GARA
BILBO

Garamendi: «Ezin da pobreez eta aberatsez hitz egin»

Antonio Garamendi CEOEko presidenteak aberastasun handien gaineko zergaren aurka egin du, «guztiz ideologikoa» dela iritzita. Haren ustez, «ezin dugu aberatsez eta pobreez hitz egin».

Antonio Garamendi, artxiboko argazkian.
Antonio Garamendi, artxiboko argazkian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Antonio Garamendi Espainiako patronaleko erakunde nagusia den CEOEko presidentearen esanetan, mundu honetan ez dago ez aberats ez txirorik. Eta, baldin badaude, ez da komeni horretaz hitz egitea. Hausnarketa horri jarraituz, atzo Gasteizen egindako ekitaldi batean, Gobernu espainolak iragarritako aberastasun handien gaineko zergaren aurka jo eta «erabat ideologikoa» dela esan zuen.

Patronal espainoleko presidenteak gogor kritikatu zuen energia enpresei ezarri nahi zaien zerga ere, eta, oro har, baliabide ekonomiko gehien dituztenei ahalegin fiskal handiagoa eskatzea gaitzetsi zuen, «nahikoa» ordaintzen dutela iritzita. Diskurtsoaren beste zati batean, gaiari honela heldu zion: «Ezin da aberatsez eta pobreez hitz egin, ezin da jendearen gobernuaz hitz egin; ezin da gizartea erradikalizatu». Desberdintasunez hitz egitea gizartea apurtzea da, beraz, enpresaburuaren esanetan.

Andaluziara ihes egin

“El Correo” egunkariak antolatutako ekitaldian, Garamendik ia zerga guztiak kritikatu zituen. Hala, ondarearen gaineko zerga indargabetzearen alde egin zuen, «zentzugabea» dela iritzita, eta euskal zergadunek Andaluziara ihes egin dezaketela iradoki zuen, lurralde horretan zerga hori bertan behera utzi dutelako. Egia esan, zergen aurkako lobbyarentzat berarentzat ere, EAEko zerga-erregimena Estatu osoko erakargarriena da, Madrilek bakarrik gaindituta, baina patro- nalaren ordezkariarentzat hori ez da nahikoa.

Enpresaburuen ohiko diskurtsoari jarraituz, Garamendik berretsi zuen «benetako akatsa» dela enpresei zergak ezartzea, «hau hondorik gabeko zakua dela pentsatuz». «Azkenean, ez du inbertitzea mereziko», gaineratu zuen, Estatuko Aurrekontu Orokorretan Gizarte Segurantzako gehienezko kotizazio-oinarrien igoera kritikatu ostean. Hain zuzen, horren inguruan CEOEko presidenteak adierazi zuen oinarrien igoera horrek enpresak «kontratu gutxiago» egitera bultza ditzakeela.

Zergak kritikatzetik harago, Garamendi kexu agertu zen Gobernu espainolak ez dielako deitu Estatuko Aurrekontu Orokorrak egiteko: «Ez digu deitu eta salatu egiten dugu, ez dira moduak», adierazi zuen, eta aditzera eman zuen zein gogaikarria izan daitekeen demokrazia batzuetan: «Ezin dut eztabaidatu; jendeak botoa eman die».