eta gonbidatuak 20.00etan igoko dira oholtzara. Hertzainak taldeak 22.00etan abiatuko du bere zuzenekoa.

“Azkena gure alde” izeneko agur-bira honek aurrekari bi ditu, 2019an Bilboko Kafe Antzokian eta Euskaldunan eskainitako ikuskizunak. Bira handiago baten lehen hitzorduak izan beharko lukete, baina pandemia iritsi zen. Orain, taldearen 40. urteurrenarekin, Luis Javier Saiz “Txanpi” bateria-jotzailea gehitu zaie.

Guk bi jakintsurengana jo dugu. Biak GARAn idazten aritutakoak dira, biek azken hamarkdetako euskal musika aztertu eta zabaldu dute. Baita kritikatu ere.

Pablo Cabezas: «Bihotzak hautsiko ditu»

Pablo Cabezasek gertutik ezagutzen du Hertzainak, hasiera-hasieratik. Ziztu bizian saldu dituzte sarrerak, baina horren atzean zer dago: nostalgia soilik? «Euskal musikaren inguruan bizi izandako historiagatik da, iragana Hertzainak talderik gabe ulertzeari uko egiten diotelako -erantzun du-. Zaila da oso imajinatzea haiek gabe jasan izango genukeen galera kultural eta emozionala. Eta ez garaiko instrumentista onenak zirelako, baizik eta haien proposamena izugarri originala izan zelako, punk-rock unibertsotik etorri arren, haien horizonteak argi gehiago zuelako. Bai, kaosaren barruan eta uneko bertigoan kokatzen ziren, 80 eta 90eko hamarkada hasieran bizi izan genuen abiaduraren baitan, baina Hertzainak-ek saxo bat, trikitixa bat, hainbat erritmo, testu eta konposizio bereziak eskaini zituen».

Euskal Rock Erradikal (RRV) izeneko dinamika orokorraren partaide izanik, euskaraz kantatzen zutela gogorarazi du musika adituak. Orduan ez zen ohikoa. Josu Zabala eta Gari taldearen bi ardatzak zirela gehitu du: «Azken agurrak bihotzak hautsiko ditu eta malkoren bat isuriko da, baina egingo zaien aitorpen historikoagatik izango da».

Iñaki Zaratiegi: «Ez da harritzekoa ‘zaharraren’ itzulera»

Iñaki Zaratiegi ere eskarmentu handiko jakintsu eta musikazalea da. Garai bateko doinuak, “rockero zaharren” musika, berriz modan zergatik jarri den galdetu diogu. «Ez da harritzekoa -esan du-, 60ko hamarkadatik 2000ra artean rockerako garai onak izan zirelako. Egun musika berria saltzen da, noski, baina zaharrak urteak daramatza asko saltzen: biniloak bueltan, taldeak berriz elkartu eta itzultzen dira, ikusi zenbat tributo-banda dauden...».

Eta taldeak hainbeste urteren bueltan oholtzara zergatik? «Sex Pistols izan lehena publikoki aitortzen diruagatik izan zela -esan du, umorez-. Hala ere, ixteko moduak ere badaude eta talde bakoitzak eta pertsona bakoitzak bere arrazoiak ditu». Eta Hertzainak-ena aurtengo kontzertu nagusien kategorian sar daiteke? «Jaialdiak alde batera utzita -Belodromoan asteburu honetan dagoena, Sareren alde, edo Hatortxu, esaterako-, azken hamabi hilabeteetako kontzertu handiez ari bagara, esango nuke La Polla, Hertzainak eta Fitoren kontzertuak izango direla handienak. Datu bat: musika zaharra itzuli da, bai, baina Izaro salbuespena da, zaharretik ez duelako ezer eta historian Anoetako Belodromoa bete duen lehen emakumea izan delako».