Aitor AGIRREZABAL
ESKOZIAKO ERREFERENDUMA, AUZITEGI NAGUSIAN

Eztabaida ekidin arazoa desagertuko den itxaropenez

Argia izan da Erresuma Batuko Gobernuaren ordezkariak Auzitegi Nagusian erabili duen estrategia. Eztabaida bera ekiditea. Edinburgok oraindik Erreferendumaren Legea onartuta ez daukala argudiaturik, hori eztabaidatzeko garaia ez dela defendatzen igaro zituen ordu batzuk. Arazo teknikoetan eta legaletan korapilatuta, eztabaida politikoari uko egitea hobetsi du Londresek egun hauetan.

(GARA | GARA)

Nork ez du zerbaitez hitz egin nahi ez duenean gaia desbideratu? Hori da ba asteazken honetan Erresuma Batuko Auzitegi Nagusian ikusi zena. Mamira, hau da, Eskoziako Parlamentuak erreferendum bat antolatu dezakeen edo ez eztabaidatzera, jo baino, Londreseko Gobernuaren lege ordezkari James Eadiek orduak igaro zituen astearteko eta asteazkeneko zitak zentzurik gabekoak izan direla arrazoitu nahian.

Hala ere, estrategia hori erabili duen edonork badaki, berandu baino lehen, arazoari aurre egin beharko diola. Eskoziaren independentzia nahiaren kasuan, edo behintzat erreferendum nahiaren kasuan, zenbakiak argiak dira. Inkestek gehiengoa ematen diote, eta goranzko joera. Inkesta soilak izan arren, azken hauteskunde guztiek (orokorrak, Eskoziako Parlamentukoak, lokalak...) independentisten gehiengoak handitu baino ez dituzte egin.

Beraz, agerikoa dirudi Londresen norbaitek gaiari errotik heldu beharko diola. Are gehiago, Irlandaren batasunaren aldekoak gero eta gehiago direnean, edo Galesen ere independentismoa hazten ari den neurrian.

Epaiketa edo Auzitegi Gorena entzutean, frogak, lekukoak eta kontragaldeketak datozkigu burura. Ez da, baina, hori izan bi egun hauetan Erresuma Batuko Auzitegi Nagusian ikusi dena. Bi alde, bai, epaimahaiaren aurrean beren argudioak aurkezten eta defendatzen. Ez da eztabaida sutsua izan, eta zaila da gertatutakoaren inguruko ondorio argirik ateratzea.

Legea eta politika

Eskoziako Parlamentuak Eskoziaren independentziari buruzko bere erreferenduma egiteko eskumen legegilea ote duen argitzeko bildu dira eskoziar eta britainiar gobernuetako lege ordezkariak. Oinarrian, 1998ko Eskoziako Legea eta haren botere eskuordetuen eta erreserbatuen sistema konplexua eta, askotan, korapilatsua jarri dira jomugan.

Ondorio politikoa izango du hemen gertatu denak, baina arazo legalak teknikoak izan dira: Holyroodek ba al du independentziari buruzko erreferendum baterako legeak egiteko boterea? Eta Gorteak erabaki behar al luke gai hori orain? Eskoziako Gobernuaren ordezkari Dorothy Bainek baietz defendatu du. Eta James Eadiek, esan bezala, ezetz.

Eskoziako Gobernuak independentziari buruzko erreferendumaren lege-proiektua prestatu du. Prozedurak hastean, Dorothy Bainek Auzitegiari eskatu zion erabakitzeko ea lege-proiektu hau Holyrooden legegintza eskumenaren barruan sartzen den ala ez. Eskoziako Legeak ahalmena ematen dio eskumen gaiak auzitegiari bidaltzeko, hark ebatz ditzan. Itzulketa Itunaren 23 urteetan prozedura hori martxan jarri duten lehen aldia da.

Eztabaidaren muina ez dela argudio legal akademikoa edo abstraktua argudiatu zuen Bainek. Esan zuenez, gai bizia da, eta Auzitegiak aukera du Eskoziako Gobernuari, Parlamentuari eta jendeari ziurtasuna eta argitasuna emateko, hau da, botere itzulketa egiturek Edinburgoko Parlamentuko gehiengo independentistari hauteskundeetako manifestua (erreferenduma antolatzea) betetzeko aukera ematen dioten ala ez argitzeko.

Holyroodek eskumena duen ala ez erabakitzeko adostasun akademikorik ez dagoela adierazi zuen. Erresuma Batuko Gobernuak argudiatzen du Auzitegi Gorenak ez diola galdera horri erantzun bat zor. Edo, behintzat, ez orain. Dioenez, bidezkoa da Holyroodek erreferendumaren lege-proiektu bat onartzea, eta orduan, eta orduan bakarrik, Auzitegi Gorenak bere iritzia helaraztea.

Bainek argudiatzen duenez, segurtasun juridikoaren izenean, gaia era batera edo bestera ebazteko ardura hartu behar du auzitegiak. Interes publikoa handia dela errepikatu zuen hainbat aldiz, eta, orain egiten ez badu, hilabete gutxiren buruan berriz elkartu beharko dutela iradoki zuen.

Funtsa

Baina gaiaren funtsari dagokionez, alegia, Eskoziak galdeketa antolatu dezakeen edo ez, Bainek kasua galdeketa autoexekutagarriaren eta kontsulta gisako galdeketaren arteko bereizketan oinarritzen du. Holyroodek datorren urteko urrian erreferenduma antolatzen badu, zein da bere helburua eta ondorioa? Dorothy Bainek argudiatzen du bere helburu bakarra dela Eskoziako jendeari galdetzea zer pentsatzen duen gobernu sistemari buruz.

Bigarren independentzia erreferendum bat egiten bada, ez du Erresuma Batutik bere kabuz banatuko, 2016an Brexit-aren bozketak Erresuma Batua Europar Batasunetik berehala atera ez zuen bezala. Eskoziako Legearen klausularik ez da aldatuko horren ondorioz. «Auzitegi Gorena justizia auzitegi bat da, ez politikaren edo ondorio politikoen auzitegi bat», adierazi zuen Dorothy Bainek.

Haren hitzetan, epaileek proposatutako erreferendumaren lege-proiektuaren lege-ondorioan jarri behar dute arreta, eta ez politikaren mundu aldakorrean izan ditzakeen ustekabeko ondorioetan.

Ildo horretan, Erresuma Batuaren ordezkariak kontrakoa defendatu zuen, auzitegiak lege-proiektuaren xedea eta ondorioa kontuan hartu behar dituela, argudiatuz «lege-proiektuak aurkezten duen Gobernuaren helburuei begiratu behar diela, kasu honetan independentzia bultzatzea eta batasuna haustea baita».

Soilik bere hitz saioaren azken 45 minutuetan heldu zion eztabaidaren muinari, eta Liz Trussen Exekutiboaren ordezkariak defendatu zuen Erresuma Batuko Gobernuari bakarrik dagokiola gai konstituzionalei buruzko legeak egitea. «Aipatzen den aktiboa Eskoziaren eta Ingalaterraren Batasuna da, Erresuma Batuaren konstituzioaren funtsezko elementuetako bat baita. Eskoziako Parlamentuko kideek horri buruzko legerik ezin dutela egin dioen erantzunik argiena horixe da», adierazi zuen.

2014koaren gisako galdeketa bat egitea ere izan zen mahai gainean. Hau da, akordio baten bitartez antolatutakoa. Azkar utzi zuten gaia albo batera.

Ildo beretik, eztabaida antolatzea, noizbait berriz antolatzekotan, britainiar Gobernuari dagokiola azpimarratu zuen Eadiek, Euskal Herrian ezaguna zaigun argudio bat erabiliz: «Erresuma Batu osoari eragiten dio eztabaida honek. Eskoziako independentziaren eragina eta ondorioak Erresuma Batu osoan sentituko lirateke, eta alde guztiek dute interesa gai horretan. Ez Eskoziak bakarrik».

Kasu hauetan gertatu ohi den moduan, alde guztiak pozik eta konfiantza helaraziz irten ziren Auzitegitik. Hala ere, ezin da lege arazo horien konponbide goiztiarrik espero. «Ahal bezain laster», esanez amaitu zuen Auzitegi Nagusiko presidenteak, baina asteak edo hilabeteak igaroko dira erantzun bat izan arte. Arazo politikoak, ordea, data bat ezarrita dauka: 2023ko urriaren 19a.