Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Entrevista
MICE (miren narbaiza)
Musikaria

«Mututasun moduko batetik nentorren, ez nuen biderik topatzen»

«Lautada» diskoa atera berritan izan da Miren Narbaiza (Eibar, 1986), «Mice», Naiz Irratiko uhinetan. Napoka Iria taldean hainbat urtez aritu ondoren, bakarkako bideari ekin dio. «Lautada», hain zuzen ere, bakarkako bigarren lan luzea du hau eta hurrengo asteburutik aurrera hasiko dira zuzenean aurkezten.

(Argazkiak: Itziar BASTARRIKA)

Ahots berezi eta ezaguna egiten zaigu Miren Narbaiza Martiartu eibartarrarena, entzun orduko. Napoka Iria proiektutik hasita, beti egon da nolabait ere musikazale eta musikarien gogokoenen zerrendan. Orain arte, ordea, hark egin duen musika ez da belarri guztietara hain erraz iritsi. “Lautada” diskoak, baina, badu denengana errazago iristeko asmoa eta lehengaia, aurretik egindako guztiari muzin egin gabe. Aldizkari espezializatuetan egiten diren urteko zerrendetan goiko aldean agertuko den horietakoa da Miceren disko berria.

Zer moduz zaude?

Ondo, diskoa atera berritan, lasaiago.

Ernaltze prozesuak badu hori ezta?

Hasten zarenean ez dakizu zenbat iraungo duen eta kasu honetan luzatu egin da.

Gakobeltz Hit Faktorian martxan jarri ziren proiektuetako lehenetarikoa izan zen hau.

Bai, hori da. Aurretik egon dira lan batzuk bertan bukatu direnak, baina hasi eta buka hau izan da bertan egin den lehena.

“Ernaltzen” kantuarekin ez dakit zehazki zer esan nahi izan duzun. Nik naturan jaio eta putreak inguruan dituen izaki batekin egin dut lotura.

Hamaika irakurketa izan ditzakete nire abestiek. Kasu honetan, hau idatzi nuenean, berriz esnatze bat sinbolizatu nahi nuen. Ernatu, esnatu eta berriro zentzumenak pizteko prest zegoen gorputz eta gogo bat. Mututasun moduko batetik nentorren, ez nuen biderik topatzen kantu berriak sortzeko eta nituenei ere ez nien irtenbiderik ikusten. Halako batean hasi nintzen martxan, idazten… eta burua erlaxatzen hasi zen.

Musikalki aldaketa bat izan da aurreko EPtik hona, rockaren bidera gehiago joan delako.

Aurreko EPa ariketa moduko bat-edo izan zen. Buruan geneukana disko luze bat egitea zen, bagenituelako zuzenean jotzen genituen pare bat kantu eta beste pare bat bertsio. Erabakia izan zen diskoa etorri aurretik zerbait laburragoa grabatzea, zuzenean askotan sekula erregistratu gabe geratzen diren abestiak jotzen direlako. Horiei arrisku hori ikusi nien eta, talde soinua bazutenez, gutizia moduan-edo etorri zen “Zilar printzak”.

Horren ondoren jarri ginen disko honi begira. Lehenengo diskoari baino askoz ere denbora gehiago eskaini diogu, askoz ere landuagoa izan da. Aurreneko lana instintiboagoa izan zen, hura ere Joseba Baleztenak ekoitzia. Orain, klabeetako bat izan da Gakobeltz Hit Faktoria, gure espazioa, nahieran erabiltzeko aukera izan dugula. Horrek sekulako askatasuna eman digu abestiek beren espazioa har zezaten eta guk ertz guztietatik begiratu eta lantzeko aukera izateko.

Dena dela, rocka beti izan da nire ardatza, baina hara eta hona ibiltzea ere bai, ez baitut gogoko egin den hori errepikatzea. Kantu zuzenagoak eta gordinagoak idazteko gogoa nuen, barne munduan eta halako gauzetan mugitu izan naizelako beti; eta hori ere gogoko dut, baina, akaso, gauzak zuzen esaten ausartu ez izanagatik ere bada.

Konfort egoeratik ihes egitea aipatu duzu eta “Mintzaira” kantuak badu horretatik. Zu eta zure ingurukoak pixka bat halakoak zaretela esango nuke, Baleztena aipatu duzulako baina Ibai Gogortza ere aritu delako ekoizle lanetan.

Ibaik, Josebak eta hirurok osatu dugu halako fronte bat, laborategian ibili gara. Ibai lehen diskoan, agian, ekoizpenean ez zen hainbeste egon, baina taldea osatu genuenetik oso garrantzitsua da. Hiruron artean uste dut nahikoa talde polita osatu dugula, denok garelako desberdinak, nork bere modura ikusten, bizitzen eta ulertzen duelako musika.

“Negua udaberrituko da” abestiaz nabarmendu nahi ditut bi gauza: batetik, baxuak hartzen duen pisua, riff bat hartu hasieratik eta bukaeraraino nola mantentzen duen; eta, bestetik, bateriaren kontua, diskoan lau bateria-jotzaile aritu direlako.

Diskoaren bereizgarrietako bat da kantu askoren oinarri erritmikoa, presentzia handiarekin abestiari eusten diolako. Entzunaldiak egiterakoan nahiko gertu sumatzen da, gainera, oinarri guztia. Hori gustuko dugu eta hori bilatu dugu. “Mintzaira” kantuan, esaterako, bi baxu daude, eta beren arteko tentsioa eta disonantzia batzuk badaude. Errepikakortasuna gure taldean uste dut denoi asko gustatzen zaigula. Bai hori, baita tempoari eustea ere, ez azkartzea ez geldotzea, horren gainean gero kolorea ematea gauza bati edo besteari.

Soiltasuna nabarmenduta nuen gauzetako bat da, baina rock progresiboaren eta psikodeliaren zantzuak baditu. Kantua noiz bete, noiz hustu, mimo handiz landua dago.

Ordu asko sartu ditugu horretan eta egiturak soilak izan arren, gustatzen zaigu detaileak sartzea. Izan konpasen neurria, akordeen progresioa… Baina ez dadila belarrientzat zerbait konplikatua izan, erraz entzun dadila, baina sakon entzuten duenak ere esan dezala: ‘Hara! Ez da nik uste nuena’. Gauza guztiak naturalki irten dira eta agian horregatik funtzionatzen dute gero. Soinuarekin gauza bera, maketek berek ere sekulako itxura zuten eta, aurtengo urtarrilean, grabatzera pasa ginenean, magia hori bera diskoan jasotzea izan zen erronketako bat.

Ahotsa ere haiek jotzen zuten bitartean grabatuta dago. Haiek jotzen zuten bitartean, nik ere abestu egiten nuen, zuzeneko gida bat nintzen. Askotan ohitura dago gidak grabatzekoa, musikariek grabatzerakoan abestiaren zein unetan doazen jakiteko, baina horrela egin ordez dena momentuan egiten genuen. Oso polita izan da alde horretatik, entseatzearen eta grabatzearen arteko zerbait izan delako momenturo. Hori oso polita izan da. Gero kantu bakoitzak eskatzen zigunaren arabera joan gara fintzen.

Diskoaren izena ere aipatu beharrekoa da, “Lautada”. Arabako lautadara igotzearekin du lotura, ezta?

Disko honetan pisu handia izan du inguruneak, espazioak, zabalguneak berak, zeru luze eta zabal honek. Lautada aipatzen dugu, baina Araba orokorrean aipatu nahi nuke, izugarriak baitira bertako basoak ere; Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorrita, pinu sailak ikustera ohituta gaude. Hori bai, espazioz aldatzen naizen bakoitzean behar izaten dut nire burua kokatzeko denbora tarte bat, eta tarte hori pasatu ostean hasi nintzen disko berriarekin martxan. Horretan asko lagundu dit paisaiak berak, infinitua ikusteak, argitasunak…, bestelako espazioak gutxietsi gabe, noski. Hiri zalea eta zementu zalea ere banaizelako.

Diskoa Forbidden Colours zigiluarekin kaleratu duzu, haien bandcamp-ean badago eskuratzeko modurik. Beste nonbait ere jarri duzue salgai?

Musika-dendetan banatzen ari dira dagoeneko eta zuzenekoetan, noski, izango ditugu ale batzuk betiere.

Izukarik egindako diseinua du diskoak, Itziar Bastarrikaren argazkiarekin egina. Artelana eskuan pozarren ikusi zaitugu argazkiren batean.

Diskoa aspaldi zegoen eginda, baina eskatzen duzunetik iristen denera arte hilabeteak pasatzen dira. Hala ere, behin eta berriz defendatuko dut, musikaz harago doan zerbait delako biniloa. Musikariak egiten duen hautu bat da eta nik uste dut formatu fisikoan publikatzeak harago eramaten duela proiektua, ez delako zerrenda batean geratuko den uhin batean geratzen. Bizi ditugun garai hauetan dena bat-batekoa da eta nahiko nuke musikazaleen etxeetako txoko batean binilo hau egon dadin, besterik ez bada koadro bat bezala, norberak nahi duen bezala.

Non izango dira egingo dituzun lehen zuzenekoak?

Aurrenekoa, Donostian; Dabadaba aretoan, urriaren 14an, aurkezpen jaia daukagu. Izatez Forbidden Colours diskoetxearen urteurren festa da, zazpi urte betetzen ditu eta hori baliatu dugu aurkezpen bira hasteko. Empty Files, Dual Split eta Ines eta Lorea Argarate DJak arituko dira festa horretan. Handik astebetera, urriaren 23an, Azkoitiko Matadeixen arituko gara, eguerdian, Bebarruko Jardunek jardunaldietan. Gehiago ere etorriko dira.