Trussen plana baztertuta, Jeremy Hunt da «de facto» lider berria

Ez da giro Liz Truss lehen ministro britainiarrentzat. Ekonomia behin betiko zuzentzeko aurrekontuak aurkeztu zituenetik kolpeak bata bestearen atzetik jaso ditu. Korporazio handiei zergak jaisteko bere asmoak ekaitza sortu zuen, libera esterlina, bonu subiranoak eta bere onarpen politikoa hankaz gora jarriz. Merkatuek eman zioten zaplaztekoari herritarren bizi mailaren jaitsiera eta ziurgabetasun giro orokorra gehituta, horra ekaitz perfektua, Trussen sinesgarritasuna hutsaren hurrengo utzi duena.
Bere «plan ekonomiko izarra» berarekin batera diseinatu zuen Kwasi Kwarteng Finantza ministroaren dimisioa behartu zuen, horrekin bere burua salbatzeko flotagailua aurkituko zuelakoan. Alferrik, ordea. Jarraitu al dezake postuan bere plana goitik behera desegiten ari den bitartean? Britainiar prentsaren ustez, ez. Toryen gehiengo handi baten ustez ere ez. Eta galdera airean dabil: zenbat denbora geratzen zaio erori baino lehen? Izan ere, merkatuek badute txakur amorratuaren antzik: harrapakin ahula usaintzen dutenean, ez dute etsitzen hura ehizatu arte. Apustu etxeek argi daukate: Kwarteng-en bide beretik joango da Truss. Are gehiago, prentsan batere kontsolagarria ez den nolabaiteko errege-titulua eman diote: «Liz laburra».
Gauzak horrela, Trussek Jeremy Hunt hautatu zuen Kwartengen ordezko. Edo hobeto esanda, alderdi barneko presioak behartu zuen hautaketa. Erraz idazten da; azken lau urtean bosgarren Finantza ministroa izango da. Eskarmentu handikoa eta thatcherista moderatu gisa aurkeztua, Hunten lehendabiziko egitekoa Trussek sortutako kaosa zuzentzea izango da. Zenbakiek babesten ez zuten aurrekontua sinesgarri egitea. Izan ere, milaka enpresa desagertzear daudela eta energia-pobrezian bizi diren familiak bikoiztuta, Gobernua behartuta dago energiaren merkatuan eskua sartzera. Truss ez zegoen horren aurka, baina korporazio handiei zergak nabarmen jaitsiz, horrek diru publikoaren bilketan sekulako zuloa utziko lukeela jakitun, energiaren fakturei begirako dirulaguntzak emateko zorra handitu behar zen, nahitaez. Eta zenbakiek ez dute ematen, finantzen merkatua ez dago zor publikoa ordaintzeko bilioika libera esterlina emateko pronto.
«Truss plana ez da plana»
Jeremy Huntek atzo egindako agerraldian mezu hori jaurti zuen. Lehen ministroak aurreratutako neurri gehienak bertan behera utziko dituela iragarri zuen, eta horietan garrantzitsuena, korporazio handiei zergak %25etik %19ra jaistea iragartzen zuena. Politikan oso gutxitan ikusten da hori: Finantza ministroak lehen ministroari osoko zuzenketa egitea. Nola eutsiko dion Trussek, eta noiz arte, ikusteko dago. Benetan zeinek agintzen duen da egungo eztabaida.
Enpresen eta familien energia-fakturak ordaintzeko dirulaguntzak apirilera arte bakarrik hitzeman zituen Huntek eta ministerio guztiei dirua aurrezteko eskatu zien. «Erabaki zailak eta gehiengoaren gustukoak ez direnak» ere iragarri zituen; hots, murrizketa sozialak. Azken buruan, moderatua edo erradikalagoa, Jeremy Hunt Margaret Thatcherren ikasle eta jarraitzailea da, eta toryek betidanik defendatu duten diziplina fiskalaren aldekoa. Analista britainiar askoren ustez, bera da benetako liderra, autoaren argiek bide berrian geldi, noiz harrapatu zain, daukaten untxia dirudien Truss ez bezala, ekaitz garaiotan itsasontzia zuzendu dezakeen kapitaina.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
