GARA
DONOSTIA

Atristainen espetxeratzea salatu dute Donostian

Sare Herritarrak Xabier Atristain kartzelatik ateratzeko eskatu zuen atzo Donostian. Auzitegi Nazional espainolak Lakuako Gobernuak emandako hirugarren gradua baliogabetu dio euskal presoari.

Sarek Donostian deitutako mobilizazioa.
Sarek Donostian deitutako mobilizazioa. (Jon URBE | FOKU)

Xabier Atristain donostiarra kartzelatik ateratzeko eskatu zuen Sarek atzo, Gipuzkoako hiriburuan egindako manifestazioan. Auzitegi Nazional espainolak Lakuako Gobernuak emandako hirugarren gradua baliogabetu dio Atristaini, nahiz eta Estrasburgok epaiketa justurik ez zuela izan ondorioztatu. «Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak gorrotoan eta mendekuan oinarritutako jarrera du», adierazi zuen.

Atristain ostiralean sartu zen berriro Martuteneko espetxean, Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartu egin baitzuen Fiskaltzak Lakuako Gobernuko Justizia Sailak emandako hirugarren graduaren aurka jarritako errekurtsoa.

Etxerat-ek kritikatu egin zuen erabakia, eta Atristainek hirugarren gradurako «baldintza guztiak» betetzen dituela esan zuen, baita Foro Sozialak ere. Sarek manifestazioa egin zuen atzo Donostiako Bulebarretik abiatuta, Atristainen espetxeratzea «Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren beste estropezu bat» dela iritzita. Ehunka pertsona bildu ziren hiriburuan “Etxerako bidean oztoporik ez; Atristain etxera” lelopean.

Besteak beste, Maddalen Iriarte Gasteizko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailea eta Reyes Carrere Donostiako Udaleko EH Bilduko bozeramailea izan ziren Donostiako manifestazioan.

«Auzitegi Nazional espainoleko Fiskaltzak gorrotoan oinarritutako jarrera du iraganari begirarazteko, eta hori ez dator bat azkenaldian presoen hurbiltzeari dagokionean ikusten ari garen urratsekin, ezta euskal esparru politiko, sindikal eta sozialean sortu den adostasunarekin ere», adierazi zuen Inaxio Oiartzabal Sare Herritarra plataformako eledunak, eta azpimarratu zuen euskal presoekiko «salbuespenezko legeak» desagertu egin behar direla.