Arbonako lurrak defendatzeko auzitara jotzeko prest dira
Arbonako Berroeta bideko lurren aferari buruzko azken berriak eman zituzten atzo ELBk eta Lurzaindiak: hiru etxe eta lau hektarea lur erosteko asmoa zuen bikoteak atzera egin ondoren, orain, auzitara jotzeko prest dira, bertze hamabi hektarea salbatzeko.

Arbonako Berroeta bidean hiru etxe eta lau hektarea lur erosteko asmoa zuen bikoteak atzera egin duela jakinarazi zuten atzo ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak. Laborantza lurren defentsan, iaz okupazioa burutu zuten eragileek iragan abuztuan iragarri zuten, hain zuzen, jabetzako etxea eta ondoko lau hektareak hiru milioi euroan salgai zeudela eta balizko eroslea Parisko bikote bat zela.
Atzoko agerraldian baieztatu zuten bikoteak atzera egin duela. Hala ere, erabakia ez dela oraindik idatziz jaso ohartarazi zuten.
Edonola ere, prentsaurrekoaren xede nagusia ez zen «albiste pozgarri hori» ematea, baizik eta ohartaraztea oraindik ere «bataila judiziala» ez dela amaitu.
Hala, laborariak arranguraturik agertu ziren Berroetako jabetza osatzen duten gainerako hamabi hektarea laborantza lurren etorkizunaren inguruan. Lursail hori erosteko prozedura martxan da eta ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak zalantza handiak dituzte «Larribarreko laborari batek» aitzineraturiko erosketa operazioari buruz.
Alde batetik, lursail horretatik 80 kilometrora bizi da laboraria eta, gainera, «prezio eskandalagarria» ordaindu du -200.000 euro-, espekulazioaren kontra jarduten duen Safer egiturak proposaturiko salneurria bikoiztuz. Bestetik, Saferrek lehentasunez erosteko eskubidea dauka, baina erosleak lege zirrikitua aurkitu du, hori eragozteko.
Lege zirrikitua
Erosleak jabetza hutsean erosi ditu hamabi hektarea horiek, usufruktua Yves Borotra Berroetako etxe eta lurren jabearen esku utzita. Hori dela eta, ELBko eta Lurzaindiko kideak auzitegietara jotzeko prest dira, beren ustez jite espekulatiboa duen salmentaren aurka. Irailaren 29an ere ezohiko prozedura hori salatzeko ekintza egin zuten laborariek. Hala, Baionako Aritxage etorbidean den Miguel Harriague notarioaren bulegoa okupatu ondoren, hau adierazi zuten: «Guretzat prezio arrunt espekulatiboa da, eta erreferentzia bilakatuko da inguruko laborantzarako».
Atzo, berriz, Bassilour bidean, Bidarten, eman zuten hitzordua, hor baitago hamabi hektarea horien eroslearen lan arloko posta-kutxa. Protesta horrekin, laborari gisa aurkeztu den erosleak aitzinetik Berroetako jabetzarekiko interesak lituzkeela aditzera eman nahi izan zuten. Baionan egin bezala, lur salmentari muntaia finantzarioaren kiratsa dariola salatu zuten, atzo, Bidarten, ELBko eta Lurzaindiako kideek, eta laborantza lur horiek defendatzeko auzitara joko dutela iragarri zuten.

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén
