GARA
SENPERE

Senpereko Udalean bost zinegotzik dimisioa eman dute

Azken hilabeteetan areagotzen joan den krisiak goia jo du; Senpereko Herriko Etxean Dominique Idiart auzapeza buru duen gehiengoko bost zinegotzik dimisioa eman dute.

Irailean Paxkal Irubetagoyena Haur eta Hezkuntza alorreko zinegotziak bere ardura utzi ostean, joan den asteburuan beste lau zinegotzik plazaratu zuten alde egiteko erabakia.

Hala, Celine Munduteguy, Christine Perugorria, Pierre Faliere eta Nathalie Pourteau Zamora zinegotziek urriaren 6an dimisioa eman zutela jakinarazi zuten senpertarrei helarazitako gutunaren bidez.

Dimisioa eman duten herri kontseilariek gutun horretan salatu dutenez, herriko kontseiluan hautetsi guziek ez dute «proiektuen gogoetan eta eraikuntzan parte hartzen ahal». Haien esanetan, zirkulu itxian hartzen dira erabakiak eta horrek «zeharo gaiztotu du giroa».

Proiektu anitz geldirik

Zinegotziak kexu dira hauteskunde-programan iragarritako oinarrizko azpiegituren obratzea -kirol eremua handitzea...- urteetan gibelatuko delako.

Auzapezak lan moldea hobetzeko neurriak hartu dituztela azaldu du. Bestalde, egitasmoak aurrera eramatea zaila dela eta horrek etsipena sor dezakeela aitortu du.

2020ko udal hauteskundeetan Dominique Idiart egungo auzapezaren zerrendan aurkeztu ziren ostegunera arte gehiengoko hautetsiak ziren bost zinegotzi.

Berriz ere auzapez hautatua izateko Senpere Bai taldearen sostengua jaso zuen Idiartek boz horietan. Geroztik bost hautetsi abertzale udal gehiengoaren barnean dira.